Biografiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Joanito Akixu

Datu pertsonalak

Izena
Akixu, Joanito
Izen abizen osoak
Akizu Garaialde, Juan
Jaiotza
1938 Aretxabaleta + Aretxabaleta < Debagoiena < Gipuzkoa < Euskal Herria

Bertsolaritzan

Jarduera mota nagusia
Eragilea
Jarduerak
Antolatzailea
Bertso irakaslea

Datu biografikoak

Biografia
Aretxabaletan (Gipuzkoa), kaletxean jaio zen 1938ko uztailaren 11n. Ezkondu ondoren, 1963an, Eskoriatzako Gellao auzoko Gellaogarai baserrira joan ziren bizitzera, eta bertan bizi dira orduz gero. Almen ikastolako (Eskoriatza da lurrez, baina Aretxabaletarekin muga-mugan dago kokatua; Eskoriatza, Aretxabaleta eta Aramaioko ikasleak biltzen ziren bertara) Kontseilu Erretoreko partaidea zen, 1974an, Xanti Iparragirre eta Patxi Goikolea hurbildu zitzaizkionean asteburuetan haurrentzat bertso-eskola egiteko asmoarekin. Oso bertsozalea zenez bera, segituan prestatu zen proposamena bideratzea.

Proposamenaren bideratzailea ez ezik, haurren bertso-eskola aitzindariaren sortzaile, bultzatzaile, irakasle eta animetakoa izan da Joanito Akizu, aipatutako Patxi Goikolea eta Xanti Iparragirre batera. Honela deskribatu izan du Joanitok taldekideen izaera: "Xanti bertsolaria, Patxi organizatua eta ni txispa jartzen zuena". Eskoriatzako Almen Ikastolako gurasoak ziren eta beraiei zor zaie lehen urrats hori: bertsozaleak ziren hirurak, etxeko transmisio etena atzematen hasiak ziren eta hutsune hori betetzeko ahalegina egin nahi izan zuten: bertsozaletasuna sortu nahi zuten bailaran. Ez zuten erreferentziarik, ez jarraitzeko eredurik ere, baina ideiarekin aurrera egitea erabakirik, 1974an jarri zuten abian egitasmo aitzindari hau, arrakastatsu: Almeneko zuzendaritzari eta gurasoei proposamena luzatu zien eta, ondoren, larunbat goizetan hasi ziren haur taldeekin biltzen; 125 ikaslek eman zuten izena lehen deialdian. Metodo eta jarraibide argirik gabe, beraien artean Abel Muinategiren laguntzaz egindako gida bati jarraituz hasi ziren: bertso zaharrak kantatu, doinuak ikasi, ondo pasa ... Gogo berezia zutenak Apotzagako (Eskoriatza) "Hauzo Etxe" elkartean biltzen hasi ziren gero eta, poliki-poliki, bat-batean trebatzen. Inguruetako herrietara joaten hastea izan zen hurrengo pausua bertsolari antzerkia eginez ikasitako bertsoak kantatuz, eta jendaurrean trebatuz. Erreferente bihurtarazi zituen bertsolari uzta aberatsa ekarri zuen eskola horrek: Jon eta Aitor Sarasua, Arantzazu Loidi, Jon Iñaki Izartzelaia, Felix Iñurrategi, Danel Goikolea ... batzuk aipatze arren; baina bertsolariak sortzea ez ezik, talde horrek Leintz bailarako bertsolazaletasuna suspertzen eta hauspotzen egindako ekarpena ere nabarmendu behar da.

Zabalkunde azkarra izan zuen Almeneko talde honen proposamenak, Xabier Amurizak garaitsu horretan gizarteratu zuen bertsotan ikasteko metodologiak indartuta. 1980ko hamarkadaren hasieran, Almeneko taldeak egindako eskaerari helduz, Gipuzkoako Ikastolen mugimenduak bereganatu zuen proiektua lurraldeko Foru Aldundiak babestuta, lurraldeko eskoletara zabaldu, indartu, sendotu eta egonkortzeko: mugimendua koordinatzeko liberatua (Mikel Mendizabal), material didaktikoak, ikasle topaketak eta eskolarteko txapelketak ekarriko zituen horrek. 1981ean antolatu zuen Gipuzkoako Ikastola Elkarteak lehen Eskolarteko Txapelketa eta Almenekoentat izan ziren bat-bateko bi sari nagusiak: Jon Iñaki Izartzelaia izan zen txapelduna 13 urte artekoetan eta Jon Sarasua 13-16 bitartekoetan, eta idatzizko ia guztiak. Indar handia hartu zuen Gipuzkoan abiatu zen mugimendu honek, eta euskal lurralde guztietara hedatu zen urte gutxitan.

Hamabi urte inguru eutsi zioten egitasmoari. larunbatero, larunbatero haur eta gazteekin lan eginez, bertsozaletasuna txertatzen, han eta hemen saioak antolatzen, bertsotan eta jendaurreko jardunerako prestatzen. Egindako lan guztia eskertu nahian, Leintz bertso eskolak, omenaldia egin zien hiru aitzindariei 1986ko otsailaren 15ean; Patxi Goikoleak eta Joanito Akizu bertaratu ahal izan zuten. 2024ko apirilaren 28an, berriz, Almeneko haur eta gaztetxoen bertso-eskolaren sorreraren 50. urteurrenean, aitzindaritza aitortuz eta eskertuz, Gipuzkoako Bertso-eskolen Eguna antolatu zuen Aretxabaletan Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak.