Library - View details   To know more about this section

Kepa Enbeita eta Balendin Enbeita : bi bertsolari-belaunaldi ahozkotasunaren harian

Book: Basque. Online Library collection
Author(s)
Barandiaran, Asier
Title
Kepa Enbeita eta Balendin Enbeita : bi bertsolari-belaunaldi ahozkotasunaren harian / Asier Barandiaran Amarika ; zuzendari, Jon Kortazar Uriarte
Publication
Universidad del País Vasco, Servicio Editorial = Euskal Herriko Unibertsitatea, Argitalpen Zerbitzua, L.G. 2003
Subjects
Bertsolaritza ; Enbeita, Balendin ; Enbeita, Kepa "Urretxindorra"
Content
Testu osoa
Other authors
Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU) ; Kortazar, Jon
Physical description
636 or. ; 24 cm
Type of material
Book
Eduki mota
Thesis
Legal deposit
BI 1899-2003
ISBN / ISSN
84-8373-530-X
Notes
Euskal Herriko Unibertsitateko doktorego-tesia
Bibliografia: 625-636 or.
Tesi honetan Enbeitatarren bi bertsolari-belaunaldi adierazgarrienen ekoizpena aztertu nahi izan da. Kepa Enbeita (1878-1942) bertsolariaren ekoizpena da lehenengoz aztertu dena eta ondoren bere semea Balendin Enbeitarena (1906-1986). Haien bertsogintzazko produkzioa da lan honen aztergaia eta berorren barruan bai bat-bateko bertsoak, bai eurek idatzitakoak biltzen dira.

Azterketa honen helburuak bat baino gehiago izan dira. Alde batetik, bertsolari bi hauen bertsoetan ahozkotasunaren aztarnak bereizi nahi izan ditut. Ikuspegi hau zeharkakoa da; izan ere, gainontzeko helburuak ere zipriztindu edo blaitu egiten ditu. Badakigu, jakin ere, lehen mailako ahozkotasunean edo ahozkotasun garbian aritu ez zirena eta, beraz, erdi-mailako ahozkotasuna edo ahozkotasun mistoa delakoaren prismatik aztertuak izan dira beren bertsoak. Bestaldetik, bertsolaritzaren familia bidezko transmisioa erakutsi nahi izan da, horretarako oso egokia izanik bertsolari biak aita-semeak izatea eta euren artean lotura afektibo-kulturalak sendoak izatea. Azkenik, esanahia edota semantika arloari lotuta, haien ideologiak aztergai izan ditut, bakoitzaren berezitasunak agertuz eta bien arteko aldeak agerian utziz.

Azterketa hau burutzeko atal jakin batzuk eratu behar izan ditut helburuak hobeto jadesteko. Neure asmoen neurrirako prozedura eta alorrez alorreko banaketa asmatu behar izan ditut.

Aurreneko alorretan bertsoa bera (ekoizpen estetikoaren oinarrizko unitatea) eta bere alderdi formalak aztertzekoak dira. Azkeneko alorretan, berriz, bertsoetan antzematen diren erretorika eta esanahiari lotutako alderdiak jorratzen dira.

Lehenengo alorrean hoskidetza da aztergaia. Joera nagusiak eta ahozko antzezpenari lotutako estrategiak agertu ditugu bertan. Besteak beste, oinen sareen deskubrimendua egin dut. Egile biek erabiltzen dituzten oinen sareak alderatzeko parada izan dut horrela. Azterketaren alderdi hau lehenengo eta zazpigarren kapituluetan jorratzen da.

Bigarren alor garrantzitsua "azken puntua" izendatu dut. Bertan bertsoaren eraketarako hain giltzarria den azken puntua eta horren inguruko estrategiak agertzen dira. Ahozko antzezpen eta konposizioan izaten diren jarrerak idatzitako bertsoetan zenbateraino islatzen diren erakutsi dut. Alor hau bigarren eta zortzigarren kapituluetan jorratzen da.

Baina azken puntuan ez da agortzen bertsoaren mamia eta, beraz, beste alor bati ekin behar izan diot. "Ahapaldia" du izenburutzat alor horrek. Bertan, azken puntuari ez ezik, bertso osoari, hau da, ahapaldi osoari erreparatzen zaio. Komunikazio eta konposizio estrategien araberako egitura-ereduak daudela demostratu dut, eta bertsolari batetik bestera badela transmisioa ere erakusten da. Alor hau hirugarren eta zortzigarren kapituluetan aztertzen da.

Azterketa formalaren barruan bertso-sorten egitura sartu behar zelakoan nengoen eta horri ekin diot laugarren arloan. Bertso-sorta handi zein laburretan dauden egitura eredu nagusiak agertu ditut bertan, egile bakoitzaren azterketa eginez, noski, eta bukaeran emaitza biak alderatuz.
Bada bosgarren alor bat oraindik ere itxurari erreparatzen diona. Baina bosgarren honek esanahiarekin ere lotura estua dauka; izan ere, hemen irudi erretorikoak aztertzeari ekin diot eta horrela egile bion estiloa deskribatu nahi izan dut.

Azkenik, bertsolaritzaren bidez eta ahozko estiloa islatuz, egile biek duten ideologia izan dugu aztergai. Azterketa honek seigarren eta hamabigarren kapituluak hartzen ditu.

Bertsolari bion bertsogintza aztertu ondoren, lehenengo eta behin, bakoitzaren "iturriak" eta bertso- zein ideologia-erreferentziak zeintzuk izan diren zehaztu ahal izan ditut. Horren ostean, kapitulu bakoitzean agertu diren ondorioak jaso egiten dira berriro ere eta egile bien artean halako konparazio bat egiten da. Egile bakoitzaren joera nagusiak arestian aipatutako arloen arabera (hoskidetza-ereduak, azken puntua, ahapaldia, bertso-sortak, estilistika, ideologia) azpimarratzen dira. Horrela konturatzen gara bi Enbeitatar hauek joera neoplatoniko batekoak edo direla; izan ere, maite dituzten kontzeptu eta balioak pertsonifikaturik eta gauzaturik agertzen dira beren bertsogintzan. Hala ere hori ez da traba entzulego edo hartzailearengana ahozko estiloan zuzentzeko. Ahozko estilo hori, besteak beste, herriaren ezagutza komunean oinarritzen da, eta baloratuen dauden balioei eusten die.