Jaio 1933-11-19
Aldudeko Menta etxean (Baxenafarroa) sortu zen 1933ko azaroaren 19an. Donapaleuko Kattin Malharinekin ezkondua, lau seme-alaba dituzte: Xabier, Jon, Xalbat eta Joana, azken hau Bertsularien Lagunak Elkarteko lehendakari izana. "Errola" edo "Baxenabartarra" ezizenez ere ezagutua izan da.
Uztaritzeko San Frantses kolegioan egin zituen oinarrizko ikasketak, eta Baionan goi mailakoak. Hainbat herrialdetara eraman zuen soldadutzak, bulego lanetan batez ere: Frantzia, Alemania eta Aljeria. Aljerian zelarik, "Eskual Herria" bihilabetekaria argitaratzeaz arduratu zen, euskal soldaduen berriekin. Ondotik, Maulen irakasle lanetan aldi labur batean ariturik, Kanboko herriko idazkari izendatu zuten eta bertan jardun zuen hogeita hamar urtez, erretreta hartu zuen artean. Mixel Labeguerie Kanboko auzapez zela, elkarrekin lan egin zuten politikaren nahiz kulturaren alorretan.
Piarres Lafitterekin bertsozaletu zen, kolegioan, eta bertsolaritzari estuki lotua egon da bere bizitza osoan, alor asko jorratu dituelarik: antolakuntza, gai-jartzailetza zein gai-emailetza, epailetza,bertso-jartzailetza ...
Ipar Euskal Herrian hainbat eta hainbat ekitaldien antolaketan parte hartu du 1960eko hamarkadan hasirik, eta gai-jartzaile izan da horietako askotan; bertsolaritzaren une ez horren gozoetan ere hauspotzen ibilia da, Ezpeletan 1966an antolatutako Pertsulari solas izeneko topaketetan adibidez. Bertsolaritzaren sustatzaile segitua egon da bizian.
Gertu-gertutik bizitu zuen Xalbador eta Mattinen bertso ibilbidea, eta Mixel gai-jartzaile zelarik Iparraldeko saio askotan jardun ziren bere esanetara; 1967ko Txapelketa Nagusian, Xalbadorrek jasan zuen txistualdi mingarri hartan, epaimahaiko zen Mixel. Miresmen handia zien aipatu bi bertsolariei, bereziki Xalbadorri, argitaratu dituen liburuetan erakusten duen bezala. Mixel Itzainaren aitzindaritzaz antolatu zuen Euskaltzaleen Biltzarrak Fernando Aire "Xalbador"en omenaldia, Urepelen, Xalbadorrek azken hatsa eman zuen 1976ko azaroaren 7 hura, eta Mixel zen arratsaldean burutu zen jaialdian gai-jartzaile.
1980ko hamarkada hasieran sortu zen Bertsularien Lagunak Elkartearen sustatzaileetakoa izan zen; Zuzendaritza Batzordeko kidea izan zen 1990tik 1998ra.
Bertsolaritzan aditua, Nafarroako Bertsolari Txapelketa eta Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako epaile izan da 1965tik 1995era bitartean, eta baita beste hainbat sariketa eta lehiaketetan ere.
Bere bizitzako azken hamarkadetan jite biografiko eta analitikoa duten hainbat lan argitaratu ditu: 1999an argitaratu zuen Mixel Labegueriri eskainitako lehen liburua, gero etorriko ziren Labegueriri berari (2001), Xalbador eta Mattini (2006) eta espresuki Xalbadorri (2014) eskainiak. Horrezaz gai, aipatzeko da, euskal kultura ardatz, urte luzez idatzi duela Herria eta Gure Herria aldizkarietan.
Euskaltzaleen Biltzarra elkartearen lehendakari izan da Mixel Labegueriren ondotik (1980-1988). Euskaltzain urgazle izendatua izan da 1967ko abuztuaren 25ean eta ohorezko, 2014ko maiatzaren 30ean.
Bertsularien Lagunak Elkarteak, bere ibilbidean egindako ekarpena aitortu eta eskertzeko, 2010. urteko Xilaba Txapelketako txapela jartzeko hautatu zuelarik, zeina Amets Arzallus Antiari jantzi zion Doninane Lohitzunen jokatutako finalean. 2025eko ekainaren 12an pausatu da, Itsasun (Lapurdi), 92 urte dituelarik.
Hil 1906-11-19
Maria Gabriela Bengoetxea Arzak-ekin ezkondua (1851)
"Eperra agure zar bat zan, bañan ijito-planta alakoa. Zakur batekin eskean ibiltzen zan. Emen, Errenterian, askotan izaten zan. Aiendola baserria aldapa-aldapan dago. Gabaz etxera etorri eta etxean aterik ireki ez. Ta etxean aterik ireki etziotela-eta, atzera jiratu ta aruntz zijoala, etxetikan ortxe irurogei bat metro bidean-edo aruntzago joanda, goiti-beti amildu; ta beko ondoan juxtu-juxtu bizia arrapatu zuten biaramun goizean. Gero jaso zuten, baña andik beñepein il zan". Ondoan Erreka dago. Hil-agiriak dioenez, pulmoniaz hil zen 85 urte zituela.
Aiendola baserria, Lesaka bidez goazela, Ergoien pasata, Aritxulegiko aldapa hasten den horretantxe, hantxe ikusten da, errekaz beste aldera, malda-maldan jarria.
Karlisten gerratean Liberalen aldeko espia izan omen zen. Ez zioten hori barkatu Oiartzunen. Haurrek ere iseka egiten omen zioten.
Informazio iturriak:
- Oiartzungo bost bertsolari (Auspoa, 116)
- Pello Errotaren itzala (Auspoa, 49-50) 121 or.