Izan litake ez det halako
behar hainbat jakinduri
baina bizitzan ez naiz aurkitu
izan halako urduri
gorputza daukat dar-dar bizian
koloreak berriz txuri
baina halare bertso honenbat
tartean leike isuri
baina lan hortan hasi aurretik
entzulea gabon zuri.
Jaio 1905-09-04
Hernanin jaio zen 1905eko irailaren 4an. Hala dio Manuel Olaizola "Uztapide"k (Lengo egunak gogoan II. 86 orr.) "...bera amarengandik bakarrik sortua zala, aitarik etzuala, esan zuan bertsotan". Umezurtza izaki, beraz, Setien Moko sagardotegian hartu zuen Jose Maria Setien gotzainaren aitak Joxe Blanco haurra. Meltxora Olanorekin ezkondu zen eta bost seme-alaba izan zituzten. Etxeko maiorazkoa ezkondu zenean etxetik irten beharra izan zuten eta Azpeitira joan ziren bizitzera 1945 urtean. Gero, 68 urterekin erretiroa hartu zuenean, 1973 urtean, Urnietara itzuli zen eta han bizi izan zen azken egunera arte.
Telefonista zen lanbidez Joxe Agirre bera gogoratzen den bezala: "Azpeitian bazen Joxe Blanco izeneko urnietar bat telefonista bezala lan egiten zuena". Beronen partez Azpeitiko Arrona tabernako balkoitik Joxde Lizasorekin aritzeko deitu zioten Joxe Agirreri 1962an, eta hau izan zen Jioxe Agirrek plazan egin zuen lehen saioa.
Bertsolari izakerari dagokionez, noiz edo noiz plazan aritua bazen ere, ez zen plazan aritu zale, taberna-bertsolaria zen; Santa-eskean ibilia, kontalari moduan gehiago nabarmendu zen bertsotan baino.
Urnietan hil zen 1987ko urriaren 9an.
Doinu honen 7 aldaki gutxienez badatoz izen desberdinekin Doinutegi honetan; horrek adierazten du zenbat erabili den bertso munduan. Uztapideren liburuan 10ko handiko bertsoak datoz doinu honetan. Bertsolariek oso errez luzatzen edo mozten dute doinua beren komenentzira. Zepai bertsolariak hauxe ibiltzen omen zuen beti, eta horregatik deitu diogu Zepairena. Hona zer dioen Iñaki Alkain bertsolariak: "Badakit musika aldetik hura baino ere hobeak izan ziradela, baina ez det uste inor izandu zanik, nahiz doinu bat bakarra jakin, hark bezela doinu harretan kantatzen zekienik" (Auspoa 107,71)