Bertsos - Ver ficha Más información sobre esta sección
2025-06-21 Markina-Xemein Sariketa [Bertsoa] / Nerea Ibarzabal
2025-06-21 Markina-Xemein Sariketa [Bertsoa] / Nerea Ibarzabal
Nombre de la estrofa:
Zortziko txikia (hg) / Lau puntuko txikia (ip)
Localización:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Emakume, idazle
bertsolari mirez
beste asko bezala
hontan adibidez
oholtzara igo arren
egin nahia ihes
lehen barka eskea
gorputzaren bidez.
Nahiz parean eduki
mikro ta altaboza
ta barruan zeozer
esateko poza
zer ote da epaia?
Zer ote da lotsa?
Hogei urte tardau dot
altxatzen ahotsa.
Jendean eta gure
tartea laburtzen
ikasi dut begiak
altxata agurtzen
ez joatea jeisten
edota makurtzen
huts egiteak ez nau
hainbeste beldurtzen.
Baina gure joko hau
ez danez errenta
genealogi luze bat
gabiltza errenka
barkamen eske batez
idazle izan zen ta
ondo ulertzen zaitut
neuk ere Bizenta.
Baina azken batean
egitean datza
sormena izan dadin
aldiro ardatza
zuzena edo okerra
baino hor lorratza
kreazioan parte
dalako akatsa.
Eskerrak atrebitu
zirela lehenik
horrenbeste herritan
oholtzara irtenik
ta ez dezala izan
bideak etenik
existitzeko ez da
eskatzen baimenik.
Beraz bide hontatik
ez dut nahi aldegin
berdin da geure erortze
ta geure ahalegin
historiako Bizenta
guzti horien berdin
barkamena eskatu
baina lan be egin.
