Biografiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Jose Alberdi "Txo"

Datu pertsonalak

Izena
Alberdi, Jose "Txo"
Izen abizen osoak
Alberdi Astarloa, Jose Agustin
Jaiotza
1922 Iurreta + Iurreta < Durangaldea < Bizkaia < Euskal Herria
Heriotza
2014 Durango + Durango < Durangaldea < Bizkaia < Euskal Herria

Bertsolaritzan

Jarduera mota nagusia
Bertsolaria

Datu biografikoak

Biografia
"Iurretan jaio nintzan 1922an, abuztuaren 2an.
Ertzilurrutiko etxe honek hiru bizi-leku zituan eta hirurok senideak ginen. Baserria benetan zabala zan, bista ederrak eukazan. Kaminoa be Durangorako bostehun bat metrotara eukan eta Iurretako eliz ondora beste hainbeste. Etxe aurreak labrantza erabiltzen ziran eta atzekaldeak danak ziran pago eta aretx. Baziran urki eta gorosti batzuk be. Proba-lekua eta bolatokia be baeukazan; han emoten eben gure aurrekoek denpora, batean proban eta bestean bolan.
Gure lurrak guztiz gogorrak ziran, izan be buztin lurrak ziran. Goldeaz bueltatzeko lau ganadugaz egin beharra egoan. Gure aitak esaten ebanez, hiru aro egozan egunean; goizean goldekatu eta apurtu, eguerdi inguruan onda astindu eta arratsaldez tokor lur horreek erabiltzea ez zan txantxetakoa. Han hartzen ziran artaburuak ikusgarriak izaten ziran. Makina bat talo eta arto egositako jan genduan sasoi haretan. Gure baserri horrek, aurrekaldean, labea eukan eta bertan egiten genduan asterako labasua. Arto labaldia atara ondoren, sara (zesto) bete sagar botatzen genduan. Gaur be ahaztu barik ditut ondino sagar apotra hareek.
Gaur aldatuta dago lehenagoko gure etxaldia. Han ziran arboladiak bota ebezan, hango perretxikuak amaitu ziran betirako. Makina bat perretxiko batu genduan saparrotan etxearen atzera urten ezkero. Horrenbeste batzen genduan, saldu be egiten genduzala. Gure auzoko andratxo bat egunero joaten zan Bilbora eta berari saltzen geuntsozan. Nahiz eta askorik pagau ez, gozotarako lain ateratzen genduan"

"Bertsolari Eguna 1990" liburutik. Bere biografia: http://ttiki.com/124625

Bertsolaritzan lehen pausuak

Lehen plaza
San Jose egunez. Eibarren txapelketa zela eta Felix Bikandi eta bera joan ziren. gai jartzaile Basarri eta uztapide ziren eta txapela Joxe Lizaso atera zuen

Argitalpenak

Argitaratutako liburuak
Bertsolari Eguna 1990 : Jose Alberdi eta Basilio Pujanaren omenaldia. Donostia: Euskal Herriko Bertsolari Elkartea, 1989.
Ekoizpen oharrak
Lagun arteko bertsolaria batik bat. Hala ere, bere bertsogintzaren kalitatea epaitzen hasi gabe, gerra osteko garai zailetan Bizkaiko bertsolaritzaren euskarrietakoa izana da bere meriturik nabarmenena; beroni eta beronen garaikide bizkaitarrei (Balentin Enbeita, Pujana, Etxebarria, Ormaetxea, Kastrejana ...) zor zaie Bizkaiko bertsoaren suari bizirik eutsi izana.

Basarrirekin bi bertso kantatua da Iurretako plazan 1949 edo 1951an.

1990ean Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak Basilio Pujanarekin batera omendu zuen.

Beste lanak

Bertso jarri ezagunenak
Euskarak alkartuko al gaitu (Ibaizabal aldizkaria , 1982)