Bertsos - View details To know more about this section
1992-11-07 Azkoitia Jaialdia [Bertsoa] / Sebastian Lizaso, Xabier "Euzkitze"
Bertsoa entzun |
1992-11-07 Azkoitia Jaialdia [Bertsoa] / Sebastian Lizaso, Xabier "Euzkitze"
Stanza name:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Localization:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
S.Lizaso:
Frantzi aldean lege berriak
biztanleen aukerako,
ez nuen uste horrelakorik
nik esate baterako,
ta erretzea baldin badegu
auzokoen kalterako,
seguru egon purua errez
ez nintzake aterako. (BIS)
Euzkitze:
Aizak Lizaso, puru txar horrek
badizkik makina bat gaitz,
barrua nahiko usteldua duk
baina oraindik hago garaiz,
mila peztako Montekristoak
hik erosi ohi dituk maiz,
bizio horri uzten badiok
aberastu egingo haiz. (BIS)
S.Lizaso:
Uzten badiot bizi neinkela
beraz diru eta guzi,
orain artean ez nekien nik
ta albotik erakutsi,
erre gabe're minbiziakin
hainbeste dira ikusi,
erre ez eta berdin gaisotu,
erretzeai zertan utzi? (BIS)
Euzkitze:
Eman didazun arrazoi hori
ez al zen nahikoa plako,
ez dezu uste esandako hori
denik zeure onerako,
erre gabe ere gaiso liteke
baina hau esan beharko:
Nik ez dedala zer gaisoturik
zuk erretzen dezulako. (BIS)
S.Lizaso:
Zuk esandako kontuarekin
ez leike joan inora,
zeure ustetan nik utzi eta
zedorrentzako mejora,
kanpotikan barrura erdoiak
beti behar du denbora,
eta kalterik gehiena ohi du
barrenetikan kanpora. (BIS)
Euzkitze:
Edukaziorik ere ez dute
danak alkarren antzeko,
beraientzako zer esanik ez,
guretzat ere kalteko,
zer motibo dut bizioik gabe
hainbat puru erretzeko,
nik hor ertzain bat jarriko nuke
hauek errejistratzeko. (BIS)
S.Lizaso:
Arrazoi hori al zeneukazun
horren harro esateko?
Jaialdi baten erretzaileak
noiztikan dira kalteko?
Ta ertzainari esan ezkero
guri alto emateko,
seguru egon hemen frontoia
ez zala hola beteko. (BIS)
Euzkitze:
Hor jende xuxen dexente dago
geronek ez dakigula,
Lizasok berriz kirolik ere
ez du egiten sekula,
txurrutagatik gota dauka ta
puruagatik eztula,
hargatik dago aspaldi hontan
bate balio ez dula. (BIS)
S.Lizaso:
Honen bertsoak berekin zitun
hain aipamen nabarmenak,
ni bezelaxe oso konforme
ez dira egongo denak,
Azkoitin ere pelotariak
asko dirade ertenak,
zurrutero ta erretzaileak
pelotaririk onenak. (BIS)
Euzkitze:
Azken bertsoa kantatu digu
inbiri haundiz beterik,
herri hontako kirolariek
ez dute holako kalterik,
gezur kontari hasi zera ta
horrek jarri nau tristerik,
zure antzekoa hemen ez dago
dozenerdi bat besterik. (BIS)
S.Lizaso:
Dozena erdi bat gauza gutxi da
mila baten tartera,
eta jendeai zergatik kendu
erre nahi badu aukera?
Aizu Xabier luza baino lehen
hobe kontuak atera,
erretzailearen kontra kontuz,
zeorri erreko zera. (BIS)
Euzkitze:
Euzkitze ez da, ez puritano,
ez atzerakoi, ez apaiz,
baina golfozar hauen artean
ezin egon barru alaiz,
mediku batek "Ez zazu erre"
ere esan izan dit maiz,
nik esan diot: Ez det erretzen,
Lizasokin ibiltzen naiz. (BIS)
S.lizaso:
Medikuakin sartu zerade
ta aldrebesko jokuan,
haiek ezberdin izaten dira
etxean eta kanpuan,
Kirurikoan boda batean
eguerdiz nintzan gaurkuan,
aitona batek sei erre ditu
ta ehun urte zituan. (BIS)
Euzkitze:
Zeure defentsan botatzen dezu
makina bat horrelako,
hau hola bada mundu guztiak
erretzen hasi beharko,
baina gezurra ez al du esan
norbere defentsarako?
Zu usteldua egongo zera
aitaren edaderako. (BIS)
S.Lizaso:
Zer martingala darabilkiten
ez didazu antzematen,
eta Xabier arreta piskat
jarri halakoren baten,
"usteldu zera" zer arraiotan
ari zerade esaten?
Fresko hil eta gero usteldu
ez da hobea izaten. (BIS)
Euzkitze:
Usteldu zera nahiz-ta kanpotik
izan itxura mardula,
broman esanak ez ziran lehengo
gota txarra ta eztula,
tabakoaren defentsan hola
jardun al zendun sekula?
Laister jendeak pentsatuko du
estanko bat daukazula. (BIS)
S.Lizaso:
Ez uste arren segi behar det
lehengo bide berdinean,
edozer gauza nere lagunak
izan arren mingainean,
entzulegoa utzi behar det
betirako jakinean,
lau kaja ekarri zenizkidala
kuban izan zinanean. (BIS)
Euzkitze:
Nik aitortzen dut egia dala
hori bota du serio,
ta min gehiago ematearren
jende aurrean propio,
hemen gezurra esate horrek
batere ez du balio,
bost muturreko hartuko nitun
ekarri ez banizkio. (BIS)
S.Lizaso:
Hau bezelako elkarrizketak
guk izan ditugu sarri,
jende aurrean edozer gauza
esanagatik alkarri,
berrizko ere aizu laguna
aukera nahi dizut jarri,
partida hartatik azkena hau det
nahi dezunean ekarri. (BIS)
Euzkitze:
Zure aitormenak neri egin dit
makina bat enbarazu,
baina hau ez da eskeintza txarra
zergatik ez egin kasu?
"Berriro Kubara zoaz Xabier"
esaten ari zera zu,
oso gustora joango nintzake,
biajea pagaidazu. (BIS)