Biografiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Angel Ugarteburu

Datu pertsonalak

Izena
Ugarteburu, Angel
Izen abizen osoak
Ugarteburu Meabebasterretxea, Angel
Jaiotza
1942 Miloi + Miloi < Berriatua < Lea-Artibai < Bizkaia < Euskal Herria

Bertsolaritzan

Jarduera mota nagusia
Bertso-eskola sortzailea
Jarduerak
Antolatzailea
Bertso irakaslea
Bertso-jartzailea
Jarduerei buruzko azalpenak
Elgoibarko Izarra bertso-eskolaren sortzaileetakoa. Irakaslea izan zen bertso-eskola honen lehen hamar urtetan, 1980tik 1990era.
Bertso-jartzailea: emankorra izan da eta gai asko jorratu ditu aldian aldiko egunerakotasunari jarraiki. 2020ko Covid aldian jarritakoak dira zabalduenetakoak.
Gai-jartzailea: oso gaztetan hasi zen langintza horretan, Larruskainen (1961); plaza gehiagotan ibili da harrez gero.
Epaile: Etxegina bertso-paper lehiaketaren lehen urte askota; 1981ean antolatu zen lehen ekitaldia.
Antolatzaile: Elgoibarko Izarra Elkartearen bertso saioa eta Etxegina bertso-paper lehiaketaren antolatzaile hastapenetatik urte askotan. Eskolarteko Txapelketaren antolakuntzan ere parte hartu zuen Elgoibarko bertso-eskolan jardun zen urtetan.


Datu biografikoak

Biografia
Berriatuko (Bizkaia) Miloi auzoko Ikaran-nagusia baserrian sortu zen 1942ko urtarrilaren 6an, famili handi batean. Miloin bertako auzo-eskolan oinarrizko ikasketak eginda, Derioko seminarioan eman zien jarraipena ikasketei; Erromako Santo Tomas Aquino eta Deustuko Unibertsitatean filosofia ikasketak egin zituen gero, eta Valencian lizentziatu zen.

Derioko seminarioko bizimoduak, ikasketek eta lagunek eragin handia izan zuten beregan. Euskal kulturaren kontzientzia hartu zuen bertan, eta, besterik beste, handik urte batzuetara bertsolaritzan eragin handia izan zuten Xabier Amuriza, Abel Muniategi eta Joanito Dorronsoro ezagutu zituen, eta hartu-eman estua izan zuen beraiekin.

Ikasketak amaiturik, Herri Gaztediko arduraduna izan zen Zornotzan (1967-1969), eta beste lanbideren bat probatu bazuen ere, berehala lotu zitzaion irakasle lanbideari: alfabetatze akademietan jardun zen Zornotzan (1968) eta Lekeition (1971-1972); Eibarko ikastolan (1972-1978), Elgoibarko ikastolan (1978-1982) eta Elgoibarko institutuan (1982-2006) burutu du bere ibilbide profesionala; azken honetan, zuzendari izan da hainbat urtez. Irakasletzan ez ezik, bestelako eginkizun ugari bete ditu aldi luze horretan: euskal hizkuntza eta ahozko literatura lantzeko ikasgaien sortzailea, irakurgaien egokitzailea, eta EGA aztermaietako kide izan da.

Kulturazale, euskaltzale eta bertsozale sutsua izaki, nabarmentzekoa da 1980ko hamarkadan, dena egiteko zegoen garaian, ikasleentzat irakurgai errazak apailatzen eta Elgoibarko Euskara Mintegian testu-liburuak sortzen egindako ekarpena, lan orduz kanpo, borondate hutsez kasik. Aintzakotzat hartzekoa da baita ere, Elgoibarko Izarra Kultur Elkartearen jardunari lotuta egindako ekarpena, dela antolaketa mailan, dela Barren aldizkariko artikulugile gisan.

