Gure gainetik dauden horiek
asko ez ditut miresten.
Zertan dabiltza egingo ez diren
proiektu haundiak aurkezten?
Lehen itsusi zegoen hura
gehiago ari da itsusten.
Ni ezkorra naiz etorkizuna
garbi ez baitut ikusten.
Nahi eta ere gure begiko
malkorik ezin legortu
berrogei urte gauza berean
eta ez da ezer lortu.
Hamaika aldiz esan dudana
berriro nahi dut aitortu:
ilunpe hontan nik nahi nukeen
eguzkirik ez da sortu.
Beste batzuen konpasetara
beti egiten da dantza.
Gure kasoan beti txarrera
okertu ohi da balantza.
Bakar batzuek Euskal Herria
hola nahio dute antza.
Lehen zaharrek esaten zuten
“Izan‘zagun esperantza”.
Hil 1998-08-24
Joanes Arrossagaray Aintzile (Baxenabarre) herrian sortu zen, Mentaberria baserrian. Aita, Domingo, bertako semea zen eta ama, Mariana, Jatsuarra.
Oinarrizko ikasketak eginik, goiz hasi zen lanean.
1977an esposatu zen, Aldude herriko eta Esnazu-Patxikoineko alaba den Mari Etcheverry-rekin. Lau haur ukan zituzten : Bernadette, Peio, Michel eta Elixabet.
Joanesek, etxean eta herrian ez ezik, atzerrian ere toki anitzetan lan egin zuen, sasoina egitera joana.
Lehen bertsuak 16 urterekin bota zizkion apezpikuari, baina 18 urte zituela Emile Larre eta Santos Belokik bultzatu zuten bertsotara. Euskal Herritik urrun ibili arren, bertsua beti gogoan harek.
Txapelketetaz kanpo zenbait biltzar, otordu eta saiotan kantatu baldin badu, gehienik bertsu idatzietan ari izan da aintzildar bertsularia, 2007an argitaratuak izan direnak.
Gazterik hil zen, 1998an, 49 urtetan. 2008ko uztailaren 6an omendua izan da bere sorterrian, oroitarria eraikitzearekin.
Jaio 1914-08-24
Tolosan jaio zen Luis Rezola (1914-1993) Tximela bezala ezagunagoa zena. Bere aitona, Tolosako Izaskun auzokoa, tximel-tximela omen zen eta haren ondorengoek deitura hori hartu zuten. Bertsotan ume-umetatik hasi zen zortzi urterako.
Eusko Gudarosteko kide izan zen eta 1937tik 1940ra arte espetxean egon zen. 1940an, atera zen espetxetik. Baina ez zuen frankismoaren aurkako borroka utzi. 1946an, erregimenaren aurkako paper batzuk banatzea leporatuta, berriz atxilotu zuten. Ondarretako espetxean egon zen. Tximela kikiltzeko, ordea, espetxea baino gehiago behar zen. 1948an, jadanik kalean zela, beste bi lagunekin batera Ikurriña jarri zuen Uzturre mendiko tontorrean.
50eko hamarkadatik aurrera, Zeruko Argia eta Principe de Viana agerkarietan bertso paper ugari argitaratu zuen. Tximelaren lan mardula ederki bilduta dago Auspoa saileko "Bakardadeko ametsak 1 eta 2" liburuetan. 1993an azken arnasa eman eta gutxira jaso zuen bertsozaleen omenaldia, 1994ko Bertsolari Egunean hain zuzen.
Iturria: "Isildu ezin zuten gizona". Aiurri aldizkaria, 2007-08-16. http://www.aiurri.com/berriak.php?id_edukia=6440 ]
Informazio gehiago:
- "Bakardadeko ametsak". Auspoa 204-205. https://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/auspoa/10236.pdf
- Rezola webgunea: http://www.rezola.com
Iñaki Muruak Patxi Iraolarengandik jasotako doinua.