A. Arzallus:	
Pentsatzen dute “Bertsolariek
		badakizkite gai denak
		beren herriko ingurutxoak
		urrun herriko kondenak”.
		Pixka bat jakin gehiegi jakin
		orduan datoz problemak
		ez dakidanaz kantatu ditut
		nere bertsorik onenak. 
M. Lujanbio:	
Ez dakizunaz pentsatu ezkero
		badago zer ikasia
		mundu mailako arazoa nahiz
		gure herriko eskasia.
		Ez dugu iritzi iraultzailerik
		ez dugu arrazoi guzia
		bakarrik dugu gertatzen denaz
		begirada berezia.  
A. Arzallus:	
Ta begiradak ikuspegi bat 
		zabaltzen digu munduan
		geure herriko gatazkatxotan
		edo urrutiko guduan.
		Bide berrian iritzitxo bat
		joaten da bertso moduan.
		Ez dakizuna badakizula
		ohartzen zara orduan. 
M. Lujanbio:	
Ez dakizuna dakizunean
		orduan haizea alde.
		Gure etxeko arazoak ez
		ez dira joaten debalde.
		Palestina, Irak, Egipto, Tunez
		mundu bat alderik alde
		baina arazo denen funtsean
		arrazoi berberak daude. 		
A. Arzallus:	
Sarri zentroan arrazoitxo bat
		eta gu horien bila
		ta espiral bat doa Parisa 
		beste espiral bat Madrila
		beste espiral bat bada Europa
		Afrika ilargi pila.
		Horrexegatik dugu mundua
		mina eta borobila.
M. Lujanbio:	
Denari hitzezko begirada bat
		bertsoak hortantxe zetzan
		zauritzen gera pentsatzen dugu		
		ta ez silloiean etzan. 
		Gure bertsoak baina ez doaz
		kontsigna baten defentsan
		gure bertsoak joaten dira
		entzuleak pentsa dezan. 
A. Arzallus:	
Eta horrela saiatzen gara
		geure baita defendatzen
		entzuleak ta bertsolariak
		eseri eta pentsatzen.
		Ez du mundurik aldatzen baina
		ez du begirik bendatzen
		eta agian lagun lezake
		gure barrua sendatzen. 
M. Lujanbio:	
Munduan zenbat gatazka eta
		zenbat arazo kalkula!
		Politika ta ekonomia
		Europalderuntz brujula.
		Txikia gora etxera etorri
		ta ezin aurkitu formula.
		Azkenerako dakiguna da
		askorik ez dakigula.