Biografiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Joxepa Zubeldia

Datu pertsonalak

Izena
Zubeldia, Joxepa
Izen abizen osoak
Zubeldia Elizegi, Matea Joxepa
Jaiotza
1867 Hernani + Hernani < Buruntzaldea < Gipuzkoa < Euskal Herria
Heriotza
1947 Hernani + Hernani < Buruntzaldea < Gipuzkoa < Euskal Herria

Bertsolaritzan

Jarduera mota nagusia
Bertsolaria
Jarduerak
Bertso-jartzailea

Datu biografikoak

Biografia
Hernaniko Ibarluze baserrian jaio zen. Madrilera neskame joan eta bertan ezagutu zuen senarra, Manuel Ortiz, burgostarra. Bost seme-alabekin bueltatu ziren Hernanira 1904an eta bertan izango zituzten beste bi alaba. Joxepak Hernaniko kale nagusian jarri zuen janari denda.

Bere anaia Kaxiano Zubeldiarekin sarritan jarduten zuen bertsotan etxean; eta bertso-eskean zenbiltzala, gabonetan eta Santa Ageda bezperan, balkoitik jarduten zuen bertsotan eskeko taldean zetozen anaia Kaxiano eta beste bertsolariekin. Txirrita sarri etortzen zen Hernaniko erdigunera eta Kaxiano Zubeldiarekin bertsotan jardun zuela aipatzen da, baina Joxeparekin ere bertsotan egin ote zuen ez da inon jaso.

Bertso ugari ere idatzi zituen. Bere idazmahaia zuen etxean, eta berak egindako koadernoetan idazten zituen. Urtero bere lagun baten baserrian pasatzen zuen tartea ere bertsoak idazteko baliatzen zuen, etxean bere seme-alabek ez baitzuten gogoko amaren bertsozaletasuna.

Bertso sorta bakarra heldu da guregana, Antonio Zavalaren artxiboan (Koldo Mitxelena Liburutegian) dagoen bertso paperean argitaratutakoa. 1918an izan ziren baztanga kasuen inguruan gobernadoreak hartutako erabakien kontra Hernaniko herriak egindako protestari jarritakoak dira. 1918ko ekainaren 1ean Tilosetan egin zen herri bazkarian kantatu zituen herritarren aurrean Joxepa Zubeldia berak.

Iturriak:
- Altuna, Jon. "Joxepa Zubeldia: bertso paper bakarra argitaratu zuen bertsolari hernaniarra". Urumeako Kronika, 2018-06-02. https://kronika.eus/komunitatea/jon-altuna-iza-oxan_365/1570461527182-joxepa-zubeldia-bertso-paper-bakarra-argitaratu-zuen-bertsolari-hernaniarra ]
- Eizagirre, Estitxu. "Bertsoaren haria Hernanin", 2014.