Biografiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Iparragirre

Datu pertsonalak

Izena
Iparragirre (1820-1881)
Izen abizen osoak
Iparragirre Balerdi, Joxe Mari
Jaiotza
1820 Urretxu + Urretxu < Goierri < Gipuzkoa < Euskal Herria
Heriotza
1881 Itsaso (G) + Itsaso (G) < Ezkio-Itsaso < Goierri < Gipuzkoa < Euskal Herria

Bertsolaritzan

Jarduera mota nagusia
Bertso-jartzailea

Datu biografikoak

Biografia
Urretxun jaio zen 1820an. Zerainen egon zen haur garaian, osaba baten etxean, gaztelania eta gramatika ikasten eta Gasteiza bidali zuten, hamaika urte zituela, apaiz ikasketak egiteko.

Hamahiru urte zituela, Madrila joan zen familiarekin batera, eta hango jesuiten ikastetxe batean egon zen zenbait hilabetez, Lehen Karlistada hasi zen arte. 1834an etxetik alde egin eta, Euskal Herrira itzuli ondoren, Gipuzkoako batailoi karlista batean soldadu aritu zen. Gerra garaian hasi zen gitarra jotzen, kantari eta bertsotan. 1835ean zauritu zuten Arrigorriagako guduan eta Karlos erregegaiaren soldadu zaindari izateko izendatu zuten ondoren. Bergarako Hitzarmena onartu ez eta Frantzia aldera jo zuen 1839an; frantsesa ikasi zuen ondoko urteetan. 1848. urteko iraultzan parte hartu zuen; agidenez La Marseillese ereserkia kantatzen zuen barrikaden artean, eta Napoleon III.aren gobernuak Frantziako lurraldetik kanpo ezarri zuen, arriskutsua zela-eta.

Suitzan, Italian eta Alemanian barrena ibili ondoren, Londresa iritsi zen 1851an eta han egon zen 1853an Hego Euskal Herrira itzultzeko baimena eman zioten arte. Urte hartan ondu zuen bere Gernikako Arbola ospetsua eta euskaldunak bildu ohi ziren Madrilgo San Luis ostatuan kantatu zuen lehenbizikoz kanta hura.

Iparragirreren jardunari guztiz arriskutsua iritzi zioten Espainiako gobernari liberalek eta berriro egotzi zuten estatutik 1855ean. Ameriketara jo zuen orduan eta Buenos Airesen ezagutu zuen andre gipuzkoar batekin ezkondu zen han. 1878an itzuli zen Euskal Herrira eta omenaldi asko egin zizkioten arren, guztiz pobre bizi izan zen hil zen arte.

Iparragirre historiako euskal kantari ezagunena eta kantatuena izan da. Bere Gernikako Arbola kantuak hego eta iparraldeko euskaldunen ereserki itxura hartu zuen berehala eta horrela jarraitu du XX. mendean ere. Bestalde, guztiz ezagunak dira Iparragirreren beste kanta asko ere: Ume eder bat, Zibillak esan naute, Gitarra zartxo bat da, Nere etorrera lur maitera, Ara nun diran, Nere andrea eta abar.

Informazio gehiago Euskal Wikipedian: http://eu.wikipedia.org/wiki/Jose_Maria_Iparragirre

Beste lanak

Bertso jarri ezagunenak
Gitarra zartxo bat; Ume eder bat; Zibillak esan naute; Nere etorrera lur maitera; Ara nun diran; Nere andrea

Lore Jokoak:
1876, Nere herriko gazteari;
1879, Nafarroako alkarkidari.