Bertsolaritzari dagokionez haur eta gazteen bertso-eskolen sustatzaile aitzindarietakoa izan zen, 1980ko hamarkadaren hastapenetan: Elgoibarko bertso-eskolako sortzaileetakoa izan zen, eta irakaslea lehen hamar urtetan. German Uriguen Ormaetxea "Etxegiña"k santa eskean irteteari uztea erabaki zuenean, omenaldia egiteko mugitzen hasi ziren (Herriko Antzokian burutu zen 1981ko martxoan); ez zien horretara mugatu eta, garai hartan sortzen ari zen mugimenduari bere alea eranstea eta Elgoibarren bertso-eskola sortzea erabaki zuten. Juanito Dorronsoro Zumaiako bertso eskolaren sortzailearekin, Xabier Amurizarekin eta Eskoriatzako Almen ikastolan, haurren lehen bertso-eskola sortu zuten Patxi Goikolea, Joanito Akizu eta Xanti Iparragirrekin hartu-emanetan jarri ziren, eta bertso-eskola sortu zuten Elgoibarko Izarraren babesean. 1980-81 ikasturtean egin zituen lehen urratsak bertso-eskola honek, Anjel buru zuela. 1981ean bertan antolatu zen lehen Etxegina bertso-paper lehiaketa ere. Handik bi urtera, 1983an, hasi ziren Abendua Bertsotan gabonetako jaialdia antolatzen.

Pertsona garrantzitsua izan da, halaber, Ikastola Elkarteak proiektua sendotzeko abaitutako proiektuak -material sorkuntza eta Eskolarteko Txapeketaren antolaketa- sendotu eta egonkortzeko zereginean ere; horiez gain, gogoangarriak zaizkio, besterik beste, Ikastolen Elkarteak antolatuta Manuel Olaizola "Uztapide"ri egindako bisita Oiartzungo bere etxean (Sarasuatarrak, Euskitze, Félix Iñurrategi, Arantza Loidi, Eizmendi eta abar… hunkituta gaztetxoak, baita Uztapide bera ere) eta Balendin Enbeitari egindakoa.

Bertsolaritzaren eta bertso jardunaren balioak goraipatu ohi ditu: bertsoetan jasotzen den ondare historiko eta kuluralagatik eta horien transmisioan jokatzen duen funtzioengatik; neska-mutikoen euskara aberasteko eskaintzen dituen baliabide anitz eta atseginengatik, solaskide eta kantukide eginez aldi berean; eta erritmoa, musika, eta beste sentimenak lantzeko ematen dituen aukeragatik.

Bertso-eskola sortzaile eta irakasle gisa nabarmendu arren, bertsolaritzaren alor gehientsuenak jorratu ditu: bertso-jartzaile, gai-jartzaile, antolatzaile, artikulugile ... 2020an, COVID gaitzaren eraso betean, hedadura handia izan zuten koronabirusaren ondorio zein eraginak gaitzat hartuta kantatutako bertso jarriek.

Elgoibarko Izarra bertso-eskolak bere eskerrona azaldu zion bertso-eskolako irakasle esku-aldaketa egin zuenean (German Meabebasterretxeak hartu zion lekukoa 1990an) eta baita bertso-esklaren 25 urtebetetzea ospatu zuenean.

Argitalpenak

Argitaratutako liburuak
Milloitik mundura. Ume-denborako oihartzunak. Sutondoan sorta. Labayru (2008)
Ekoizpen oharrak
Euskara lantzeko testu liburuak sortu eta argitaratu zituzten Elgoibarko Euskara Mintegiaren sinadurapean. Angel Ugarteburuk, Myriam Villasantek (Elgoibar, 1960), Inaxio Garmendiak (Azpeitia, 1950) eta Andres Alberdik (Getaria, 1950) osatzen zuten taldea. Liburuak:
Euskal hizkuntza eta literatura, BBB 1. maila. Elkar, 1986
Euskal hizkuntza eta literatura, BBB 2. maila. Elkar, 1987
Euskal Hizkuntza eta literatura, BBB 3. maila. Elkar, 1988
Euskal Hizkuntza eta literatura, UBI. Elkar, 1989
Hiztegia aberasten. Elkar, 1987

Irakasleen Elkarteak eskatuta, euskara batura egokitu zituen liburu hauek:
Ebaristo Bustintza “Kirikiño”ren Abarrak (Elkar, 1980) eta Bigarren Abarrak (Elkar, 1884).

Beste lanak

Bertso jarri ezagunenak
Koronabirusari. Barren.eus 2020-04-06