S. Lizaso:
Sarri askotan eginak gera
biok kantatzeko zita
herri, auzo ta elkarteetara
eginak gera bisita.
Txoropitoa degula Peña
sarri pentsatzen hasita
pentsatu gabe bururatzen zait (bis)
aurrez aurre ikusita.
A.M. Peñagarikano:
Baina desberdin dira erabat
aurrea eta atzea
ta aurrez aurre gauden ezkero
nahi nuke garbi jartzea
besten akatsak kontatzen hemen
iritsi al da trantzea?
Askoz hobea ez al da izango (bis)
nork bereak zuzentzea?
S. Lizaso:
Nere ustetan bide hortatik
ez doa gure auzia
bertsotarako errespetoa
zaharrek erakutsia.
Pentsatu eta gauza asko dut
nik esan gabe utzia
ta zuri buruz sekula ez dut (bis)
esan nahi dudan guzia.
A.M. Peñagarikano:
Itxura danez besteren aurka
zuk jotzen dezu dultzina
besten akatsak hola esatea
ez da gauza atsegina
bainan hori bai garbi badakit
banaiz aitortzeko adina
ez zinakeela azpeitiarra (bis)
harroputza ez bazina.
S. Lizaso:
Azpeitiar ta harroan famak
badu hainbat konpromisu
errespetoak hala ere nigan
badu behar hainbat pisu.
Nere akatsak neuk aitortzeko
zertan eskatzen didazu?
Nik ez dadukat zer esanikan (bis)
zeuk esaten baitituzu.
A.M. Peñagarikano:
Hainbat urtetan geratu gabe
batera eta bestera
hamaika aldiz zuk esan dezu
“Peña txoropito zera”!
“Ta zu harroputz” erantzuten det
hori bientzat galera.
Kanta ezazu errespetoan (bis)
eta moldatuko gera.
Jaio 1846-08-09
Azkoitiako Korta baserrian jaio zen 1846ko abuztuaren 9an. Otsolarre baserrira ezkondu zen eta horregatik jasoko zuen "Otsolarre" goitizena; "Diyo" ere deitzen omen zioten. Anaiak zituen Jose Manuel Soraluze "Muno" eta "Koxkola"bertsolariak. 1917ko martxoaren 14an hil zen.
Joxe Lizasok Uztapideren hileta elizkizunean kantatu zuenetik transkribatu dugu.