Biografiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Joxe Agirre

Datu pertsonalak

Izena
Agirre, Joxe
Izen abizen osoak
Agirre Esnal, Jose
Jaiotza
1929 Azpeitia + Azpeitia < Urola Kosta < Gipuzkoa < Euskal Herria
Heriotza
2012 Azpeitia + Azpeitia < Urola Kosta < Gipuzkoa < Euskal Herria

Bertsolaritzan

Jarduera mota nagusia
Bertsolaria
Jarduerak
Bertso-jartzailea
Jarduerei buruzko azalpenak
Bertsolaria:
Goi-mailako bertsolaria. 1952an egin zuen lehen plaza, Joxe Lizasorekin Azpeitiko Arrona tabernako balkoitik. 2011ko urrikoa da jasota dagoen bere azken saioko testigantza. Imanol Lazkano eta Joxe Lizasorekin hiruko entzutetsua osatu zuen, eta lauzpabost belaunaldiko bertsolariekin jardun da plaza handienetan: Basarri eta Uztapideren eskolakoekin; Amuriza, Lazkao-Txiki, Lopategi eta bere belaunaldikoekin; Sebastian Lizaso, Egaña, Peñagarikano, Jon Sarasua, Euskitze eta garaikoekin; Maialen Lujanbio, Iturriaga, Elortza, Mendiluze eta kidekoekin; Amets Artzallus, Colina, Alaia Martinen aldikoekin ... Ez da txapelketa eta sariketetan parte hartu zalea izan.

Parte hartutako txapelketa eta sariketak:
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa: 1959 (kanporaketa)
Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa: 1999 (Azpeiti-Oinatz taldea: Jokin Uranga eta Anjel Larrañagarekin)
Gipuzkoako Bertsolari Berrien Txapelketa (Ordizia): 1959
Aginagako bertsolari gazteen sariketa: 1959 (Txapelduna)
Errege Eguneko saria, 40 urtez behekoentzat (Donostia): 1962 (txapeldunorde)
Loiola Irratiko saria: 1963 (Txapelduna)
Sariketa Nagusia (Donostia): 1968

Bertso-jartzaile:
Joxe Agirre "Oranda" Xoxoa, Bertsoz bilduman, Laja eta Landakandak (trikiti doinuekin grabatuta argitaratuak) eta Loiola Herri Irratiak eskatuta jarritakoak (Mozketaren maisua liburuan argitaratuta) dira ezagunenak.

Datu biografikoak

Biografia
Azpeitiko (Gipuzkoa) Oranda baserrian jaio zen 1929ko apirilaren 23an eta bertan bizi izan da azken egunera arte; jaioterrian eta inguruan behinik behin, "Oranda" deitu izandu zaio. Baserrian ez ezik, hogeitaka urtez jardun zen Ezkuztako harrobian, 63 urte beterik lan hau utzi zuen arte. Gazte garaian, herri kiroletan ere jardun zuen, aizkoran eta korrika gehienbat.

Nekazari inguru horretan bertsotarako zaletasun handia zegoen, eta hor egin zen bertsolari Joxe Agirre: auzoko bertso zerbitzua eginez hasi zen, nekazari inguru horri loturiko ospakizunetan eta tabernako giroan, lagunarteko hika miketan. Hogeita hiru urterekin, 1952an, egin zuen jendaurreko lehen saioa; Joxe Lizaso zuen kantukide Azpeitiko Arrona tabernako balokoitik egin zuten saio hartan. Aginagako bertsolari gazteen txapelketa irabazi zuen 1959an, eta izena hartzen hasi zen. Ez da halere txapelketa zalea izan, eta oso gutxitan hartu du parte; 1999ko Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketan Azpeitiko talde batean parte hartu bazuen ere, esan daiteke 1968an Donostian jokatu zen Sariketa Nagusia deitua izan zela parte hartu zuen azkenekoa. Txapelketei muzin egin arren, plazaz plaza gehientsuen ibili den bertsolarietakoa izan da, goi-mailan beti; ia hirurogei urtez jardun du bertsotan -2011ko urrikoa da Xenpelar Dokumentu Zentroan jasota dagoen bere azken saioko testigantza- garaian garaiko bertsolari ezagunenekin plaza partekatuz.

