Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
1999-01-29 Bilbo Lagun-artekoa [Bertsoa] / Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio
Bertsoa entzun |
1999-01-29 Bilbo Lagun-artekoa [Bertsoa] / Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio
Neurria:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Iturriaga:
Gure arteko maitasun honi
bide bat jarri beharko,
edo zubi bat bide batekin
inora ez goazelako.
Heldu nahi zaitut, laztandu nahi ta
beti ateratzen da txarto,
ni atzo heldu nintzelako ta
zu bihar zatozelako. (bis)
Lujanbio:
Nahiko maitasun, nahiko desio
nahiko gogo, nahiko fede;
hain hurbil eta aldi berean
gu biok hain urrun gaude;
zu izan zinen, ni izango naiz,
baina ez batzea hobe,
ez zu ta ez ni gaur egunean
ez gara ezertxo ere. (bis)
Iturriaga:
Elkarrezinak batuak gaitu
gaurko honetan gu hemen,
Romeo eta Julietan gisan
hau ezinezkoa omen.
Zuk nire aldean bentajatxo bat:
geroa duzu bederen;
zuk badakizu zer izan naizen
ta nik ez dakit zer zaren. (bis)
Lujanbio:
Arrazoi dezu, ze izango naizen
ezin dezakezu jakin;
ze izan zinen nik ondo dakit:
oroitzapen bat behinepin.
Ez zait samina maitemintzea
etorkizun hurbilakin,
okerrago da maitemintzea
aldegin duenarekin. (bis)
Iturriaga:
Gu omen gara gero historiak
izango ditun bi zati,
baina zuk ez ta nik ere ezin
hortan ezer erabaki.
Gaur eguna da gure artean,
zertan dabilen badaki
eta txarrena hirugarrenak
agintzen duela beti. (bis)
Lujanbio:
Iragana ta etorkizuna,
oroitzapen ta eredu,
elkarrengandik beti hain hurre,
beti hain hurbil gaude gu;
ia bat gera baina elkar uki
sekula ezin dezakegu,
gaur egunaren korapiloa
beti tartean baitegu. (bis)
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra