Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
1997-11-23 Igorre Txapelketa [Bertsoa] / Igor Elortza, Aitor Mendiluze
1997-11-23 Igorre Txapelketa [Bertsoa] / Igor Elortza, Aitor Mendiluze
Neurria:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
I.Elortza
Gu aparato berdinarekin
aurkitu gara honela;
nik gogoan dut ehun mila pezta
ordainduak nituela,
ta honek berriz eskuratu du
erregalu bat bezela,
gero amak dio lapurren lagun
izatea txarra dela! (bis)
Mendiluze
Ez da izaten bizitzan ezer
ikasten ez den egunik,
ta negozio bat nola egin
gaurkoan ikasi dut nik.
Hala uste dezu baina nik ez det
lapur artean lagunik,
eta nork dio dendariak'e
lapurtu egin ez dunik? (bis)
I.Elortza
Pixkat lasaitze aldera nahi dut
banku batean eseri.
Lapurren lagun ez omen dela,
badauka nahiko aurpegi.
Gutxienean esaten ditu
behintzat hiruzpalau egi;
dendariak ere lapurtu egin du
baina kasu hontan neri. (bis)
Mendiluze
Beraz lapurtu egin dizute
eta ez zabiltza lasai;
dendan erosi dezu zuk baina
gutxiago ordaindu nahi,
eta nik berriz tipo azkar bat
kantoi batean neukan zai;
nik negozio ona egin det,
saldu didanak ere bai. (bis)
I.Elortza
Beraz guk lapur desberdinekin
hontan egin dugu paktu;
Aitor gogoan izan ezazu
egin duzula pekatu.
Honenbesteko diferentzirik
ezin nezake onartu!
Beste gauzarik ez dizut opa
ez dezala funtzionatu. (bis)
Mendiluze
Ibili edo ez traste berbera
ekarri degu etxera,
baina ikusi det zu inbiritan
nola zatozen atzera.
Hala ta guztiz zabiltza lasai
eta neronen antzera
berriz dendara joan baino lehen
rastrotik pasako zera. (bis)
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra