Jaio 1946-09-02
Lezon (Gipuzkoa) jaio zen, 1946ko irailaren 2an, langile sendi batean. Irakaslea, ikerlaria eta idazlea izan da. Karmeldarren bi komentutan egin zituen lehen ikasketak, Zornotzan (Bizkaia) eta Alesbesen (Nafarroa). Gero, Filosofia eta Letrak ikasten hasi zen Donostian, eta Filologia Erromanikoa egitera joan zen Salamancako Unibertsitatera (Espainia); arrasto handia utzi zioten bi irakasle izan zituen hemen, Koldo Mitxelena eta Fernando Lazaro Carreter. Filologia Erromanikoan lizentziaturik, Euskal Filologiako doktore gradua egin zuen 1987an (EHU), "Pierre d´Urteren hiztegia: Londres 1715" izenburua duen tesiarekin, Koldo Mitxelenaren zuzendaritzapean.
Irakasle jardun zuen, Errenteria eta Donostiako institutuetan lehenik, eta Deustuko Unibertsitatean (EUTG), euskara eta euskal literatura irakasle Bordeleko Unibertsitatean (Okzitania), eta euskara eta euskal literatura irakasle UNED urrundikakako unibertsitatean (Madril, Espainia) azken aldi luzean, erretiroa hartu artean.
Literatura, saiakera, ikerketa eta artikuligintza jorratu ditu. Ibilbide luze eta oparoa egin du euskal antzerkia eta bertsolaritza ikertzen, alor horietako izkribu zahar eta ezagun gabeen bila. Berak sortutako patriurkizu.eus webgunean bildu du bere obraren katalogoa, argitaratutako guztiaren lagin zabala, bere ibilbidearen pasarteak, eta 2023ko abenduaren 1ean aurkeztu zuen "Eskribu galduen bila" autobiografia liburua.
Bertsolaritzari dagokionez, antzinako bertsolaritza izan da bere ikergai nagusietakoa, arreta berezia jarri duelarik Ipar Euskal Herrietan, eta emaitza oparoa, askotarikoa eta aberatsa utzi du. Horren lekuko Etor argitaletxearen eskariz burututako Bertsolaritzaren Historia I eta II liburuki mardulak, non 1900ren aurreko Lapurdi, Baxanabarre eta Zuberoako bertso eta kantak, asko ineditoak, bildu eta argitaratu zituen (Etor,1991). Nabarmentzekoak ere, Agosti Xahok eta Anton Abadiak egindako lanen azterketak. Horrez gain, luzea da han-hemen, argitalpen desberdinetan, argitaratu dituen artikulu eta azterlanenen zerrenda; lan mardulak argitaratu ditu Bertsolari aldizkarian.
Literatura alorrean ere alor asko jorratu ditu: poesiagintza, eleberrigintza, entsegua, bertsolaritzaz eta antzerkiaz bereziki, eta literatur kritika; literatura lehiaketa askotako epaimahaikide izan da, tartean, Espainiako Literatur Sarietakoa.
Euskal Idazleen Elkarteko presidentea zortzi urtez (1989-1997), Euskaltzaindiako euskaltzain urgazlea (1991ko urtarrilaren 31tik; Hiztegigintza, Lexiko Ebazpenen Finkapena, Literatura Ikerketa eta Euskal Literatura Antologia batzordetan jardun da) eta Eusko Ikaskuntzako hizkuntza eta literatur saileko burua izan da. Jaioterriko, Lezoko, alkatea izan zen frankismo osteko aro berriko lehen legegintzan (1983-1987); aitzindariak izan ziren euskararen erabilpena sustatzeko Hizkuntza Politikak ezartzeko erabaki eta jokamoldetan.
Euskarazko ikerlanen Resurrección Maria Azkue saria eman zioten 1987an (Bilboko Aurrezki Kutxa), eta "Urrezko Luma" 2024ko ekainaren 4an euskal literaturaren eta kulturaren adar askotan egindako lanagatik (Bilboko liburu azoka, Bizkaiko Foru Aldundia). Horrezaz gain eskerronezko aitortza ugari jaso du: Donostiako Udalaren omena (2023ko martxoak 27) Antzerkiaren Nazioarteko Egunean; Lezoko herriaren omena bere liburu autobiografikoa aurkezteko egunean (2023ko abenduak 1).
2024ko abenduaren 18an zendu da 78 urte dituelarik, Donostian.
Hil 2013-09-02
Jean Haritxelhar Duhalde Baigorrin sortu zen 1923an. Batez ere euskaltzain bezala ezagutu badugu ere, politikari eta literatura ikerlaria ere izan zen baxenafarra.
Okzitaniako Tolosako, eta Sorbonako unibertsitateetan eta Saint Cloudeko irakasle eskolan goi mailako ikasketak egin zituen. Ageneko lizeoan aritu zen irakasle 1952tik 1959ra. Bordeleko unibertsitatean gaztelania, euskara eta euskal literaturako irakasle izan zen, 1962tik 1986ra bete zuen Euskal Hizkuntza eta Literaturako katedra tarteko. Letretan doktoretza lortu zuen 1969an Sorbonako Unibertsitatean.
Gramatika eta literatura idatziari buruzko lanez gain, ez zuen ekarpen ttipirik egin ahozko euskal literaturaren esparruan, besteak beste bertsolaritzaren ikerketan. Esate baterako, berak idatzi zituen "Deux chansons perdues d´Etchahun-Barkoche" (1961), "Le rythme poétique (4+7)-(4+6) dans la chanson «Intchauspeko alhaba dendaria»" (1962), "Etchahun et Chamisso" (1963) eta "Contribution a l´étude de la littérature basque: Martin Larralde-Bordachuri, le poète-galérien" (1963) azterlanak. Gainera, 1967. urtean idatzi zuen "Etchahun eta Otxalde" idazlana.
Ahozko literaturari egin zion ekarpenik gorena, ordea, 1969an idatzitako Etxahuni buruzko doktoretza tesia izan zen; bi partetan emana: "Le poète Souletin Pierre Topet-Etchahun" (1969) eta "L´Oeuvre Poètique de Pierre Topet-Etchahun" (1970).
Hil 1925-09-02
1860ko azaroaren 23an jaio zen Ezpeletan. Espartin fabrikako langile, bertan ezagutu zuen Aña Etxegarai Lekornekoa, hainbatetan bere kantukide izango zena. Ezkondu ondoren espartingile lana utzi eta laborantzan jardun zuen. Kanbon bizitu zen "Hegontoinia" baserrian. 1925eko irailaren 2an hil zen Donapaleun.
Bere izena modu ezberdinetan jasota dago. Beñat Souleren lanean (2011), Mariana Hargain Etxepare bezala jasota dago; eta Carmen Larrañagak aipatzen duen Marie Abbadia Arrasten lanean (1909), Marie Argain Urqu(i)doya bezala agertzen da; eta 1894eko Lore Jokoetako 4. saridun bezala, "Réveil basque" egunkarian Marie Argain izenarekin jaso zen.
Bat-bateko sariketetan bi aldiz izan zen irabazle: 1888an Kanboko Lore Jokoetan (Ibarrartekin batera) eta 1895ean Ezpeletako Euskal Bestetan. Sariduna ere izan zen 1894an Hazparnen, 4. postua, 1896an Kanbon, 3. postua; eta 1907an berriro ere Kanbon, 3. postua lortu baitzituen.
Bera baino gazteagoa zen Aña Etxegarairekin batera sarritan kantatu zuen. Arrakasta handia izan zuten bi emakumeek eta leku askotatik kanturako deitu zieten (Soule, 2011).
Marie Abbadiak 1890ean elkarrizketatu zituen Marie Hargain eta Aña Etxegarai, eta bien arteko bat-bateko jardunaren berri eman zuen bere lanean. Elkarrizketa horretan Mariek bere bertsotarako gaitasuna 20 urte ingururekin garatu zuela azaltzen du; eta plazan jendaurrean bertsotan egiteko nola jazten ziren galdetuta, apaiza aipatzen dute bi bertsolariek. Apaiza bertso entzuleen artean egoten zen ikusten eta entzuten, eta emakume bertsolariak argi ibiltzen ziren baita janzkerarekin ere, emakume desegokiak bezala markatuak ez izateko.
Bertso-jartzaile ere aritu zen. Jaso den bere bertso-sorta: "Ehun eta zonbait urthe"
Irudia: Txakur Gorria
Iturria:
- Soule, Beñat. "Neurtizlari, Bertsulari, Iparraldez". Bilbo: Erroteta; Euskaltzaleen Biltzarra, 2011.
- Larrañaga, Carmen. Bersolaris destacadas. IN. "Euskonews & Media", 56 zkia., 1999-11-26. http://www.euskonews.eus/0056zbk/gaia5603es.html ]
- Abbadie d'Arrast, Charles d', Madame. "Causerie sur le pays basque : la femme et l’enfant". Paris: Roudeval, 1909. https://gallica.bnf.fr/ark:/12148/bpt6k8630871q/f75 ]
- "Bi emazte bertsolari, Marie d’Abbadie d’Arrast, 1896". Baiona: Bilketa, 2018. http://www.bilketa.eus/eu/bildumak/testu-hautatuak/1617-bi-emazte-bertsolari-marie-d-abbadie-d-arrast-1896