Biografiak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
Manuel Antonio Imaz "Altzoko Imaz"
Datu pertsonalak
Bertsolaritzan
- Jarduera mota nagusia
- Bertso-jartzailea
- Jarduerei buruzko azalpenak
- Bertso-jartzaile oparoa eta ezaguna. Pello Errotak, Asteasuko bertsolari handiak: "bertso jartzen gu ez gera Imazen zapatak lotzen asteko ere!". Elizondoko Euskal Festetako poesia txapelketan (1879), Darrupe-Harluz urruñarrarentzat (Urruina, Lapurdi) izan zen lehen saria eta ohorezko aipamena jaso zutenetakoa izan zen.
Datu biografikoak
- Biografia
- Altzoko Legarre baserrian (Gipuzkoa) jaio zen 1811ko maiatzaren 19an. Artzadun baserriko Maria Paula Jauregirekin ezkondu zen 1836ko agorraren 22an, eta bost alaba eta hiru seme izan zituzten. Ezkondutako urtean pago-landare bat aldatu zuen Imazek Basaitz mendian, Gaztain-motzeta deritzan basoan. "Imazen Pagoa" izenez ezagutzen da pago hau, egun; Babestu beharreko zuhaitz berezien zerrendan sartu zuen Eusko Jaurlaritzak 1997an. Arreta handiz kontu egiten omen zion Manuel Antoniok. Zenbat loditzen ari zen ikusteko, tarteka, gerrikoa erantzi eta neurtu egiten omen zuen. Gero, etxea joan eta kupela neurtzen omen zuen, eta hala antzematen zion zenbat irabazi zuen azkenekotik. Diotenez, halaxe egin zuen hil zen aurreko astean.
Bertso-jartzailea zen, litekeena da bat-batean ere aritzea, baina bertso paperetan utzitako emariagatik pasatu da historiara. Bertso-jartzaile oparoa eta ezaguna izan zen. Hala esaten omen zuen Pello Errotak, Asteasuko bertsolari handiak: "bertso jartzen gu ez gera Imazen zapatak lotzen asteko ere!". Elizondoko Euskal Festetako poesia txapelketan (1879), Darrupe-Harluz urruñarrarentzat (Urruina, Lapurdi) izan zen lehen saria eta ohorezko aipamena jaso zutenetakoa izan zen altzotarra.
Bertsoak jartzeko grinak eraginda, baserriko edozein langintzara zihoalarik ere, patrikan lapitza eta papera hartuta joaten omen zen. Eta bertsoa bururatutakoan, lanari utzi eta eskribitu egiten omen zuen. Ama gogotik haserretzen zitzaion horregatik itxura denez, eta errietan egiten omen zion: " iri eskola aundia ematen or aritu gaituk, eta orain eztiguk lanik batere egiten, bertso eskribitu besterik ez dakik eta!". Behar bada hala izango da, ez zela baserriko lanetarako langile aparta izango alegia. Baina bertsolari langilea izan zen.
Erlijio-gaia duten bertso sortak dira ezagutzen zaizkion gehienak. Honen zergatia azaltzeko Antonio Zavalak hiru arrazoi ematen ditu: nagusiak agindu ziolako (maizterrak ziren), Tolosako Erretoreak agindu ziolako, eta bere barruak hala agintzen ziolako. Dena den, bestelako bertsoak ere jarri zituen baina gutxi batzuk izan ezik ez dira ezagutzen. Itxura denez, erlijio-gaia zutenei bere izena beti jartzen zien, ez ordea istilurik ekar ziezaieketenei: neska-mutilen arteko bertsoei, gerra garaikoei… 1858koa da ezagutzen zaion bertso-sorta zaharrena, eta orduz gerozkoak erlijio-gaikoak dira ia denak, baina segurutzat jotzen du Zavalak lehenago idatziak izango zituela.
Antonio Zavala bertso-biltzaile handiak lekua egin zion bere Auspoa sailean, eta bere bizitzako pasarte nagusiak eta bertso bilduma jasotzen duen liburukia argitaratu zuen 1967an (Auspoa 68-69-70). Bertatik hartua da hemen bildutako informazioa.
Jaiotako toki berean, Altzoko Legarre baserrian, hil zen 1893ko azaroaren 9an, 82 urte zituela. Herriko eskolari, "Imaz Bertsolaria Eskola" izena jartzea erabaki zuen Altzoko Udalak 1981 urtetan, eta izen hori darama orduz gero Altzoko herri-eskolak.
Argitalpenak
- Argitaratutako liburuak
- Altzoko Imaz. Auspoa liburutegia 68-69-70, 1967
- Argitaratutako grabazioak
- Markez, Mikel. "Erbia", Aiarrak kantu eta bertsotan, (Homer Studios, 2005)
Beste lanak
- Bertso jarri ezagunenak
- Bertso berriak, erbiari jarriak
Jesu-Kristoren pasio santuaren bertso berriak
Oiarbideko morroiarenak
Heriotzako lezio on bat
Eguberri-bezperan da gau ditxosoa
Inork jakin nahi badu zartzaren berria