Biografiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Luis Baraiazarra

Datu pertsonalak

Izena
Baraiazarra, Luis
Izen abizen osoak
Baraiazarra Txertudi, Luis
Jaiotza
1940 Meñaka + Meñaka < Uribe-Butroe < Bizkaia < Euskal Herria
Heriotza
2024 Markina-Xemein + Markina-Xemein < Lea-Artibai < Bizkaia < Euskal Herria

Bertsolaritzan

Jarduera mota nagusia
Epailea
Jarduerak
Bertso-jartzailea
Ikerlaria
Bertso analisigilea/kritikaria
Jarduerei buruzko azalpenak
Bertso-jartzailea:
Orixe bertso-paper lehiaketa, 1989 (Orexa, Gipuzkoa): 1. saria
Ikerlaria, analisigilea:
Jon Lopategi, bertsozko mezularia. Biografia eta bertsoak (Bertsolari liburuak, 2000)
Hitzaurrea, Bapatean 1990 (EHBE-Elkar, 1991)
Hizketa bizia eta txukuna bertsogintzan. 1. Bertsolamintza (Zestua, 1993)
Bertsolaritza eta bertsogintzari buruzko analisi artikulu asko argitaratu du, batik bat, Karmel aldizkarian. IKusi "Liburutegia"n.
Epailea:
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia: 1993, 1997.
Araba eta Bizkaiko Bertsolar Txapelketa: 1987, 1990, 1992, 1994,1996 eta 1998.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa: 2000.
Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa: 1997, 1999, 2000, 2001.
Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa: 1996, 1997, 2003.
Lea-Artibaiko herri arteko Bertsolari Txapelketa: 1987, 2000.
Berritxu Saria: 1995, 1997, 1999.
Balentin Enbeita bertso-paper lehiaketa: 1989, 1990,1991, 1992, 1993.
Bizkaiko Eskolarteko bertso-paper lehiaketa: 1993, 1994.

Datu biografikoak

Biografia
Meñakan (Bizkaia) jaio zen, Urezandigoikoa baserrian, 1940ko martxoaren 17an. Herriko eskolan ikasi ondoren, 11 urterekin Zornotzako karmeldarren seminarioan sartu zen. Alesbesen (Nafarroa Garaia) eta Larrean (Zornotza, Bizkaia) jarraitu zituen eliz-ikasketak, Gasteizen egin zituen Filosofiako hiru urteak, eta Begoñan Teologiako lauak. 1966an apaiztu zen eta maisutza-karrera egiteari ekin zion, Valladoliden; 1970ean lortu zuen titulua. Ikastolen mugimenduan sartua ordurako, Bera Kruz ikastolako irakaslea izan zen 20 urtez (1968-1988); euskal kantugintza eta bertsoa irakaspenerako baliabide zituen. Eskolarako euskarazko materialik ez zegoenez, "Euskal Herriko historia I eta II" izeneko bi liburu idatzi zituen 1977an, ikastoletarako eginak. 1982an, Euskal Filologiako lizentzia erdietsi zuen Deustuko Unibertsitatean. 1988an, irakaskuntza utzi eta hiztegigintzari ekin zion Bostak Bat Kultura Elkartean Adorez saileko zortzi hiztegiak argitaratzeko.

Euskaltzalea eta bertsozale sutsua izaki, ekarpen ugaria, anitza eta aberatsa egin du euskararen eta bertsolaritzaren eremuan. Idazle, sortzaile eta itzultzaile emankorra izan da, eta luzea da bere lan esanguratsuen zerrenda. Avilako Santa Teresa Jesusenaren idazlan guztien euskaratze lanagatik Itzulpen Onenaren sari nazionala eman zion 2015ean Espainiako Kultura Ministeritzak, baina ordu batzuk geroago kendu egin zioten atzerriko hizkuntza batetik itzulitako lana ez zela argudiatuta, Santa Teresaren testu originalak gaztelaniaz idatziak baitziren.

Karmel aldizkariko idazle kontseiluko kidea, zuzentzailea eta ohiko idazlea izan da urte luzez eta luzea da bertan argitaratutako artikulu zerrenda; horrez gain, ordea, aldizkari askoren kolaboratzailea ere izan da: Bertsolari, Jakin, Olerti, Garaia, Zeruko Argia, Kili-kili, ... Hitz laua, olerkia eta bertsoa jorratu izan ditu. Olerkia eta estrofen itzulpengintzan nabaria da metrika eta errima sistemak errespetatzeko ahalegina eta erakutsitako trebezia. 1991ko abenduan Hiztegi Batuko lantalde berriko kide izendatu zuen Euskaltzaindiak, eta Gramatika batzordeko kide 1996an; Euskaltzain urgazle izendatu zuen urte berean 1996an, eta Ohorezko Euskaltzain handik hamalu urtera, 2010ean.

