Biografiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Patxi Larretxea

Datu pertsonalak

Izena
Larretxea, Patxi
Izen abizen osoak
Larretxea Lazkano, Patxi
Jaiotza
1959 Arantza + Arantza < Bortziriak < Iruñeko Merindadea < Nafarroa < Euskal Herria

Bertsolaritzan

Jarduera mota nagusia
Gai-jartzailea
Jarduerak
Antolatzailea
Epailea

Datu biografikoak

Biografia
Berako Lanbide Heziketa eskolan ikasketak egin eta gero UNEDen Soziologia ikasketak gauzatu zituen.
Bertsoarekiko zaletasuna haurtzarotik datorkio, Arantza herria hagitz bertsozalea izanda. Bera haurra zela urtean zehar bizpahiru bertso saio egiten ziren Arantzan punta-puntako bertsolariekin, eta han egoten omen zen adi-adi haiek entzuten, aitaren ondoan. Gerora, 80ko hamarkadan, AEKn hasi zen lanean eta Xabier Amuriza ezagutu zuen, Arantzara bertsolaritzari buruzko hitzaldi bat ematera joana zena. Zu ere bertsolari liburua idatzi berri zuen Amurizak eta horri jarraituz hasi zen bertsoaren barrunbeak ezagutzen.
Bertso saioak antolatzetik eta sustatzetik ere hurbildu zen bertsolaritzara. Gerora, gai-jartzaile eta epailetzan egin du ibilbidea, antolakuntza lanekin batera. Bat-batean jende aitzinean bertsotan egin ez badu ere, bertsoak idaztea gustuko izan du, eta gaur egun ere aritzen da horretan. Bertzeak bertze, enkarguz egindako bertsoak jartzen ditu: urtemugak zoriontzeko, ezkontzetarako, eskeletarako eta abar. Bertsolaritzari buruz, Ttipi-ttapa aldizkarian idatzi izan du eta Bertsolari aldizkarian ere bai.
Ttipi-ttapan idazteko ohitura zuen, eta urte batez, Nafarroako Bertsolari Txapelketaren inguruan monografikoa idatzi zuten, hori izan zela medio gai-jartzaile lanetan hasi zen, eta gero epailetzan. Gai-jartzaile bezala, Nafarroako Bertsolari Txapelketan aritu izan da hainbat urtez, eta eskualdeko herrietan egiten ziren bestetan ere bai. Gerora, Nafarroako Txapelketan epaile bezala hainbat urtetan parte hartu zuen, baita Bertsolari Txapelketa Nagusian ere: 1997an eta 2001ean. Antolakuntza lanetan ere aritua naiz, Nafarroako Bertsozale Elkarteko zein Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko zuzendaritzetan parte hartuz.