Biografiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Joan Ignazio Odriozola "Aizarna"

Datu pertsonalak

Izena
Odriozola, Joan Ignazio "Aizarna"
Jaiotza
1874 Errezil + Errezil < Urola Kosta < Gipuzkoa < Euskal Herria

Bertsolaritzan

Jarduera mota nagusia
Bertsolaria

Datu biografikoak

Biografia
Zazpi senideko familia bateko semea zen Joan Ignazio (1874-06-12). Senide denak Errezilen jaio ziren, gazteena izan ezik. Izan ere, Joan Ignazio jaio eta handik pixka batera, familia Aizarnara etorri zen bizitzera, Anatxaranberrira. Han jaio zen Maria Petra Alberta (1878), gazteena, baina handik gutxira Itzirazabalera (gaur egun, Itziraundi) joan ziren denak

Bizkaia aldera joan zen bi anaiekin eta Bilbon ezkondu. Emaztea, Hermenegilda Unzueta, Aramaiokoa zen. Bilbon izan zuten lehenengo semea, Jose Florentino (1903); Axpen hurrengoa, Maria (1906), eta Arratzolan beste hirurak: Karmen (1908), Felipe (1910) eta Timotea (1912).

1926an, Eibarrera etorri ziren bizitzera Joan Ignazio eta familia, eta Tutulu baserria erosi zuten; 14 urte lehenago aireplano erakustaldia egin zen baserri hura bera. 1948an, etxe berria eraiki zuten beren lursailen beheko aldean, eta “Aizarna” izena jarri zioten etxeari.

Bertsolari ospetsua izan behar zuen Aizarna. Orduko bertsolari handienekin ibilitakoa, besteak beste, Pello Errotarekin (1840-1919), Txirritarekin (1860-1936), Frantsesarekin…

Aizarnaren bertsogintzari buruz guk aurkitu dugun lehen aipamena 1903an gertatutakoa da: Getxoko txapelketa. Handik urte batzuetara, Balendin Enbeitak oroitzen du bere aitak –Kepa Enbeitak, garai hartan “Gernika” esaten ziotenak eta gerora “Urretxindorra” goitizenez ezagunagoa egingo zenak– hartu zuela parte txapelketa hartan eta beste lau bertsolari gipuzkoarrak zirela: Txirrita, Pello Errota, Frantzesa eta Aizarna (Bizitzaren joanean, 1986).

Aita Santi Onaindiak, berriz, zazpi gipuzkoar zirela han, esaten du Urretxindorraren biografian (1878-1942). Berari utziko diogu pasadizoa kontatzen, bere bizkaitar hizketa ederrean. Irakurlea hobeto kokatzeko, Pello Errotak 63 urte edukiko zituen orduan, Txirritak 43 urte; Aizarnak 29 eta Enbeitak 25.

Hara, bada, zer dioen Onaindiak: “Itxas-egaleko Santurtze ta Algorta bitartean, Ondarreta’n, bertsolari-sariketa antolatu zan; ain zuzen, lendik be adiskide eban Zelaya zan eratzalea. Gipuzkoarrak ziran etorteko, Txirrita tartean zala; eta, ziñuenez, arrosko samar etozan: Bizkaitik iñok baeban arpegirik ara urteteko, laster itxiko eben ring’etik kanpo. Zelaya’k Kepa’ri: ‘Ezagutzen al dok Txirrita?’ ‘Ez, ba; entzutez bez.’ ‘Orduan ez adi agertu; emen dituk Txirrita ta gipuzkoar onenak eta, eurak diñuenez, bizkaitarra mutu geldituko ei dok irugarren bertsorako.’ ‘Bai, neure ustez be onenak dozak; baña mutu izte ori lartxu esatea dala deritzat.’

‘Zer, orduan?’ ‘Begira; nik beti nai ixan yoat neu baño geyago diranakaz neure indarrak neurtzea. Ikusi egingo yoagu.’

–Ta?

–Zazpi gipuzkoar ziran eta bizkaitar bat. Muxika’koak, [herri horretakoa zen Enbeita], asi aurretik, oitura eban lez, iru Agur Maria esan ebazan buruz. Ekin eutsoen, bai batzuk bai bestetzuk. Zazpiren artean ondo arakatu ta astindu eben bizkaitar bertsolari gaztea. An zan Aizarna zirilariak, batez be, gai aldrebes bat jarri gura izan eutson; seme bat eukon onek urte ta erdira eltzen etzana, ta Aizarna’k –bere semiantzat nobiya bear daula-ta– bertso batzuk eskatzen dautsoz. Kepa’k onela:

Zenbat persona dauzan
Ainbeste jeniño,
Aizarna’n errazoya
Aundi dok orraño:
Semiantzat nobiya
Bear daula diño;
Urte beta ta erdi
Ez ei dauz ondiño…
Sopak oba leukezak
Nobiyia baño.

Eta, txalo-zarta etenbagako ostean, bizkaitar gazteari, bertsolari naiz ostantzeko, txapelak erantsi bearrean aurkitu ziran.” Horrela bada, lehen saria Kepa Enbeitari eman zioten eta Txirritari bigarrena.

1903ko txapelketa hartaz geroztik ezer gutxi topatu dugu, baina pentsatzekoa da Aizarna plazaz plaza (edo tabernaz taberna) ibiliko zela kantari; Gerra aurreko aipamenek garbi adierazten dute hori.

1930ean, berriro txapelketa eratu zen Getxon, eta orduan txapeldun Balendin Enbeita (1906-1986) izan zen eta bigarren Aizarna (Argia, 1974ko urtarrilaren 27a / Fredi Paia, Gerra garaiko Uribe Kostako bertsolariak…, UK, 193 zbk.).

Azkenik, merezi du irakurtzea Euzkadi egunkariak, 1933ko abuztuaren 27an, dakarren aipamena; bertsotan gainera. Eusko Jaiak Areition. Egun zoragarria izan behar zuen: “Egunik ederrena Jaunak euskun egin / Laño barik, ozkarbi, goyak urdin-urdin. / Mendi-ertzetik gorantz, igon zan eguzkijak / Argituten ebazan inguru gustijak”. Iurreta, Durango, Berriz eta Zaldibar, Elgoibar, Soraluze, Mendaro, Eibar, Ermua… mila tokitatik joandako jende izugarri, antza denez. Festa handia izan omen zen dultzaina, ttun-ttun eta txistulariekin; baita dantzari “mutil bikain indartsu eder ikasiak” ere zelai zabalean. Bertsolariek bazkal aurretik eta ondoren kantatu omen zuten: “Batzarra be asi zan laurak inguruan / Zelaya euzkeldunez bete zan orduan. / Aizarna’k ta bestatek mai baten ganian, / Gitxienetik iru ordu laurenian, / Ekin eutsen neurtitzak egiten alkarri, / Entzuliak txalo joten eutsezala sarri.”

Iturria eta informazio gehiago: Arzallus, Fernando. "Aizarna bertsolaria" in Dabolin, 2016-02-01. http://danbolin.eus/aizarna-bertsolaria ]
Argazkia: Ojanguren, Indalecio. Guregipuzkoa.net. http://tinyurl.com/mmp7p4m