Imanol Lazkano eta Joxe Lizasorekin hiruko entzutetsua osatu zuen. Basarri, Uztapide, Xalbador, Lasarterekin; Xabier Amuriza, Lazkao Txiki, Jon Lopategi eta bere belaunaldikoekin; Sebastian Lizaso, Egaña, Peñagarikano, Jon Sarasua, Euskitze eta garaikoekin; Maialen Lujanbio, Iturriaga, Elortza, Mendiluze eta kidekoekin; Amets Artzallus, Colina, Alaia Martinen aldikoekin; ... Belaunaldi, mundu ikuskera eta bertsokera horietan guztietan txertatzen jakin duen goi-mailako bertsolaria izan da. Horiekin eta horien garaiko bertsolari guztiekin aritu da ahoz aho eta denen aitortza eta begirunea zabala lortzea ez ezik, askoren erreferentea izatea lortu du.

Bertsogintza hitzezko borroka moduan ulertzen duen tradiziotik dator, eta horrek erabateko eragina izan du bere estiloan: bizia, zorrotza, zirikatzailea, erantzun zorrotzekoa..., kualitate handikoa.

Bat-batekotasuna izanik ere bere kualitate behinena, bertso-jartzaile oparoa izan da: bertso sorta asko jarri izan du enkarguz, batik bat, Loiola Herri Irratirako eta trikitilarien eskariz. "Joxe Agirre, mozketaren maisua (bizitza eta bertsoa)" liburuan argitaratu da (Bertsolari liburuak, 1999) bere ekarpenaren lagin txikia bezain esanguratsua.

Bertsolari maitatua eta estimatua izan da. Horren tokiko eskaini dizkioten omenaldiak: 1974an, Karmelo Etxegarai Ikastolak Joxe Lizaso, Joxe Agirre eta Imanol Lazkano bertsolariak omendu zituen; 1979an XI.Bertsolari Egunean omendu zuten, bertsolari eta zaleek hautatuta; Azpeitiako herriak 1990ean betsolari azpeitiarrak) eta 2012ko abenduaren 23an (Joxe Agirre, Joxe Lizaso eta Imanol Lazkano), zendu eta astebete pasatsura.

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa 2009ko txapela janzteko izendatu zuen Bertsozale Elkarteak, eta, Barakaldoko Bec-en, bera izan zen lehen emakume txapeldunari, Maialen Lujanbiori, txapela ezarri zioena.

2012ko abenduaren 15ean zendu zen, sortutako toki berean, Oranda baserrian.


Bertsolaritzan lehen pausuak

Lehen plaza
Azpeitian, 1952, Arrona tabernako balkoitik Joxe Lizasorekin, gari ebakitze garaian; hurrengoa Azkoitian (Madariaga), Artainolako Prontxio kojuarekin.

Argitalpenak

Argitaratutako liburuak
Agirre, J.; Murua, J. Joxe Agirre, mozketaren maisua (bizitza eta bertsoak). Bertsolari liburuak, 1999
Argitaratutako grabazioak
JOXE AGIRRE "ORANDA". Xoxoa. Bertsoz 7. Autapen, 1980
"Gure baserriak", "Minifalda". Laja eta Landakanda. IZ, 1981; Elkar, 2016
"Pepe Yanci", "Feritik etxera", "Gorrotoa", "Mutil eta neska zaharrei". Pepe Yanciren omenez. Laja eta Landakanda. Kea, 1986; Elkar, 2016
"Azkoitiri", "Euskaldunak euskaraz". Gure oroitgarri. Laja eta Landakanda. Elkar, 1994
"Aita semeak gaixorik" Imanol Lazkanorekin, "Azpeitiarrak puntu-puntuan" Imanol Lazkano eta Joxe Lizasorekin. Imanol Lazkano.Jasota bezala bertso antologia 1. Lanku, 2012