Bertsos - View details To know more about this section
1998-12-18 Elgoibar Ekitaldipekoa [Bertsoa] / Xabier Arrizabalaga "Ziarda", German Meabebasterretxea
Bertsoa entzun |
1998-12-18 Elgoibar Ekitaldipekoa [Bertsoa] / Xabier Arrizabalaga "Ziarda", German Meabebasterretxea
Stanza name:
Hamarreko txikia (hg) / Bost puntuko txikia (ip)
Localization:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Ziarda:
Ondo bete nahiean
gaurko papeleta,
jendea agurtzen det
animoz beteta.
Baserri bat gertatu
zalako erreta
jarri dugu hainbeste
gogo ta arreta,
edozeini gertatu
dakioke eta.
Meabe:
Ekainaren hogeia
zeinek ez du entzun?
Ezbeharrak izan du
hainbeste oihartzun!
Geroaren itzala
bihurtu da ilun;
herri guztiak orain
behar du erantzun,
suak erre zuena
eraiki dezagun.
Ziarda:
Uda garai horretan
gertau zan galera;
suerte txarra noski
Artaso aldera;
etxe dena kiskali
eta hormak behera.
Sua ta uran kontuz
bada esaera:
hobeak diradela
gerritikan behera.
Meabe:
Esaera zaharrakin
ederki azaldu,
gizakia sarritan
naturan esklabu.
Gaurko jaialdia da
bizitzan eredu:
gizonok bakarrean
ezer ez gera gu,
baina elkartu ezkero
indarra daukagu.
Ziarda:
Badakigu suak zer
istilu dakarren:
inguruak triste ta
famelia herren.
Hargatik bildu gera
denok Elgoibarren,
Artasori laguntza
bat ematearren;
ia zutitzen duten
ahal denik azkarren!
Meabe:
Laister jasoko dala
lagunak du tira;
orain joan zerate
handik urrutira.
Jada jarrita gaude
Gabonei begira;
eraiki eta joan
zuen barrutira;
datorren urtekoak
han izango dira.
Ziarda:
Etxe bat egiteko
hainbeste komeri;
artasotarrak proba
behar dute hori.
Gure ilusioa
doa oso garbi,
nahiz ta gaurko laguntza
ez izan gehiegi;
ia jartzen dituzten
teila bat edo bi!
Meabe:
Nahikoa izango da
teila hoientzako;
zutabe eta hormak
eraiki beharko.
Bi gizon hemen gaude
prestu lanerako;
Ziarda ta Meabe
gaurtik zuentzako,
bi lagun dituzue
behar danerako.
Ziarda:
Ikusirik jaialdi
hau nolatan dagon,
parterik hartu gabe
ezin gendun egon.
Artasotar denei
esker onak emon;
nola garai hauetan
hitzak hola dion:
Gabonak ondo pasa
ta urte berri on!
Meabe:
Saioa bukatzen det
eskerrak emanez;
bertsoak aitu dira
gaurkoz gutxienez.
Mezu bat ekarri det
nik bihotz-bihotzez:
Artasoko sendia
har zazu mesedez,
besarkada bat hemen
gauden danon partez.