Biografiak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
Frantzisko Mari Iturzaeta "Koostita"
Datu pertsonalak
Bertsolaritzan
- Jarduera mota nagusia
- Bertsolaria
- Jarduerak
-
Bertso-jartzailea
Datu biografikoak
- Biografia
- Azpeitiko (Gipuzkoa) Olatz auzoko Eleizalde baserrian jaio zen, 1872ko uztailaren 12an. Horregatik, Eleizalde ere deitu izan zioten bere denboran. Lau urte zituela, familia osoa Azpeitiko Txillarramendi auzoko Gorostieta baserrira joan zen bizitzera. Zazpi senideetan gazteena izan arren bera geratu zen etxerako. Nekazaritza, bidegintza, baso lana eta ikazkintza izan zituen lanbideak.
Bertsolaria zen, badira ahoz aho gorde diren bere bertsoak, baina oso gutxi aritu omen zen jendaurrean, plazan. Bertso-jartzaile gisara utzi du arrasto lodiena; sorta ezagunak dira honakoak: "Nekazarien kezkak", "Urrestillako mixiuak", "Goseteari buruzkoak", "Loiolatxon", "San Inazio Loiolakuaren bizitza", Tonto bizkor bati jarriak", ... Ez zekien idazten, eta alaba Juxtak, auzoko Martzelinak-eta laguntzen omen zioten horretan. Auspoa sailaren 86-87 zenbakidun liburua eskaini zion Antonio Zabalak 1969an, eta han bildu zituen "Iturzaeta bertsolaria"ren bertsoak, ahoz aho jasotako baztuk eta idatziz jarritako asko.
Gorostieta baserrian zendu zen, 1948ko maiatzaren 6an, hirurogeita hamasei urte zituela. Ezinduta zegoelarik ere, ohean, ez omen zuen bertsotarako grina galdu. Hemen horietako bat, non ederki azaltzen duen bere bizitzaren nondik norakoa:
Elizaldetar Prantxisko Mari,
Iturzaeta deritza,
opiziorik prinzipalena
izan det nekazaritza;
gaineruntzian luberri eiten,
baso-lan ta bidegintza,
eutera aldeko bizker honetan
eman det nere bizitza.
Ondorengoetan ere izan da bertsotarako zaletasuna izan duenik. Bere alaba zaharrena, Justa Iturzaetak, baditu bertso jarriak, aita zanari, esate baterako. Xabino bilobak ere, besteren artean, badu aitona zanari eskainitako bertso sorta.
Argitalpenak
- Argitaratutako liburuak
- Zavala, A. Iturtzaeta bertsolaria. Auspoa saila 86-87 (1969)