Biografiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Fernando Aire "Xalbador"

Datu pertsonalak

Izena
Aire, Fernando "Xalbador"
Izen abizen osoak
Aire Etxart, Fernando
Jaiotza
1920 Urepele + Urepele < Baigorri-Ortzaize < Baxenabarre < Euskal Herria
Heriotza
1976 Urepele + Urepele < Baigorri-Ortzaize < Baxenabarre < Euskal Herria

Bertsolaritzan

Jarduera mota nagusia
Bertsolaria
Jarduerak
Bertso-jartzailea

Datu biografikoak

Biografia
Mixel Aire eta Paskalin Etxarten hirugarren senide zaharrena.
Aita Urepelekoa zen eta ama aldiz, Los Angeles-en sortua. (amaren aita Urepele edo Aldudekoa zen eta amaren ama, aldiz, Aurizberrikoa). Anai bat eta lau arreba zituen Xalbadorrek. 16 urte zituela ezagutu zuen gerora bere emaztea izango zena.
Leoni Etxebarrenekin ezkondu zen 1943ko urtarrilaren 29an. Seme-alabak: Henriette, Mixel, Daniel, Mari Helena.

Lehen bertsua 16 urtetan bota zuen, Urepeleko ostatu bateko leiho kanpoaldetik barnera buruz.
Teodoro Hernandorena medikua hasi baitzen Iparraldean bertsulari gazteak bultzatu nahiz, Donibane Lohizunen zeingehiagoka bat antolatu zuen, eta horrelaxe Xalbadorrek Mattinen ezagutza egin zuen. Geroztik bikotea euskal besta orotara galdegina zen.
Xalbadorrek Donostiako bertsulari txapelketa nagusietan parte hartu zuen.

Odolaren mintzoa bere liburua agertzeko egunean, Euskal Herri osoak bere sorterrian omentzen zuela, 1976ko azaroaren 7an, Xalbador supituki hil zen: bazkalostean ondoezak eman, bertako eskolako gela batera eraman eta iluntze hartan bertan zendu zen.

---

XX. mendeko bertsolari mitikoetakoa dudarik gabe; bere bertso estilo sakon eta lirikoagatik nabarmentzen da, baina bere emarian aurki daiteke bertso estilo klasiko eta zorrotzik, dialektika bizi askorik. Behar bada bizitzan ezagutu ez zuen estimua izan du bere bertso-emariak geroztik. Baxe Nabarreko hizkerak urrundu egiten zuen mendebaldeko bertsozale arruntetik, eta ez zuen behar adina errotzerik lortu bertsozale horren bihotzean. Geroztik ordea, askoren eredu eta erreferente izan da; 1967ko Txapelketa Nagusiko finaleko txistu-joaldi sonatuak muga jarri zuen (txapela Uztapiderekin jokatzeko bera hautatu zuen epaimahaiak Lazkao-Txiki kanpora utziz, eta entzulea txistuka hasi zitzaion bertsotan hasi orduko, minutu luzetako txistu-joaldia izan zen) : txistuak txalo bihurtu zituen eta entzulea, bertsozalea, betirako bereganatu. Bertso uzta paregabea utzi digu, bertso-jarrietan, Odolaren mintzoa askorentzat bertso jarriaren goia dena, nahiz bat-batean: Bat-bateko mirakulua izendatu du Xabier Amuritzak, eta izen horrekin bataiatu du Xalbadorren goratzarrez egokitu duen emanaldia (Xalbadorren bat-bateko bertsoz hornitua osoki). 2014an, Eneko Dorronsorok "Xalbador, izana eta izena' dokumentala zabaldu zuen, bere lau seme-alaben lekukotasunetan oinarriturik.

Bertsolaritzan lehen pausuak

Lehen plaza
Donibane Lohitzunen 1946an.

Beste lanak

Bertso jarri ezagunenak
Esperantzarik gabeko amodioa