Biografiak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
Xanti Iparragirre
Datu pertsonalak
Bertsolaritzan
- Jarduera mota nagusia
- Eragilea
- Jarduerak
-
Bertso-eskola sortzailea Bertso irakaslea Bertso-jartzailea Bertsolaria Epailea - Jarduerei buruzko azalpenak
- Bertso-eskola sortzailea eta irakaslea: Almen ikastola eta Apotzaga, Eskoriatza, 1974-1981
Ipar Euskal Herriko ikastoletan, bertso irakasle: Uztaritze, Baiona, Angelu, Arrangoitze, Azkaine, Donibane-Lohitzune, Kanbo eta Senpere (1982-1987)
Bertsolaria; taxapelketa eta sariketetako parte-hartzeak:
Gipuzkoako txapelketak, 1959, 1962, 1964 eta 1966: kanporaketa
Nafarroako Txapelketa 1985 eta 2002: kanporaketa
Lapurdiko txapelketa 1987 : kanporaketa
Bertsu liga 2002
Loiola Herri Irratiko saria: 1969
Apotzako saria (Leintz bailarako saria): 1980 eta 1981
Zepai saria (Idiazabal): 1974
Epaile:
I. Errexil saria: 1994
Bertsulari Gazteen Xapelgoa: 2000 eta 2001
Datu biografikoak
- Biografia
- Errentariko Añarbe baserrian jaio zen 1939ko uztailaren 25ean. Baserri hau, gerora baserriaren izena hartu zuen urtegia egiteko urperarazi zuten 1970ko hamarkadaren hasieran.
Gerra ondorengo garai zailak bizitzea egokitu zitzaion. Ez zuen eskolara joateko aukerarik izan eta berekasa ikasi zuen irakurtzen eta idazten. 1958an ezkondu eta Eskoriatzara joan zen bizitzera. 1981ean, Ipar Euskal Herrira ihes egin behar izan zuen ETA erakundearekin zuen harremana zela-eta eta bertan bizi izan zen urte luzez herri eta toki desberdinetan, bolada luze batean, izkutatuta: etxez etxe, ezkutalekutik ezkutalekura, ibili behar izan zuen 1987tik 1997ra. Ez zuen itzultzerik izan 2003ra arte.
Haurren bertso-eskola mugimenduaren sortzaileetakoa izan zen Patxi Goikolea eta Joanito Akizurekin batera. Eskoriatzako (Gipuzkoa) Almen Ikastolako gurasoak ziren eta beraiei zor zaie lehen urrats hori: bertsozaleak ziren hirurak, etxeko transmisio etena atzematen hasiak ziren eta hutsune hori betetzeko ahalegina egin nahi izan zuten: bertsozaletasuna sortu nahi zuten bailaran. Honela deskribatu zuen Joanito Akizuk: "Xanti bertsolaria zen nahiz eta ahots txarrekoa izan, baina bertsolari sakona, zeukan kulturarako txapela kentzekoa". Ez zuten erreferentziarik, ez jarraitzeko eredurik ere, baina ideiarekin aurrera egitea erabakirik, 1974an jarri zuten abian egitasmo aitzindari hau, arrakastatsu: Almeneko zuzendaritzari eta gurasoei proposamena luzatu zien eta, ondoren, larunbat goizetan hasi ziren haur taldeekin biltzen; 125 ikaslek eman zuten izena lehen deialdian. Metodo eta jarraibide argirik gabe, beraien artean Abel Muinategiren laguntzaz egindako gida bati jarraituz hasi ziren: bertso zaharrak kantatu, doinuak ikasi, ondo pasa ... Gogo berezia zutenak Apotzagako (Eskoriatza, Gipuzkoa) "Hauzo Etxe" elkartean biltzen hasi ziren gero eta, poliki-poliki, bat-batean trebatzen. Inguruetako herrietara joaten hastea izan zen hurrengo pausua ikasitako bertsoak kantatuz, jendaurrean trebatuz. Erreferente bihurtarazi zituen bertsolari uzta aberatsa ekarri zuen eskola horrek: Jon eta Aitor Sarasua, Arantzazu Loidi, Jon Iñaki Izartzelaia, Felix Iñurrategi, Danel Goikolea ... batzuk aipatze arren.
Zabalkunde azkarra izan zuen Almeneko talde honen proposamenak, Xabier Amurizak garaitsu horretan gizarteratu zuen bertsotan ikasteko metodologiak indartuta. 1980ko hamarkadaren hasieran, Almeneko taldeak egindako eskaerari helduz, Gipuzkoako Ikastolen mugimenduak bereganatu zuen proiektua lurraldeko Foru Aldundiak babestuta, lurraldeko eskoletara zabaldu, indartu, sendotu eta egonkortzeko: mugimendua koordinatzeko liberatua (Mikel Mendizabal), material didaktikoak, ikasle topaketak eta eskolarteko txapelketak ekarriko zituen horrek. 1981ean antolatu zuen Gipuzkoako Ikastola Elkarteak lehen Eskolarteko Txapelketa eta Almenekoentat izan ziren bat-bateko bi sari nagusiak: Jon Iñaki Izartzelaia izan zen txapelduna 13 urte artekoetan eta Jon Sarasua 13-16 bitartekoetan, eta idatzizko ia guztiak. Indar handia hartu zuen Gipuzkoan abiatu zen mugimendu honek, eta euskal lurralde guztietara hedatu zen urte gutxitan.
Urte horretan hain zuzen, 1981ean, Ipar Euskal Herrira aldegin beharrean suertatu zen. Leintz bailararako galera izan zena, irabazia izan zen Ipar Euskal Herriko bertsolaritza mugimenduarentzat: Almen eskolako eredua eraman zuen hara eta, 1982an, Uztaritze eta Baionako ikastoletan hasi zen haurrei bertsolaritza irakasten; Bertsularien Lagunak Elkarteko talde zuzendariarekin hartu emanean zen ordurako eta, hauen sostengua eta laguntzarekin, lurraldeko beste hainbat ikastoletara zabaldu zuten egitasmoa, eta zazpi ikastoletan ibili zen. Langintza horretan jardun zen 1984tik 1987ra arte, guztiz izkutatu behar izan zuen arte. Hamar urte etxez etxe ihesean eta izkutuan ibili ondoren, 40 etxetan egon zela dio berak, 1997an atera zen berriro "egun argira", bere hitzetan, eta Itsasun jarri zen bizitzen.
Ez da oso ezaguna bere bat-bateko bertsogintza hainbat sariketa eta txapeleketetan parte hartu badu ere. Ezagunagoak dira bere bertso jarriak: testigantza zabala utzi du 1998an Bertsolari aldizkariak bere liburuen saila irekitzeko argitaratu duen "Biziaren azala" liburu autobiografikoan. Aitor eta Jon Sarasuak argitaratutako "Fauna berri txiki bat" diskoan (Elkar, 1995) Xanti berak abestutako "Hontzaren erantzuna" sorta dator, disko berean Aitorrek eskeintzen dion "Bupo magnipetasi" sortari emandako erantzun gisan. Horiez gain Xantiren bertso sortak kantatu zituzten Erramun Martikorenak ("Borda zaharrean", Olerkarien oihartzun, 1993), Ange Duhaldek (Zuzenean, 1993) eta Guk taldeak ("Ardi saldoa", Bidez bide, 1995).
Bertsolariak sortzea baino, bertsolazaletasuna zabaltzea eta euskal kultura sustatzea ortzimuga izan duen jendearen ordezkarietakoa da.
Hazia Kultur Elkarteak (Urruña, Lapurdi) Xantiri eskainitako omenaldi saioa antolatu zuen Urruñan 1986ko apirilaren 13an. Han ziren Almen ikastolatik ateratako bertsolari gazteak eta beste hainbat bertsolari.
2003an itzuli zen Eskoriatzara (Gipuzkoa). Bertan zendu zen 2022ko urtarrilaren 2an, 87 urte zituela. Urtarrilaren 4an egin zioten azken agurra, Eskoriatzan: San Pedro elizako elizkizunaren ondoren, udal pilotalekuan egin zioten omenaldia; besteak beste, Danel Goikolea, Jon Sarasua eta Andoni Egaña bertsolarien bertsoak eta Mikel Albisuren hitzak entzun ziren bertan, eta baita alaba Marisol Iparragirretek kartzelatik aitari idatzitako hitzak ere.
2024ko apirilaren 28an, Almeneko haur eta gaztetxoen bertso-eskolaren sorreraren 50. urteurrenean, aitzindaritza aitortuz eta eskertuz, Gipuzkoako Bertso-eskolen Eguna antolatu zuen Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak Aretxabaletan.
Bertsolaritzan lehen pausuak
- Lehen plaza
- 1961-62, Ordizian txapelketa batean 22 bertsolari zirela
Argitalpenak
- Argitaratutako liburuak
- Biziaren azala. XX mendeko Iparragirre. Bertsolari liburuak, 1998
- Argitaratutako grabazioak
- Martikorena, Erramun. Olerkarien oihartzun; "Borda zaharrean". Elkar, 1993
Sarasua, Aitor eta Jon. Fauna berri txiki bat; "Hontzaren erantzuna", Elkar, 1995
Guk taldea. Bidez bide; "Ardi saldoa" eta "Kateak". IZ, 1995