Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2003-01-10 Ondarroa Berezia [Bertsoa] / Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2003-01-10 Ondarroa Berezia
Gai-emailea
Uribe, Kirmen
Bertsolariak / Egileak
Iturriaga, Unai
Lujanbio, Maialen
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
"Taberna. Esnatu txarrekoa zen oso. Batzuetan, orduak ematen zituen mundua onartzen. Horregatik, nahiago zuen gosaldu errepideko taberna hartan, non inor ez zen atsegina. Izaki zakarrak hurbiltzen ziren bezero, begietan biharamuna zutela, eta nagusiak kafea kikaratik at isurtzen zuen, inolako barkamenik eskatu gabe. Eginez gero barregarria zatekeen, ehun kilo baino gehiago pisatzen baitzuen gizonak. Jabez aldatu zuten lokala. Ugazaba berriak galderak egiten zituen irribarretsu. Ez itzultzea erabaki zuen". Manuel Rivas idazle galiziarraren poema bat zen hori. Galizian laminei "meigas" deitzen diete. Meigen artean ederrenak, eta era berean arriskutsuenak, "as mouras" dira. Moura mairutik dator. Baina berbak berak esaten ez badu ere, ez dira larruazal beltzekoak, rubiak eta begi argidunak baizik. Halako laminek madarikazio bat dakarte, jartzen dizuten zigorra edo madarikazioa gauza bitxi bat da: sekretu bat kontatzen dizute, eta sekretu hori ezin diozu inori esan; esaten badiozu, hil egingo zara. Bata lamina izango da eta bestea sekretua jaso duena.

Deskribapena

Neurria / Estrofaren izena
Hamarreko txikia (hg) / Bost puntuko txikia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2003-01-10 Ondarroa Berezia [Bertsoa] / Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio

Neurria:  Hamarreko txikia (hg) / Bost puntuko txikia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


M. Lujanbio:
Gizon hau nere albotik
pasatzen da usu
mila arraien karraio
portura jo ta su...
Oihu egin nahi diot
beti "Aizu, aizu
arrokatan ezkutun
hementxe naukazu
nere kantu doinua
entzuten al duzu?".

U. Iturriaga:
Alde banatan deukot
nik belarri bana
eta bai entzuten dot
ai moura laztana
beharra badot eta
entzuteko esana
kontaidazu apur bat
baina ez kontau dana
erdi hilda egotea
da nik nahi dodana.

M. Lujanbio:
Ikusten zaitut nola
poliki zatozen
ikusiko gaituzte
ez hitz egin ozen.
Sekretutxo bat daukat
hasi naiz kontatzen:
aizu ba al dakizu
egi bat hain zuzen
itsaso haundi zabal hau
behin nola sortu zen?

U. Iturriaga:
Galdera gatz xamarra
deukozu aukeran
baina erantzungo deutsut
nik dakidan eran:
nik ez dot ez sinisten
ez Adan ez Eban
nik ez dakit bizia
zeinek eutson eman
nik neuk bakarrik dakit
zelan desegin dan.

M. Lujanbio:
Nere ondotik pasa da
gizonezko andana
inor ez da hurbiltzen
sekula nigana
hargatik aspaldi naiz
negarrai emana
jakizu itsasoa
hortik sortu zana
lehenbizikoa zera
hurbildu zerana.

U. Iturriaga:
Hurbildu naz ta bertan
hemen nago jada
damutzeko berandu
dogu beharbada.
Itsasoaren dama
ai moura zu zara
eta orain zelan joan
jakun pikutara
zerua ikusi nahi dot
besterik ez bada!

M. Lujanbio:
Sekretu bat daukazu
zeru ta lurretan
beste inork ez dakina
mundu zahar honetan.
Itsasoa sortu zan
beraz modu horretan
ez ezazue galdu
zuen zakarretan
edo itoko zerate
zuen negarretan.

U. Iturriaga:
Lehendik be badakigu
zer dan itotzea!
Guk itsasorik barik
alperrik etxea!
Eskertzen deutsut berba
horrek eskaintzea
kostako jat sekretu
zahar hau mantentzea!
Kontatzea izango da
plazerrez hiltzea.

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra