Bertsos - View details To know more about this section
2025-09-01 Plentzia Jaialdia [Bertsoa] / Sustrai Colina
2025-09-01 Plentzia Jaialdia [Bertsoa] / Sustrai Colina
Stanza name:
Zortziko txikia (hg) / Lau puntuko txikia (ip)
Localization:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Errealitatea
bertatik bertara
lehertzen zaizunean
bi begietara
zenbakiak entzunda
bai, ironia da
diskriminatzaileak
euskaldunak gara.
Ta erdaldunek berriz
patrika betea
horixe da eurentzat
dagoen suertea
konturatzen ari naiz
nahiz jasan nekea
euskera dela oso
hizkuntza merkea.
Aposturik ez dago
guregan hain zuzen
ez omen dute gero
hala ezagutzen
ta esaten digute
hutsenetan hutsen
“Ez zaituzte entzuten
eta irakurtzen”.
Zer nahi duzue? Hau da
betiko ostikada
lurrean bueltan-bueltan
min hartzeko jada
ez, ez gaituzte hil nahi
bistan dago hara
hemen demokrazia
hiltzen uztea da.
Baina entzule pentsau
izan dut nik usu
zuk ere botereak
zugan baitituzu
ze alderdi politikok
tiratzen zaitu zu?
Zer irakurtzen eta
zer entzuten duzu?
Telebista ez dabil
hortik apartean
behintzat sar dezakegu
gaurko debatean
ETB2 daukate
eskaparatean
ta dibujotxo batzuk
ETB1ean.
Azken sententzia da
honekin akabo
dagoeneko ez dut
esango gehiago
egiten digutena
gaizki dago, klaro
baina hori iraultzea
gure esku dago.
