Galtzak soinean euki ezinik
hemen dator Amuriza
testigu zuek zarete eta
Gernikan dagon haritza
Euskal Herria, zuretzako da
nire juramentu hitza
badakizunez heriotzatik
argira hortxe gabiltza
zu askatuta ikusi arte
emango dizut bizitza.
Juramentuak ez du ezertxo
obrarik gabe balio
euskaldun bati bere odola
ta indarra eskatzen zaio
zer aurrerapen, zer tresna berri,
zer zientzi ta arraio!
Gizaki bati bere pultsua
askatasunak damaio
esklabo bizi garen mundura
hobe zen basurde jaio.
Hitz egitean zin egin dugu
bakoitzak badaki nola
nire arima oraintxe dago
esperantza dariola
juramentua egiten dizut
oi Gernikako arbola!
Gure herria ez dala hilko
ezpatapean inola
hortako behar banauzu hemen
daukazu nire odola.
Doinu bikain hau ere bertso desberdinez erabili da han eta hemen historian zehar. 'Bakarrik bizitzeaz' izeneko bertsoaldia (izenburuz 'Mutil zaharra'), Larralde sendagileak egindakoa da, 1864an Sarako euskal festetan saritua izan zena, eta argibide askorekin Jose Manterolaren Cancionero Vasco I,3, 33-48 orrialdetan ikus dezakezuna. Zein gozo ta eder den izenekoa kantatzen genuen eta kantatzen da gure elizetan.