Bertsos - View details To know more about this section
2008-10-26 Urepele Jaialdia [Bertsoa] / Uxue Alberdi, Andoni Egaña
Bertsoa entzun |
2008-10-26 Urepele Jaialdia [Bertsoa] / Uxue Alberdi, Andoni Egaña
Stanza name:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Localization:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
A. Egaña: Urepele zer izan litekeen
hemendik urte askora?
Igual mugarik ez da izango
hemendik Elizondora
akaso tren bat Larrunen gisan
mendi hegaletan gora...
Baina apaiza seguru nago
oraingoa izango da! (bis)
U. Alberdi: Etorkizunaz hizketan hasiz
maiz jartzen gara penetan
baina pozteko arrazoi pranko
izan liteke benetan.
Jada begia jarrita daukat
bertsolari txapelketan
ta emakumeak egon litezke
omenduen paretetan. (bis)
A. Egaña: Urepele zer ehun urte barru?
Irudimena mugitu...
Baietz orduan herri sarreran
pizzeria bat aurkitu!
Eta eleizan gibelaldean
hiru-lau McDonald's bitu
ta Xalbadorrek berpiztu eta
bertsoak jarriko ditu. (bis)
U. Alberdi: Nahiago nuke nahiago nuke
hala egingo baluke!
Zerutik jetsi ta txarrak jarri
behar ditunik ez uste!
Hemen jendeak gure aldean
badu hamaika bertute
ehun urte barru ere guk baino
hobeto abestuko dute. (bis)
A. Egaña: Ai, Urepele herri polita
horren berde horren txiki!
Beste ehun urtez orain daukazun
neurri berbera atxiki.
Adi ibili zuen herri hau
zuzen zazute egoki!
Bihur liteke Paris aldeko
aberatsen udatoki. (bis)
U. Alberdi: Ez litzateke hain arraroa
ikusiz duen distira
baina berriro ere jarri naiz
ehun urtera begira.
Garai horretan egun honetan
berriro biltzen badira
gero Zarautza joango dira
Egañan omenaldira. (bis)