Biografiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Patxi Goikolea

Datu pertsonalak

Izena
Goikolea, Patxi
Izen abizen osoak
Goikolea Zabala, Patxi
Jaiotza
1933 Arrasate + Arrasate < Debagoiena < Gipuzkoa < Euskal Herria

Bertsolaritzan

Jarduera mota nagusia
Eragilea
Jarduerak
Antolatzailea
Bertso-eskolako eragilea
Bertso irakaslea
Bertso grabatzailea
Biltzailea
Epailea
Gai-jartzailea
Jarduerei buruzko azalpenak
Bertso Eskola sortzailea eta irakaslea: Almen ikastola eta Apotzagako bertso-eskola 1974-1994.
Biltzailea: 1970-1980 hamarkadetako bertso saio grabaketak, argazkiak, artikuluak ...

Epailea:
Gipuzkoako Bertsolari Kanporaketa 1985 eta 1988
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, Gipuzkoako kanporaketa: 1985 eta 1988
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia: 1986
Arrasate Bertso-Paper Lehiaketa (Arrasate), 1987
Ezeizatar Eusebio Bertso Saria (Ibarra), 1992
Emilio Urzelai Bertso Sariketa (Oñati), 1998
Oñatiko Bertsolari Txapelketa (Oñati), 2012

Datu biografikoak

Biografia
Arrasaten (Gipuzkoa), kaletxean, jaio zen 1933ko apirilaren 1ean. Hiru urte zituen 1936ko gerra hasi zenean, eta Bilbora joan zen ihesi gurasoekin. Lau urte zituelarik, aita espetxeratu egin zuten eta amonarengana, Aretxabatetako Goroeta auzoko (Gipuzkoa) Eskola-etxera joan ziren bizitzera sendi osoa; bertan bizi izan zen 1954an Arrasatera itzuli ziren arte. Goroetako Eskola-etxean eta San Viator ikastetxean egin zituen oinarrizko ikasketak, eta, gero, Ofizialia Industriala ikasi zuen Arrasateko Eskola Profesionalean. Soldaduskatik itzultzean, Tesan hasi zen lanean baina urte gutxira, 25 urte zituela, Arrasate kooperatiba sortu zuten eta bertan hasi zen lanean. 1957an ezkondu zen Gregori Diazekin eta honen jaiotetxean (Mazmela baserria, Eskoriatza) bizitu ziren arik eta 1963an emaztea eta hiru seme-alabekin Arrasatera itzuli zen arte. Arrasaten jaio zen , laugarren semea, Danel, bertsolaria.

Haurren bertso-eskola mugimenduaren sortzaileetakoa izan zen Xanti Iparragirre eta Joanito Akizurekin batera. Eskoriatzako Almen Ikastolako (Eskoriatza da lurrez, baina Aretxabaletarekin muga-mugan dago kokatua; Eskoriatza, Aretxabaleta eta Aramaioko ikasleak biltzen ziren bertara) gurasoak ziren eta beraiei zor zaie lehen urrats hori. Bertsozaleak ziren hirurak, etxeko transmisio etena atzematen hasiak ziren, bailaran bertsozaletasuna hiltzorian, eta hutsune hori betetzeko ahalegina egin nahi izan zuten: "ez genuen burdina bakarrik jan behar" dio Patxik, bertsozaletasuna sortu nahi zuten bailaran. Honela deskribatzen du Joanito Akizuk: "Patxi organizatua zen, dena ondo lotuta ikustea gustatzen zitzaiona". Ez zuten erreferentziarik, ez jarraitzeko eredurik ere, baina ideiarekin aurrera egitea erabakirik, 1974an jarri zuten abian egitasmo aitzindari hau, arrakastatsu: Almeneko zuzendaritzari eta gurasoei proposamena luzatu zien eta, ondoren, larunbat goizetan hasi ziren haur taldeekin biltzen; 125 ikaslek eman zuten izena lehen deialdian. Metodo eta jarraibide argirik gabe, beraien artean Abel Muinategiren laguntzaz egindako gida bati jarraituz hasi ziren: bertso zaharrak kantatu, doinuak ikasi, ondo pasa ... Gogo berezia zutenak Apotzagako "Hauzo Etxe" elkartean biltzen hasi ziren gero eta, poliki-poliki, bat-batean trebatzen. Inguruetako herrietara joaten hastea izan zen hurrengo pausua ikasitako bertsoak kantatuz, jendaurrean trebatuz. Erreferente bihurtarazi zituen bertsolari uzta aberatsa ekarri zuen eskola horrek: Jon eta Aitor Sarasua, Arantzazu Loidi, Jon Iñaki Izartzelaia, Felix Iñurrategi, Danel Goikolea ... batzuk aipatze arren; baina bertsolariak sortzea ez ezik, talde horrek Leintz bailarako bertsolazaletasuna suspertzen eta hauspotzen egindako ekarpena ere nabarmendu behar da.

