Biografiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Felix Irazustabarrena

Datu pertsonalak

Izena
Irazustabarrena, Felix
Izen abizen osoak
Irazustabarrena Arsuaga, Felix
Jaiotza
1961 Alegia + Alegia < Tolosaldea < Gipuzkoa < Euskal Herria

Bertsolaritzan

Jarduera mota nagusia
Eragilea
Jarduerak
Antolatzailea
Bertso grabatzailea
Bertso-jartzailea
Epailea
Eragilea
Gai-jartzailea
Bertso kazetaria
Jarduerei buruzko azalpenak
Eragile eta antolatzaile:
Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko Zuzendaritza Taldeko kidea, 1999-2010: presidentea (2000-2010) eta idazkaria (2010-2022).
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren Antolaketa Batzordeko kidea eta Talde Teknikoko arduraduna: 1997, 2001 eta 2005.
Tolosaldeko Bertso Eskolak antolatutako saio eta jaialdiak (1984-1996) eta Alegikoak (1986-...).

Kazetaritza eta Ikerketa lanak:
Euskaldunon Egunkarian bertsolaritzari buruzko orrialdearen koordinatzaile eta egile (1991-1992).
"Tolosaldeko bertsolaritza eta Bertso Eskola" bideo erreportajearen gidoilari-taldeko kidea; ahotsa jarri zuenetakoa (1992)
Bapatean bat-bateko bertso antologia liburua (EHBE): 1999 urteaz gero argitaratu diren guztietan izan du esku-hartzea, modu batera edo bestera: biltzaile, hautatzaile, transkribatzaile, zuzentzaile, doinu izendapena, hitzaurreak, ...
Gipuzkoako Sailkapena 2001 liburua: transkribatzailea.
Argia aldizkariak argitaratutako hainbat liburuxketako bertso-hautaketa eta transkribaketa: Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia 1993 eta 1997; Araba eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketa 1996; Nafarroako Bertsolari Txapelketa 1995, 1996 eta 1997.
Auñamendi Eusko Entziklopediako betsolaritza eta bertsolari-biografi sarrerak egin ditu (2002-2004).
Hitzetik Hortzera programan (ETB) funtzio guztiak bete ditu: erredakzio laguntzaile lanetan (ETB1, 1991-1994 / 1997-1999); erredaktore taldeko kide (Bertsozale Elkartea, 1999-2006 / 2008-2026); programaren Zuzendaria bi ekitalditan (2006-2008).
Doinutegi Batzordeko kidea da (Bertsozale Elkartea, 2017-...)

Epaile lanak:
Bat-bateko bertsoak epaitzeko irizpideak lantzeko hainbat prozesutan parte hartu du: 1994, 2000-2001 eta 2004-2005. Azkeneko honetan, irizpideak ez ezik marko teorikoa ere landu zen.
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia: 1993, 1997, 2001 eta 2005.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa: 1995, 2003, 2007, 2015, 2019.
Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa: 1999
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketarako Gipuzkoako sailkapena: 2001
Arabako Bertsolari Txapelketa: 2003, 2004, 2005, 2006, 2007 eta 2008
Bat-bateko sariketa eta bertso-jarrien lehiaketak: Bilintx saria (1995); Ezeizatar Eusebio bertso saria (1992); Orixe saria (2001); Xenpelar saria (1994, 1998, 2000); Bilintx bertso-paper lehiaketa (1995); Orixe bertso-paper lehiaketa (1994, 1995, 1996, 1997, 1998, 1999, 2000, 2001); Tolosako AEK bertso-paper lehiaketa (1995)

Gai-jartzaile eta bertsolari:
Gai-emaile eta aurkezle lanak egin ditu Alegian nagusiki, bina baita Tolosaldeko hainbat herritan.
Herriko jai alternatiboetan antolatutako herriko bertsolarien saioan parte hartu du saio horren lehen urtetan.
Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa, 2026: bertsolari, Alegiako Irazustabarrenegi taldean.

