Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

1984-10-05 Oñati Jaialdia [Bertsoa] / Joxe Agirre, Xabier Amuriza, Imanol Lazkano, Jon Lopategi

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
1984-10-05 Oñati Jaialdia
Gai-emailea
Segurola, Nikolas
Bertsolariak / Egileak
Agirre, Joxe
Amuriza, Xabier
Lazkano, Imanol
Lopategi, Jon
Lana
Launaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Bertsolariak lehen desafioka ibili ohi ziren; gaur elkarri lorak botatzen ibiltzen zarete. Beraz, gaur, elkarri desafioka eraso behar diozue bi gipuzkoarrek eta bi bizkaitarrek.

Deskribapena

Doinua
Kantore berri xarmant batzuek
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Herri Irratia - Gipuzkoako Foru Aldundiko Funtsa

1984-10-05 Oñati Jaialdia [Bertsoa] / Joxe Agirre, Xabier Amuriza, Imanol Lazkano, Jon Lopategi

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


Lazkano: Aspalditxoan ez ginun egin
gisa hontako jardunak
bainan jokoa beti gogozko
izan degu euskaldunak
eta gaur ere egingo du bai
hemen ahal duna ahal dunak
ta hemen aurki ikusiko da
nor geraden txapeldunak. (bis)

Amuriza: Gure Lazkano hasi da eta
kolpea jo du konpleto
pentsatzen baitu daudela hemen
Bizkaian baino hobeto
nor txapelduna izango ete dan
hemen kontuz egoteko
baina bururik ekarri al dek
txapela eramateko? (bis)

J. Agirre: Fraile gona ta apaiz izanak
daude asko ikasita
gizon argiak dirala biak
garbi dago ikusita
dotore daude txapela ere
bi aldiz irabazita
guk zer egingo degu Lazkano
gaur hauen aurka hasita? (bis)

J. Lopategi: Zer eingo duten ez dakit baina
ez zaizkigu mantso jarri
harrokerian hasi ohi danak
bukatzen du parragarri
txapelduna nik ondoan daukat
neu ere ez nago larri
Bizkairako zen txapela eta
ez degu honuntz ekarri. (bis)

Lazkano: Nahiz ta gaztetan fraileen kontura
ikasi eta mantendu
bikote honek beraien kontra
sarritan hitz egiten du
bertsotan ere holako zerbait
ez al dute nabarmendu?
Gipuzkun gizon egin ginuzen
ta gero txapela kendu. (bis)

Amuriza: Lazkanok berriz ere bota du
igual damutuko zako
ni baino gehio janda dago ta
ez da gizona hain plako
Donosti hartan txapeldun jarri
ninduten ni oso bapo
Gipuzku aldean txapelarentzat
bururik ez zegolako. (bis)

J. Agirre: Bizkaitar hauek zer martingala
erabilitzen dituzten
oso itsua ez dan batentzat
ez dago zaila ikusten!
Bestela nahiko lanak baziran
hor txapela irabazten
ta azkenean juraduak'e
erosi egin zituzten. (bis)

J. Lopategi: Gipuzkuarrak ziren juezak
hori esan det askotan
baina itxura zegoenetik
guziak zebiltzen lotan
han Gipuzkua ta han Bizkaia
erdia Oñati hontan
Bizkai aldetik ekarri behar
gizonik izatekotan. (bis)

Lazkano: Neronek ere aitortutzen det
dala bikote gogorra
baina nere ustez eman diote
gizonikan hainbat honra
bata bizarrez jantzia dago
motxaile tipo jatorra
besteak ez du bizarrik baina
arpegia bai gogorra!. (bis)

Amuriza: Guk ez daukagu hainbeste
fallo mankuan ta herrenian
aurpegian ta bestela ere
gaur gaude gogorrenian
Lazkano lasai habil hi heure
probintzia barrenian
horrelakorik ez dek esango
Bizkaira hatorrenian! (bis)

J. Agirre: Ni ez naiz kapaz eta hobe dut
tituluari uztea
Lazkanok ere ez du mesede
petralkerian hastea
bainan hor dira Xebastian ta
gure Eguzkitze gaztea
nik espero dut txapela laister
Azpeitian ikustea. (bis)

J. Lopategi: Beraz oraindik Azpeiti horrek
badaduzka zenbait grado
Lazkano eta Agirrerekin
gazteak sendo ta brabo
baina sustraia nola jarria
aurkitutzen den lehenago
orain txapeldun gerade behintzat
geroa ikusteko dago. (bis)

Lazkano: Bertsolaritzan adar jotzeak
badu hoinbeste grazi-ta
gaur bizkaitarrei jo nahi diogula
utzi da adierazita
bainan bi hauek lotsarik zer dan
ez digute ikasi-ta
geronek lotsa beharko degu
hauek lotsatzen hasita! (bis)

Amuriza: Azpeitiarrak eman digute
beren Azpeitiko parte
lotsagabeak gerala ere
hitz zakar batzuk bitarte
bart Imanolen etxean nengon
ate jotzen ni jo ta ke
han lotsarikan zegon galdetu
eta ez zeguan bate. (bis)

J. Agirre: Lotsa kontuan sartu gerade
batere ez degunean
ta lehendabizi erreparuan
ni beltzaren esanean:
aitortu digu txapeldun jauna
daukala aldamenean
ta Lopategi han gelditu zan
jantziko zukeanean. (bis)

J. Lopategi: Sentimentua sortu nahi al du
horrelako esanean?
Han lau bizkaitar azaldu ginan
gu sekulako planean
eta bakarra gelditu behar
beste guztien gainean
nere burura pasatuko da
hau aspertutzen danean. (bis)

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra