Biografiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Juan Inazio Iztueta

Datu pertsonalak

Izena
Iztueta, Juan Inazio
Izen abizen osoak
Iztueta Etxeberria, Juan Inazio
Jaiotza
1767 Zaldibia + Zaldibia < Goierri < Gipuzkoa < Euskal Herria
Heriotza
1845 Zaldibia + Zaldibia < Goierri < Gipuzkoa < Euskal Herria

Bertsolaritzan

Jarduera mota nagusia
Bertso-jartzailea

Datu biografikoak

Biografia
Hogeita hiru urte zituela ezkondu zen lehen aldiz, Joaquina Linzoain urnietarrarekin. Handik hamabi urtera alargundu zen. Zergatiak garbi agertzen ez badira ere, kartzelan egon zen 1801-1807 urte bitartean, agi danez lapurketa bategatik edo, beste zenbaiten ustetan, haur hiltze batean laguntzaile izateagatik. Ezaguna dena da Kontxesi Bengoetxea ezagutu zuela, bi haur hiltzeagatik kondenatua hura, eta harekin maiteminduta 1808an ezkondu zela. Frantsesen kontrako gerran frantziarren aldeko jarrera izan zuen, frantsestu gisa, eta ogasun alorrean karguren bat izan zuen Donostian. 1815az gero, eta aurreko garai ilun haien ondoren, Donostian izan zen Iztueta literatura lanetara emana. Bigarren aldiz alargundu eta 1828an hirugarrenez ezkondu zen Asuncion Urruzola zizurkildarrarekin. Donostiako Lur Ateko zaindaria izan zen garai hartan, eta kartzelako alkaide ere izan zen. Bizitzako azken urteak Zaldibian pasa zituen, gazteei dantzak irakasten.

Argitalpenak

Argitaratutako liburuak
Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira (1824)
Guipuzcoaco provinciaren condaira edo historia (1847 , hil ondotik argitara emana)
Argitaratugabeak eta azterlanak
ELOSEGI, J. Juan Ignacio de Iztueta Echeberria (1767-1845). (1969)
GARMENDIA ARRUABARRENA, J. Olerkiak I. (1968)
GARMENDIA ARRUABARRENA, J. Olerkiak II. (1978)
Ekoizpen oharrak
Iztuetak eman zituen bere liburuetan ezagutzen diren lehen bertso-apostuei buruzko berriak. Ez zaio ezagutzen Iztuetari goi mailako ikasketarik. Berak esaten du, gainera "gizon lego eskolatu gabeko jakin-ez bat" zela; hala ere, idazkietan jakintza maila nahiko handia erakusten du. Kartzela garaikoa da Kontxesiri izeneko bertso saila, gerora entzute handikoa izan zena (1801-1807). Donostiako udaletxeak agindu zion bil zitzala ahal zituen dantza eta dantzarako musika gehienak, artxiboetan gordetzeko eta gazteei erakusteko.Lan horren ondorioz, argitaratu zuen Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia beren soñu zar, eta itz neurtu edo versoaquin. Baita berac ongui dantzatzeco iracaste edo instruccioac ere liburua (1824).Horregatik hartzen da Iztueta lehen folkloristatzat. Bere lanetan euskara eta dantzen alde ihardun zuen, orduko dantzen kontra aritzen ziren apaizekin eztabaidan sartuta. Horren lekuko da Juan Jose Mogeli idazten dion gutuna, Fray Bartolome Santa Teresaren kontra: "Carta eguiten diona D. Juan Ignacio Iztuetac apez D. Juan Jose Mogueli, aita beacurtsu fraile Santa Teresacoac Plauto euskaldunaren icenarequin izquidatu duen obrachoaren gañean. Ceña arguitaratu duen Moguel berac (1829)". Guipuzcoaco provinciaren condaira edo historia (hil ondoren, 1847an, argitara emana) da bere lanik garrantzitsuena. Liburua bi zatitan banatuta dago: lehen zatian orduko Gipuzkoako ohiturak, bizimodua, animaliak, landareak, ibaiak eta abar deskribatzen ditu; eta bigarrenean, berriz, Zaldibiako Batxillerraren Suma-ri jarraituz, eta Zamacolaren Historia de las naciones vascas plagiatuz, gipuzkoarren gudu eta gatazken kontaketa bat egiten du.

Beste lanak

Bertso jarri ezagunenak
Kontxexiri