Zabalkunde azkarra izan zuen Almeneko talde honen proposamenak, Xabier Amurizak garaitsu horretan gizarteratu zuen bertsotan ikasteko metodologiak indartuta. 1980ko hamarkadaren hasieran, Almeneko taldeak egindako eskaerari helduz, Gipuzkoako Ikastolen mugimenduak bereganatu zuen proiektua lurraldeko Foru Aldundiak babestuta, lurraldeko eskoletara zabaldu, indartu, sendotu eta egonkortzeko: mugimendua koordinatzeko liberatua (Mikel Mendizabal), material didaktikoak, ikasle topaketak eta eskolarteko txapelketak ekarriko zituen horrek. 1981ean antolatu zuen Gipuzkoako Ikastola Elkarteak lehen Eskolarteko Txapelketa eta Almenekoentat izan ziren bat-bateko bi sari nagusiak: Jon Iñaki Izartzelaia izan zen txapelduna 13 urte artekoetan eta Jon Sarasua 13-16 bitartekoetan, eta idatzizko ia guztiak. Indar handia hartu zuen Gipuzkoan abiatu zen mugimendu honek, eta euskal lurralde guztietara hedatu zen urte gutxitan.

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko kidea izan da hastapenetatik, sortzaileetakoa. 1985-86ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko epailea izan zen, Gipuzkoako Kanporaketan eta fase nagusian; 1988ko Gipuzkoako Kanporaketa fasean errepikatu zuen. 1989ko apirilean "Bertsoak epaitzeko erizpide nagusiak" finkatzeko Euskal Herriko Bertsolari Elkarteak antolatu zituen bi bilkuretan hartu zuen parte; irizpide hauek izan dira orduz geroztiko Txapelketako bertsoak epaitzeko arauen oinarriak aldian aldiko berrikuspenek aberasturik. Dena den, gogorra egiten zitzaion ordurako goi-mailan zebiltzan beren eskolako bertsolariak epaitu beharra eta aldendu egin zen langintza horretatik neurri handian gazte mailako hainbat bat-bateko sariketa eta bertso-paper lehiaketako epaile izan baldin bada ere geroztik: Arrasate Bertso-Paper Lehiaketa; Emilio Urzelai Bertso Sariketa (Oñati); Ezeizatar Eusebio Bertso Saria (Ibarra); Oñatiko Bertsolari Txapelketa...

Gizon antolatua eta ordenatua izanik, Leintz bailaran bertsolaritza indartzeko ahalegin horren testigantza ugari du jasoa: argazki, artikulu, grabaketa, bertso-eskolako gazteekin izandako bertso-gutun trukeak, bertso idatzi ... Taldeko aurkezle eta gai-jartzailea izatea berari egokitu zitzaion, eta, horrez gain, inguruan egiten ziren bertso saio asko grabatu eta bildu du 1970 eta 1980ko hamarkadetan. 2023an, Xenpelar Dokumentu Zentroari utzi dio urte horietan osatutako funtsa. 185 kasete, transkribatutako 330 bertso-sorta inguru eta abar.

Egindako lan guztia eskertu nahian, Leintz bertso eskolak, omenaldia egin zien hiru aitzindariei 1986ko otsailaren 15ean, Patxi eta Joanito bertan zirela. Euskal Herriko Bertsolari Elkarteak ohorezko bazkide izendatu zuen Patxi Goikolea 1989ko urtarrilaren 29an egin zuen Batzar Nagusian.

2024ko apirilaren 28an, Almeneko haur bertso-eskola haren sorreraren 50. urteurrenean, Gipuzkoako Bertso-eskolen Eguna antolatu zuen Aretxabaletan
Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak, mugimenduaren aitzindaritza aitortuz eta eskertuz. Gero, 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sari nagusiak emateko ardura izan zuten Patxi Goikoleak eta Arantzazu Loidik (Donostian, abenduaren 14an): 25 urtez azpiko onenaren saria eman zion Aner Peritz "Euskitzeri", eta Arantzazu Loidik jantzi zion txapela txapeldunari, Alaia Martini.