Biografiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Iñaki Aranzadi

Datu pertsonalak

Izena
Aranzadi, Iñaki
Jaiotza
1937 Hernani + Hernani < Buruntzaldea < Gipuzkoa < Euskal Herria
Heriotza
2015 Hernani + Hernani < Buruntzaldea < Gipuzkoa < Euskal Herria

Bertsolaritzan

Jarduera mota nagusia
Eragilea
Jarduerak
Bertsolaria

Datu biografikoak

Biografia
"Iñaki Aranzadi Telleria, “Iñaki apaiza” irailaren 12an zendu da. 1937an sortua, Hernaniko bertso mugimenduaren hauspoetako bat izan zen 80ko hamarkadan. Bere mezetan plazako bertsoak sermoien zati izaten ziren askotan.

1980an eman zuen Xabier Amurizak bertso ikastaroa Hernanin. Hura izan zen lehen txinparta, herriko bertsozaleak biltzeko. Ikastaro hari segida “astearteko bilerak” eman zion. Udaletxean biltzen ziren, besteak beste, mutil kozkorrak ziren Joxe Mari Mujika “Anatx”, Jon Eizmendi, Pablo Joxe Aristorena, Jokin Sorozabal… eta “Anatxen” hitzetan, gidari, Iñaki Aranzadi (helduagoa zena). Horrela kontatzen du Anatxek “Bertsoen haria Hernanin” liburuan: “Iñaki Aranzadik eramaten zuen taldearen martxa. Gaia jarri, edo puntua edo errimak eman… horrelako lantegiak Aranzadik bideratzen zituen”. Aranzadik berak ez zuen horrela kontatu nahi izaten “Ni nintzen beste bat, eta besteak baino ahulagoa. ‘Parean tokatzen zenean bota’ lege edo baldintza bakarra zegoen han. Gure metodoa zen lehenik disfrutatzea”. “Ostras zen esaera handiena: ‘ostras, hori huan bertsoa hori!'”.

Aranzadiren etxean maiz biltzen aipatutako gaztetxoak. Hauek kontatzen ditu “Bertsoaren haria Hernanin” liburuan: “Larunbatetan bertso zintak aditzen egoten ginen, Uztapidek eta Lizaso zaharrak Arriatsun egindako saioa, esaterako. Bertsoak egiteko nolako erak zituzten aztertuz asko gozatzen ginen. Gaztetxoak hantxe egoten ziren, begi-belarri zinta horretan sartuta”. “Nire etxean urtean lauzpabost afari egiten genituen. Bakailaoa afaldu eta kantari aritzen ginen”.

Ez zen belaunaldi makala Aranzadik talde giroari eta bertsoen plazerari esker elikatu zuena. Bere umore finez kontrakoa adierazi bazuen ere: “Frakasatu totala izan naiz bertso munduan. Nirekin ibilitako gaztetxo denek utzi egin zuten. Jon Eizmendi Gernikara joan zen eskolara, eta etorri zenean utzia zegoen. Anatx punta puntan ibili zen, ikaragarri estimatua nuen, eta utzi. Aristorenak utzi. Usurbilgo Izetak ere utzi… ‘Hau duk marka, hau!’ esaten nuen”.

70eko hamarkadan plazan:
Hernaniko lehen “bertso eskola” izendatu daitekeen astearteko bilera horretan aritu aurretik, 70eko hamarkada hasieran auzoetako festetan aritu izan zen kantuan. Auzoetako saio hauek eutsi zioten bertsoari urterik latzenak izan ziren haietan. Aranzadiren hitzetan: “beste bizpahirurekin aritzen nintzen: Xanxanategi, Tapia… ni ez nintzen kantatzera ausartzen, oso lotsatia izan naiz, baina horiekin animatu egiten nintzen. Plazan oso zeharka aritu naiz, asteartetako taldean egiten nuen bertsotan”.

Elizan bertsotan:
“Elizan bertsoak kantatu? Ahal dudan guztietan!” aitortu zuen aipatutako liburuan. Urnietan ematen zituen mezek bazuten berezitasun bat: “Baditut bertsolariei momentu bakoitzerako harrapatutako bertsoak, eta haiek erabiltzen ditut bataioetan, ezkontzetan… Hiletetan beti nik egindakoak botatzen ditut. Ni bertsoaz izugarri baliatu naiz”.

Iturria: Eizagirre, Estitxu. "Bertsoen haria Hernanin". Hernani: s.n., 2014. 349. or. ;
"Gaitzerdi" bloga, 2015-09-14. https://www.argia.eus/blogak/estitxu-eizagirre/2015/09/14/agur-bertsoa-liturgia-zuen-apaizari/