Biografiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Piarres Ibarrart "Bettiri"

Datu pertsonalak

Izena
Ibarrart, Piarres "Bettiri"
Izen abizen osoak
Ibarrart, Piarres
Jaiotza
1838 Jatsu + Jatsu < Lapurdi Erdialdea < Lapurdi < Euskal Herria
Heriotza
1919 Baiona + Baiona < Biarritz-Angelu-Baiona < Lapurdi < Euskal Herria

Bertsolaritzan

Jarduera mota nagusia
Bertso-jartzailea
Jarduerak
Bertsolaria

Datu biografikoak

Biografia
"Lapurdiko Jatsun 1838 an sortu zen Piarres lbarrart bertsolaria, gazterik xantre sartu Baigorriko elizan, sari asko irabazi Lore jokoetan eta adin ederrean hil Baionan 1919an."

" Bai plazan eta bai paperean eginiko lanarengatik, bertsoegile famatua izan zen Ibarrart, alabaina, eta Mendiguren-Izagirre bikoteak esandakoari jarraikiz, «ez da, zoritxarrez, merezi lukeen bezain ezaguna gure artean, haren poesiaren kalitatea kontuan izanik». Betiri edo Piarres Ibarrart Jatsuko Ithurraldian jaio zen 1838.eko otsailaren 13an. Ama ezkongabea izanik, abizena amarengandik jaso zuen, aita zenaren hatzik ere ezagutzen ez delarik. Zazpi urteko soldadugo luzea Montelimar hirian egin ostean etxera itzuli eta zapatari jarri zen. 1867ko azaroaren 19an Marianne Darré lehengusinarekin ezkondu zen, alabaina eta horretarako baimena eskatu ez zuenez hainbat urte iragan behar izan ziren egoera guztiz normaldu zen arte, elizaren barruan behinik-behin. Gazte-gaztetandik jardun zuen Bettirik bertsolari, etxekoen aitzinean lehenbizi eta auzokoentzako gero, bai plazetako oholtzeetan bai tobera-munstra, galarrotsa edota gisa bereko ekitaldietan. Halako batean eta Baigorriko gazteriak deituta, bertan egin zen tobera batean aritu zen koblari; zelatan ezkutuki zebilen Barnetxe erretoreak entzun eta Ibarrarten lanarekin arras gustaturik, elizako koruko kantari, hau da, txantre moduan Baigorrira etortzeko luzatu zion konbitea, Ibarrartek deblauki onartu zuena. Baigorrin berrogeita lau urte eman ostean, Baionan zuen alabarengana joan zitzaigun, eta hantxe urte bi edo emanda 1917ko maiatzaren 5ean zendu zen. Behin Baigorrira eginez gero Ibarrartek ez zuen plazetan harzara kantatu Barnetxe apaizak hala eskaturik, eta Etxahun eta Otsalde bezalako bertsolari ospetsuekin dematu zen bertsoegile herrikoia betiko isildu zitzaigun, geroztik bertsoak paperean pausatzen zituen olerkaria sortu zelarik.

Ibarrartek olerkiak aurkezteko berebiziko aukera hauta topatu zuen Abbadiek antolatu lore jokoetan. Lehenbizi bertsoak kantatzeko biltoki ezin hobea suertatu zitzaion, eta behin baino gehiagotan saritu zioten bere lana ona; 1869an Saran kantatu zuen Maria Louisa Ossorio bertsolaritsa azkaindarraren aurka eta 1871an Sarako Etxetorekin aritu zen. Ostera, idazle moduan aurkeztu zuen lehenbiziko lana 1869ko «Kantuak Larrungo mendiari» dugu. 1871.ean berriz ere Saran eginiko festetan aurkeztu zuen bere olerki bat, «Soldado ondoa»; hurrengo urtean, ordea, epaimahaikoek ez zuten irabazlerik iragarri, eta Martin Gilbeau medikuak parte hartu zuten olerkariek haien idazkiak egunkarietara igortzeko eskakizunari men eginez, Ibarrartek bere «Gerlako presunier bat» Le Courrier de Bayonne eta L'impartial de bayonne egunerokoetan agertarazi zuen: «Eskal herritto bat da nere sor-lekhua / Gerletara xortetik izan niz deithua / Prussiano etxaiez han preso hartua / Nahi duten lekhura hetaz gidatua / Sei hilabete osoz heien menekua...»; ostera, berc edizioan aurkeztu «Itsu bat» ez zuen argitara eman. 1875.ean «Kantari bat». 1878ko festetan «Xinaurria eta xoria» aurkeztu zuen, eta sariztaturik gertatu ez zenez, 1879an Donostian eginiko festetan arraurkeztu zuen, ohorezko aipamena jaso eta Manterolak bere kantutegian argitara eman zuelarik. Urte berean, Elizondon eginiko lore jokoetan ohorezko aipamena jaso zuen Agustin Etxeberri saratarrarekin batera.

Ibarrartek ez zuen saririk irabazi 1882ra arte; urte hartan Sarako lore jokoetan bere «Ikhazkina mendian» saritu zioten Larrondoberriren «Alegia» olerkiarekin batera: «Gazterik hasi nuen gogoa alhatzen / Bakezko estatua zein othe zaiteken / Ez bainuen kausitzen egonez herrian / Hortako jarri nintzen ikhazkin mendian...». 1884eko lehiaketan «Uso saretan hatzemana» aurkeztu zuen, lehenbiziko saria balio izan zitzaiona: «Amari eman hitza nuelakotz hautsi / Eskual Herrian nintzen saretara jautsi / Handik hegaldatzea ezin ardietsi / Ihiztari zaharrak nau kaiolan hetsi...». Etxarri-Aranatzen ospatu beharreko baina azken unean Sarara aldatu ziren 1885ekoetan, berriz, «Laborari etxeko alaba»; 1886an Urnietan «Betiri Itsasukoaren balentria»; 1888an Kanbon «Pilatus hiritarra»; Maulen 1890eko irailaren 21 eta 22an egin ziren festetan «Bildots ait'amez gabetua»: «Sorthu nintzen neguko gaurik hotzenean / Aita hil berria zen ni munduratzean / Amaz gabetu nintzen gau hartan berean / Ume zurtza gelditu etxola batean...». Donibane Lohitzunen 1892an ospaturikoetan bigarren saria eskuratu zuen «Itsua eta sastrea» lanarekin: «Eskualdun bat zen itsu eta bertsulari / Atez ate zabilan iloba gidari / Soineko eta diru, janari eta edari / Nasaiki biltzen zuten bertsu eman sari...». Ustaritzen 1893ko ospakizunetan lehenbiziko saria eman zioten bere «Artzaintsa gazte baten bozkarioak» lanarengatik: «Zelhaietarik ikusten duzu gure etxea mendian / Eta gorago etxola hura harroka baten aldean / Mendi kaskoan andre gazte bat arthaldearen erdian / Ni nago hemen ardien zaintzen nere kilau gerrian / Egon ditezen ene aitamak bakotxa bere lanean...». Hazparnen 1894ean eginikoetan ohorezko aipamena jaso zuen «Mutil zahar bat bere mahastian» olerkiak «Aitak eman zerautan zerurat joaitean / Enetzat mahastia hartzeko lanean / Arta nezala / Aitak bezala / Haintzur eta jorra / Laguntzat hor nuela, sotoko oporra...», eta urte berean Donibane-Lohitzunen eginikoetan bigarren ohorezko aipamena jaso zuen bere «Eskuara, eskualdunak eta heyen loriak» lanarengatik: «Gizon eskualdun zahar ohoragarriak / Biloa xuri bezain kolore gorriak / Hitz ederrak mihian arrai arpegiak / Agur derautzuegu oi gure loriak...». Beran 1895ean «Madalen Sarako Martira». Kanbon 1896ko abuztuan ospatu lore jokoetan lehenbiziko sariaren 50 libera eman zizkioten «Aitatxi baten solasak bere ilobaso xumeari» lanari esker: «Ikusten dugu gizon bat aitasotu denean / Etxaintzinean jarririk alki baten gainean / Bere haurrak ezarririk bizi molde onean / Ilobaso xume bati dagola solasean». Ezpeletan 1895eko irailaren 24an eginikoetan hirugarren saria eskuratu zuen «Aita zuurra eta irur semeak» lanarekin. Ibarrarten hemezortzi koblak Piarres Lafittek eman zituen argitara 1948ko Herria aldizkarian."

Iturria eta informazio gehiago:
- Bidaidor, Joxemiel. "Hiru zapatari Bertsogile". IN. Euskaldunon Egunkaria, 2000ko martxoa.
- Literaturaren zubitegia: http://zubitegia.armiarma.com/?i=376 ]
- Xarriton, Piarres; Urkizu, Patri. "Koplari zeinbaiten bizitzaz eta bertsoez ohar labur batzuk". IN. Urkizu, Patri. Anton Abbadiaren Koplarien guduak (1851-1897). Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1997. http://www.euskomedia.org/PDFAnlt/mono/abbadie/03/03419428.pdf

Beste lanak

Bertso jarri ezagunenak
Aitak eman zerautan ; Mitxelengo zubian ; Madalen Sarako martira (1895) ; Aitaso baten solasak bere ilobaso xumeari (1896)
Xinaurria eta xoria (1880) ; Ikhazkin mendian (1882) ; Uso saretan atzemana (1884) ; Mendigaineko Mariaren konfesioa Baigorriko xantreari (1885) ; Betiri Itsasukoaren balentria (1886) ; Pilatus kiritarra (1888) ; Bildots ait'amez gabetua (1890) ; Itsua eta sastrea (1892) ;

Lore Jokoak:
1869, Larrungo mendiari;
1871, Soldado ondoa;
1872, Gerlako presonier bat; ltsu bat;
1875, Kantari bat;
1878, Xinaurria eta xoria;
1882, lkhazkin mendian;
1884, Uso saretan atzemana;
1885, Mendigaineko Maria;
1886, Betiri ltsasukoa;
1888, Pilatus hiritarra;
1890, Bildots ait´amez gabetua;
1892, ltsua eta sastrea;
1895, Madalen Sarako martira.