Bertso-epaile lanetan aritu zen XX mendearen azken hamarkada eta XXI.aren hasierako urtetan antolatu ziren hainbat bat-bateko txapelketa eta bertso-paper lehiaketetan: Lea-Artibai eskualdekoetan, Bizkaia eta Euskal Herriko Eskolartekoetan, Araba eta Bizkaiko bertsolari txapelketetan eta Euskal Herriko Txapelketa Nagusian besterik beste. Ekarpen handia egin du Bertsozale Elkartean ere: Bizkaiko Bertsozale Elkarteko zuzendaritza kidea, idazkaria, (1991-2000) eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko zuzendaritza kidea (1991-1994) izan zen. 1989ko apirilean "Bertsoak epaitzeko erizpide nagusiak" finkatzeko egin ziren bi bilkuretan hartu zuen parte; irizpide hauek izan dira orduz geroztiko Txapelketako bertsoak epaitzeko arauen oinarriak aldian aldiko berrikuspenek aberasturik. Bertsozale Elkarteak antolatu zuen lehen Bertsolamintzan (Zestua, 1993) "Hizketa bizia eta txukuna bertsogintzan" ponentzia aurkeztu zuen.

Bertsolaritzari eskainitako artikulu asko argitaratu ditu, nagusiki, Karmel aldizkarian, baina baita Bertsolari aldizkarian ere. "Hitzezko txirlorak" olerki liburua argitaratu zuen 1985ean (Elkar), eta "Jon Lopategi bertsozko mezularia" biografia eta bertso hautatuen liburua 2000 urtean (Bertsolari liburuak).

Bere haurtzaroa eta sasoi aroaren oroitzapenak biltzen dituzten bi liburu argitaratu zituen gero: "Nire Umetako Meñaka" (Meñakako Udala, 2006) eta "Nire sasoiko Markina-Xemein" (Markina-Xemeingo Udala, 2009). Bilboko Liburu Azokak Urrezko Luma saria eman zion lehenarengatik 2006. urtean.

2010ean, bere ibilbidea goratu eta eskertzeko, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapela jartzeko hautatu zuen Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Barakaldon jokatu zen finala abenduaren 18an, eta Harkaitz Estiballesi jantzi zion txapela.

Durangoko Liburu Azokak omenaldi sumea egin zion 2011an euskalgintzan egindako ibilbideagatik. Handik bost urtera, 2016ko abenduaren 3an, Meñakako Udalak omendu zuen Euskararen Nazioarteko Egunean, eta bere izena eman zioten Meñakako udal liburutegiari. Luis Baraiazarra izena du orduz gero jaioterriko liburutegiak.

Markina-Xemeingo Karmeldarren komentua bizitu zen 1967az gero. 2024ko urriaren 6an zendu da Galdakaoko ospitalean, 84 urte zituela.

Bertsolaritzan lehen pausuak

Lehen plaza
Epaile: Lea artibaiko herrien arteko txapelketan (1987). Mahaikideak: Antton Mari Aldekoa, Eusebio Osa, Iñaki Sarriugarte, Trino Azkoitia, Abel Muniategi

Argitalpenak

Argitaratutako liburuak
Hitzezko Txirloak. Olerki liburua (Elkar, 1985)
Nire Umetako Meñaka (Meñakako Udala, 2006)
Nire sasoiko Markina-Xemein. (Markina-Xemeingo Udala, 2009)
Euskal Herriaren historia I eta II
Adorez saileko hiztegiak ( 8 ), elkarlanean (Bostak Bat Kultur Elkartea)
Euskalkien lekua literaturan. (askoren artean, Mendebalde arg., 1999)
Euskal gramatika: lehen urratsak V: Mendeko perpausak-1, osagarriak, erlatiboak, konparaziozkoak, ondoriozkoak. (askoren artean, Euskaltzaindia arg., 1999)
Euskal gramatika lehen urratsak. VI: Mendeko perpausak-2, baldintzazkoak, denborazkoak, helburuzkoak, kausazkoak, kontseziozkoak eta moduzkoak. ( askoren artean, Euskaltzaindiak arg., 2005)
Santi Onaindia. 1909-1997. Biografia (Julen Urkizarekin, Bidegileak, 1998)
Augustin Zubikarai: 1914. Biografia (Julen Urkizarekin, Bidegileak, 1999)
Lino Akesolo: 1911-1991. Biografia (Julen Urkizarekin, Bidegileak, 2002)
Hipolito Larrakoetxea: 1892-1976 (Julen Urkizarekin, Bidegileak, 2004)
Frai Bartolome Santa Teresaren idazlan guztiak, elkarlanean
Joan Gurutzekoa. Artea bizitza gogoetak (Julen Urkizarekin, Karmel sorta, 1990)
Joan Gurutzekoaren Erromantzeak. Itzulpena (Bidegileak, 1991)
Elizaren historia Euskal Herrian. Euskarazko idazketa (Karmel, 1995)
Karmeldarrak Markinan. (Julen Urkizarekin, Karmel arg, 2001)
Santa Teresa Lisieuxkoaren idazlan guztiak. Euskarazko idazketa (Karmel, 1996)
Teresa Lisieuxkoaren Eskuizkribu autobiografikoak. Euskarazko idazketa (Karmel, 1996)
Frai Bartolome Santa Teresa, idazlan guztiak (Julen Urkizarekin, Karmel 2000)
Avilako Santa Teresan Jesusenaren lan guztiak. Itzulpena (Karmel, 2016)