Biografiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Andres Narbarte "Xalto"

Datu pertsonalak

Izena
Narbarte, Andres "Xalto"
Izen abizen osoak
Narbarte Olaizola, Andres
Jaiotza
1927 Goizueta + Goizueta < Leitzaldea < Iruñeko Merindadea < Nafarroa < Euskal Herria
Heriotza
1971 Goizueta + Goizueta < Leitzaldea < Iruñeko Merindadea < Nafarroa < Euskal Herria

Bertsolaritzan

Jarduera mota nagusia
Bertsolaria

Datu biografikoak

Biografia
Andres Narbarte Olaizola, Xalto goitizenez. Goizuetan sortu zen 1927ko azaroaren 20an, eta 1971ko urtarrilaren 9an zendu.
Moxo baserrian jaio arren Txameneko bordan bizi izan zen. Afrikan egin zuen soldaduska eta han Lazkao Txikirekin egin zuen topo. Ez zen ezkundu eta nekazaria izan zen lanbidez.

Gatz eta piperdun bertsolaria izan arren, iduriz, ahotsa ez zuen bertsotarako arrunt dohatsua.
Eskola zaharreko bertsolaria zen eta alfabetatu gabea. Nafarroako Bertsolari Txapelketa bitan irabazi zuen (1960 eta 1964) eta beste bitan txapeldunorde izan zen (1961 eta 1963). Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan, berriz, bitan izan finalista 1960an eta 1965ean.

Baserriko lanetan ari zela, sasi batzuk kendu nahian haiei su eman ondotik, sua ustekabean ikaragarri handitu eta itzaltzeko ahaleginean zendu zen, 1971n.

Goizuetako eskolak bere izena du.

Pasarte ezaguna da 1960ko Bertsolari Txapelketa Nagusian Xaltori gertatutakoa. Alfonso Irigoien gai-jartzaileak, honako puntua jarri zion:

Belgatarren erregin
egin da Fabiola

Xalto:
igerri diot, Alfonso
egia diola
beste gainekoan ez zen
mintzatuko hola
hantxen pentsatutzen det
zerbait badagola.

Xaltok ez zekien Fabiola hori nor zen (orduko Belgikako erregearekin ezkondu berri zena) baina nola edo hala moldatu zen erantzuteko, gauza handirik esan ez arren.

Kontua ez zen ordea horretan bukatu. Bi urte geroago, Goizuetan jokatutako Nafarroako Bertsolari Txapelketako kanporaketan, Irigoienek berak azken puntua (beltzaranez) eman zion Xaltori bertsoa osa zezan, eta goizuetarrari Donostiako gertaera famatua etorri zitzaion burura:

Ni Donostira neure ustetan
joan nintzen bertsolaria
aitortuko det dotore asko
eskolarikan gabia
eman zidaten ustekabean
Fabiolaren berria
gero juezak irakurri zun
sententzia bat larria.