Biografiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Miel Frantzisko Zubeldia "Artxanberri"

Datu pertsonalak

Izena
Zubeldia, Miel Frantzisko "Artxanberri"
Izen abizen osoak
Zubeldia Aldasoro, Migel Frantzisko
Jaiotza
1894 Zaldibia + Zaldibia < Goierri < Gipuzkoa < Euskal Herria
Heriotza
1974 Altzo + Altzo < Tolosaldea < Gipuzkoa < Euskal Herria

Bertsolaritzan

Jarduera mota nagusia
Bertsolaria

Datu biografikoak

Biografia
1894ko abuztuaren 8an jaio zen Zaldibiako Ernaitzaga-azpikoa baserrian. Orduan oso ohikoa zen bezala, oso gazterik hasi zen lanean, artzain morroi bezala. 18 urte zituela Iparraldera joan zen langintza horretara. Lau urte inguru han egin eta itzuli zenean, artalde bat hartu zuen jabetzan. Ordurako bere sendia Abaltzisketako Iarzagoikora aldatua zen; mendian artaldea utzi eta Abaltzisketako ostatura sartu orduko hala esan omen zion bertako nagusiak: hara gure artzaiberri! Handik aurrera batzuentzat Patxi eta besteentzat Artxanberri izango zen; bertsozaleentzat, Artxanberri.

1935 inguruan, artzantza utzi eta ezagun egingo zuen beste ofizio bat hartu zuen: azeri-harrapatzailea. ia Euskal Herriko lurralde guztietatik deitzen omen zioten langintza horretarako. Baita kanpo-herrietatik ere, Burgosetik-eta.

Ez zen plazaz plaza asko ibilitako bertsolaria izan, ezta txapelketetan ere. Inguruko herriren batean ariko zen noizean behin, baina ez dago plazako bertsolaria zela esaterik; lagunartea, taberna giroa zen bere lekua. Emazte Manttonik esaten omen zuenez, dei asko jasotzen zituen herrietatik bertsotara joan zedin, baina joan nahi ez… Bere garaiko txapelketa guztien liburuak begiratuta ere ez da bere izenik topatuko. Bertsolari ezaguna zen halere, eta bere garaiko bertsolari handienekin aritu zen kantuan: Txirrita, Txapel, Prantzes Txikia, Uztapide, Basarri, Lasarte, Lazkao-Txiki… Hauetatik testigantza utzi dutenek nabarmen aitortu diote bere bertsolari izaera, eta bere bertsoak hartu dituzte gogoan.

Zaldibiako herriak omenaldia eskaini zion 1974ko ekainaren 29an, San Pedro egunean. Han izan ziren Manuel Olaizola "Uztapide", Lasarte, Patxi Iraola eta beste; Artxanberri izena darama orduz gero Zaldibiko kale batek.

Zaldibiko omenaldia jaso eta gutxira zendu zen, Altzon, Altzo Azpiko Seroretxen, 1974ko abuztuaren 7an, 80 urte bete bezperan.

1977an, bere izena ere bazeraman "Artxanberri eta Pello Errota saria" bertsolari gazteen txapelketa antolatzen hasi ziren Zaldibian, eta bi urtez behin antolatu zuten 1989a bitartean. 2024ko abuztuaren 6an, heriotzaren berrogeita hamargarren urteurrenean, plaka berri bat jarri zuten berari eskainitako kalean goratzarrez eta oroigarri.