Biografiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Haritz Mujika

Datu pertsonalak

Izena
Mujika, Haritz
Izen abizen osoak
Mujika Lasa, Haritz
Jaiotza
1995 Asteasu + Asteasu < Tolosaldea < Gipuzkoa < Euskal Herria

Bertsolaritzan

Jarduera mota nagusia
Bertsolaria
Jarduerak
Bertso irakaslea
Eragilea

Datu biografikoak

Biografia
Majisteritzan graduatua. 2015etik, bertso eskoletako irakasle moduan aritu da lanean eta 2019az geroztik, Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkargunea Elkarteko koordinatzailea da.
Hizkuntzarekiko zein ahozkotasunarekiko zaletasuna txikitatik izan arren, eskolatik eta osabarengandik jasotako bertsozaletasunak bultzatuta izena eman zuen Asteasuko bertso eskolan, zortzi urterekin. Amaia Agirre izan zuen, orduan, irakasle. Umetan, eskolarteko bertsolari txapelketa ugari irabazi zituen, bai idatziz, baita bat-batean ere.
Nerabezaroan, Andoain zein Tolosako bertso eskoletako kide izan zen eta 2014tik, Tolosaldeko Bertso Eskola Ibiltariko partaide da. Epealdi horretan, bat-bateko zein idatzizko hainbat bertso sariketa irabaztea lortu du, hala nola; Lizardi, Osinalde zein Erniarratz bertsolari sariketak edota Otaño eta Basarri bertso-paper lehiaketak. 2015 eta 2019an Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan parte hartu du, bigarren horretan, finalaurrekoetara iritsiz.
Lehen plaza: 2010az geroztik lagunarteko hainbat saiotan kantuan aritu arren, esan daiteke lehenengo plaza 2014ko uztailaren 7an egin zuela, Aiako San Pedro auzoan, Iñigo Mantzizidor “Mantxi, Iñaki Gurrutxaga eta Martin Rezabal “Olaso”rekin batera.
Bertsolari moduan aritzeaz gain, Harituz Bertsozale Taldeko sortzaile eta zuzendaritza kide da 2012az geroztik. Sorkuntzaren alorrean, kolaboratzaile gisa aritu izan da Atarian eta Aiurrin batik bat, eta baita Bertsolari aldizkarian ere. Horrez gain, zenbait testu ere sortu izan ditu trikitilari bikote zein musika talderentzat. Berriena, Aurrera Asteasu abestiaren letra. Idazle gisa, Aiztondoko gutun lehiaketa irabazi zuen 2017an eta 2016 eta 2018an lehiaketa berean saritua izan zen.

Bertsolaritzan lehen pausuak

Lehen plaza
Aisterrazun, 2014ko uztailaren 7an. Mantxi, Iñaki Gurrutxaga eta Olasorekin batera.