Bertsos - View details To know more about this section
2003-08-05 Gasteiz Jaialdia [Bertsoa] / Sustrai Colina, Jon Maia
Bertsoa entzun |
2003-08-05 Gasteiz Jaialdia [Bertsoa] / Sustrai Colina, Jon Maia
Stanza name:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Localization:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
J. Maia:
Itxaropena itzali zuen
etsipenak ta denborak
pentsatzen nuen "Zoritxar hontan
hemen ez da egongo bat".
Itsasbeherak eraman zitun
nere maitasunen lorak
ta berriz ere ekarri zaitu
bizitzaren itsasgorak.
S. Colina:
Zure ondora gaur azaldu naiz
zure etxeko atera
hamabost urte igaro dira
pasa zenetik galera.
Orain berriro hementxe zauzkat
baina posible ote da?:
maitasuna're alda liteke
marearekin batera.
J. Maia:
Oraindik ere ez det sinisten
gertatu ote da benetan?
Bizitza erdia pasatu baitet
faro aldean penetan.
Espero gabe etorri zera
halako egun batetan
ta nun arraio egon zera ba
hamabost urte hauetan?
S. Colina:
Behin itsasoan galdu ninduzun
zure ustetan betiko.
Egur zati bat aurkitu nuen
eta eutsi nion tinko.
Gero irla bat topatu nuen
Guatemala edo Mejiko...
Nun egon naizen ez du inporta
orain hor nago ta kito.
J. Maia:
Egia da bai ez du inporta
etor zaite berehala!
Zuretzat dezu nere gorputza
besoarte ta magala.
Garai batean izan zintudan
nere jainkosa bezala
ta orain berriz konturatu naiz
itsas-lamia zerala.
S. Colina:
Nere lagunak hunkitu egin nau
azkartu bihotz taupada
lehengoa duzu gorputza eta
lehengoa begirada
baina izaeraz Jon ez zabiltza
garai haietan gisara:
lehenago plasta galanta zinen
ta orain poeta zara.
J. Maia:
Umore onez etorri zera
hori bederen argi da
zure prozesu bitxi honetan
egin nahi nuke segida:
dordokak ere ertetzen dira
sarri itsaso haundira
baina azkenean beren betiko
hondartzara itzultzen dira.
S. Colina:
Beraz batera egingo dugu
maitasunaren errota
horixe dugu etorkizunak
ipinitako erronka.
Zuk nahi duzuna izan ninteke
ezerk ez baitit inporta:
nahi duzunean lamia eta
nahi duzunean dordoka.