Bertsos - View details To know more about this section
2019-06-16 Anoeta Jaialdia [Bertsoa] / Nerea Ibarzabal, Eli Pagola
Bertsoa entzun |
2019-06-16 Anoeta Jaialdia [Bertsoa] / Nerea Ibarzabal, Eli Pagola
Stanza name:
Seikoa, handiaren moldekoa, 3 puntuz (hg) / Hiru puntukoa, handiaren moldekoa (ip)
Localization:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
N. Ibarzabal
Lehengo sorginek euren jakintza
ta euren ideiak zituzten
plaza erdian jende aurrean
jun ziren eurak kamusten.
Oin beste mila gauza mugatu
ta ez dizkigute uzten
azala erre eiten digute
ta sua ez dugu ikusten.
E. Pagola
Ikusten ez den horrekin nola
askok ez duen problemik
nundik gatozen ta ze modutan
ikasia degu lehendik.
San Juanen bueltan edo bestela
Nerea ikusten det nik
oraindik ere nonahi dagola
sutan jartzen gaituenik.
N. Ibarzabal
Nahiz ta plazetan gu su goritan
inork ez erre sekula
jasotzen dugu gutxiespena
iraina edota burla
ta heriotza gizonen esku
ia ezin dena kalkula
gero gainetik entzun beharra
esajeratzen dugula.
E. Pagola
Droga kontua ere ohikoa
bestela hor zehar galde.
Kubata edo bestelakokin
lepo gainekoak alde.
Ibiltzen ginen sorgin bezela
pozima eta edabe
gurea zena kendu digute
eta horrelaxe gaude.
N. Ibarzabal
Feminismoa izan daiteke
hau sendatzeko edabe
baina ze gutxi posizionatzen
diren sarri honen alde.
Lehengo sorginen biloba denak
nahiz gu izan parez pare
inkisidore haien ilobak
ere gure artean daude.
E. Pagola
Ta historia zikliko baten
sartzen gera bueltan bueltan
konponbide bat izan dezake
saiatuz gero benetan.
Protokolo ta feminismoa
zabalduta herrietan
lehen pasa zena pasa ez dadin
orain kale izkinetan.
N. Ibarzabal
Kale izkinetan egongo gara
tinko eta buruz buru
gure herriko txoko guztiak
bihurtu arte seguru.
Pausu txikiak izango dira
ta helburuak helburu
eliza baten hau kantatzea
ja posible egin dugu.
E. Pagola
Elizaz kanpo leku txikitan
ez degu gutxi hausnartu
orain baldintzak badaude eta
elizan ere ausartu.
Neska gazteok animatu ta
herriko kaleak hartu
eta gizonek utzi egiten
biderik ez oztopatu.