Badaukat kezka badut beldurra
ezkuta nezake nekez.
Arabarrak bi Madrilen ziren
atso arratseko partez
epaile batek deitu zituen
deitu behar ez zianak berez.
Epaile aurretik pasatu dira
legearen aurretik ez.
Beren delitu izan omen zen
izen batzuk esatea
preso zeudenak omen zirala
hara hor errematea!
Ez al dago ba gure herria
ia-ia presoz betea?
Hitza’re preso da libre ez baita
iritzia ematea.
Bakarren batek esango luke
“Gerora Jainkuak goarda!”
baina ez gaitezke honen aurrean
kokildu eta kobarda.
Segi dezagun lanean denok
kizkurrak inork ez karda!
Egiai aurpegi eman eta
aurrera segi behar da!
Jaio 1953-08-21
Zizurkilen jaio zen 1953an, Aundi baserrian. Venezuelara joan zen 1981ean eta 2005ean itzuli zen ia 25 urte erbesteratuta bizi ondoren, eta Hendaian bizitu da orduz gero.
Bertsolari gisara, Ordiziako sariketan estreinatu zen jendaurrean kantuan, 1971an, eta berak jantzi zuen txapela. Bere hitzetan, ez zuen halere plazaz plaza askorik jarduterik izan; Jexux Artzallus eta Andoni Zelaia zituen ohiko kantukideak, baina aritu zen Inaxio Iguaran, Mikel Mendizabal, Iñaki Murua, Anjel Mari Peñagarikano eta Millan Telleriarekin ere, besterik beste. Erbestealdiak guztiz eten zuen bere jendaurreko jarduna.
Bertso jarrietara bideratu zuen bere zaletasuna Venezuelan. Koldo Izagirre idazleak bultzatu eta lagundurik, "Karibetik Kantaurira. Paper hotsak" liburuan bildurik argitaratu zituen horietako asko (Gaztelupeko hotsak, 2003).
Euskal Herrira itzuliz gero epaile gisara egin du bere ekarpen behinena, nagusiki Iparraldean.
Hendaian hil da 2023ko martxoaren 28an, gaixoaldi luze baten ondoren.
A.Donostiak "Suite Vasca para Coro Mixto" erabili zuen (GOIZEAN GOIZ 42); Jon Oñatibiak berriz euskara ikasteko metodoaren sarreran, GOAZEN DENOK BATERA, oso ezaguna Gipuzkoan irratiz 1970 inguruetan zabaldua. Doinu hau bertso eta izendapen askoz erabili da ikusten duzuenez.