Datu biografikoak

Biografia
Alegian (Gipuzkoa) jaio zen 1961eko irailaren 24an, eta bertan bizi da. Papergintza ikasketak egin zituen. Ikasketa hauen azken urtetan atzerki mundura hurbildu zen Inaxio Begiristain herritarrak bultzata, eta herriko talde honetan aritu ondoren Eusko Jaurlaritzak antolatutako Antzerti eskolan jardun zuen, baita bertatik sortutako talde pare batean ere. Ikasketak amaiturik, paper industrian jardun zen hainbat urtetan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Juntetan HB talde politikoaren koordinatzailea izan zen gero. 1991n hasi zen ETB1eko Hitzetik Hortzera bertso-programan lanean, Joxerra Garziarekin, erredaktore laguntzaile lanetan (saio grabaketetara joan eta lehen hautaketa bat egin), eta programa honen aldi desberdin guztietan izan du bere egitekoa 2026ra arte; Zuzendaria izan da 2006-2008 arteko bi ekitalditan. Bertsozale Elkarteak ekoizten duenetik jubilatu arte (2026), Hitzetik Hortzerako eginkizunak, XDZ-ko audiobisualen katalogazio, artxibogintza eta digitalizatze lanekin eta bertso-transkipizio lanekin uztartu ditu.

Bertsolaritzaren alorreko esparru guztiak jorratu ditu: epailetza, ikerkuntza, kazetaritza, eragiletza, gai-jartzailetza, bertsogintza, ... Luzea da bere ekarpenaren zerrenda.

Etxean eta lagunarteko giroan bertsozaletu zen, eta Tolosaldea Berreuskaldundu Dezagun Euskara Elkarteak antolatutako bertso-eskolan eman zuen izena (1983). Horrek, Euskal Herriko Bertsolari Elkartearen sorrera hurbil samarretik bizitzeko aukera eman zion. 1986an amaitu zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren antolaketan laguntzen aritu zen; Txapelketa horretako epaimahaikidea izan da 1993tik 2005era bitartekoetan, bi horiek barne. Horiez gain, Gipuzkoan antolatu diren herrialde txapelketa eta sailkapen fasetako epaile taldean aritu da 1995tik 2019ra bitartean. Hauei, Arabako Txapelketa eta Gipuzkoako sariketetan egindako epailetza lanak gehitu behar zaie.

Bertsolaritzaren hedapenean ere ibilbide luzea du. 1991-1992 ekitaldian Hitzetik Hortzerako (HH) taldean jardun zen erredakzio laguntzaile lanetan, asteburuetako saioen grabaketetara joan eta hautaketak egiten. Gero, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak HH-ren ardura hartu zuenez gero (1999-2000 ekitaldia), programaren ekoizpen arduratan aldaketa ugari izan badira ere, kate-maila finkoa izan da eta bertan jarraitu du garai bakoitzean eskatu zaion funtzioa betez; erredaktore lanetan jardun du batez ere, baina Zuzendaria izan da 2006tik 2008ra bitarteko bi ekitalditan.

Nabarmentzekoak dira, Bapatean, Argia, Auñamendi Eusko Entziklopedia eta Txapelketetako bertso antologia liburuetarako egindako bertsolaritza, bertsolari biografia, bertso-hautatzaile, transkribatzaile, nahiz bertso-doinuen izendapen lanak. Hainbat artiluku argitaratu du Bertsolari aldizkarian.

Alegiako "Zazpi astoren gainean" bertso-eskolako kide eratzaileetakoa, bere herria eta bertsolaritza mugimenduko erreferenteetakoa da: eragile, antolatzaile, gai-jartzaile eta aurkezle, nahiz bertsolari gisara. Bertsolari gisa, Zazpi Astoren Gainean bertso eskolak argitaratutako "Ustukoixkiu!" CD-an parte hartu du "Udaberri zoragarri" bertso-sortarekin (2010) eta Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketan parte hartu du Irazustabarrenegi taldean (2026).

Gipuzkoako Betsozale Elkarteko zuzendaritzakide izan da 1999tik 2022ra; lehendakaria 2000tik 2010era, eta idazkaria 2010tik 2022ra.

Bertsolaritzan lehen pausuak

Lehen plaza
Epaile: Ibarran, 1992an, Ezeizatar Eusebio bertso sarian. Kideak: Patxi Goikolea eta Joxe Mari Aranalde.
Gai-jartzaile: Alegian. Bertsolariak: Anatx, Jon Iñaki Itzazelaia, Arantzazu Loidi, Jon Sarasua...

Argitalpenak

Argitaratutako grabazioak
Tolosaldeko bertsolaritza eta Bertso-eskola (bideoa). Jai estudioa, Pablo Dendaluze, 1992
Udaberri zoragarri. Ustukoixkiu (CD). Zazpi Astoren Gainean. Alegia, 2010