Aldizkako Ekitaldiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Oinarrizko informazioa

Ekitaldi mota
Txapelketa
Lekua
Bizkaia
Hedadura-mota
Herrialde mailakoa

Deskribapena

Historia
Bizkaiko Bertsozale Elkartea 1993an sortu bazan ere (Euskal Herrikoa 1987an), Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren historia 1958an hasi zan. Zelan edo halan Bizkaiko txapelketa ofiziala, izan be, Gerra aurretik sariketa bi antolatu ziran Bizkaian; 1929an Mungian eta 1930ean Getxon.
1958an hasi eta 1966ra bitartean Bizkaiko zazpi txapelketa antolatu ziran Euskaltzaindiaren eskutik. Ostean etorri zan etena ez zan ez txikia izan. Izan ere, 21 urte pasatu behar izan ziran hurrengo Bizkaiko Txapelketa egiteko.
Bizkaiko txapelketa? Ez, Araba-Bizkaikoa izan zan 1987koa. Arrazoiak? Orduko errealitatea. Errealitatea, baina, asko aldatu da azkenengo urteetan eta 2000.urtean arabarrek euren bidea egitea erabagi eben. 34 urteren ostean, beraz, barriro ere Bizkaiko Txapelketa egin zan. Egitura ere bere sustraietara bueltatu da, eta Eskualdeetako Txapelketak berreskuratu dira.
Euskaltzaindiak antolatutako txapelketak
1958ko abuztuaren 24an jokatu zan lehenengo Bizkaiko bertsolari txapelketa, Euskaltzaindiaren eskutik. Bilboko jaietan egin zan, Arenalean. "Han ziran Bizkai aldeko plaza-gizonik onenak, eta zazpi milatik gora batu giñean euroi entzutearren" kontetan deusku Aita Santi Onaindiak. Balendin Enbeita muxikarra izan zan txapelduna eta Juan Ormaetxea larrauriarra bigarrena. Han ziran baita be Joxe Alberdi iurretarra, Asensi Bidaurrazaga getxoztarra, Eusebio Zubiaga barrikoztarra, Kastresana loiuarra, eta Polentzi Zarraga berangoztarra.
Altabozak kendu
1959an baina, eskualdeko txapelketak be jokatu ziran. Eskualde bakotxeko txapeldunak Bizkaiko finalera pasau ziran zuzenean, eta Balendin Enbeita, aurreko urteko txapelduna, eskualdeko txapelketatik libre geratu zan. Durangaldeko txapelduna Jose Alberdi mañariarra izan zan, Ipar Uribekoa Juan Ormaetxea larrauriarra, Busturialdekoa Deunoro Sardui muxikarra, Lea Artibaikoa Jon Azpillaga eta Arratiakoa Basilio Pujana.
Finala Arenalean egitekoa zan, Bilboko jaien barruan, abuztuaren 30ean, baina orduko alkateak altabozak kentzeko agindua emon eban, eta hurrengo domekara atzeratu zan finala. Holantxe gogoratzen dau Jose Alberdik gertatutakoa:
"Bigarren txapelketan eskualdeetakoa egin genduen. Geratu ginen Azpillaga, Basilio Pujana, Deunoro Sardui, Ormaetxe eta neu. Sei izango ginen, ez naz akordetan. Bueno, ba, Arenalien egin behar zala ta. Ipinita egoan eguna eta joan ginen. Jendea! Ikusgarria zan. Jendeak zeozer gura eban eta. Eta altabozak kendu euskuezan. Eta Arenalean altaboz barik ezin zeikien bertsotan egin. Armau zan itzalezko zipi-zapie. Batzuk gure eben altaboz barik egin. Eta Alfonso Irigoienek esan eban: "Ez, ez. Hau hementxe egingo da datorren domekan altabozakaz". Eta halantxik izan zan. Hurrengo domekan egin zan txapelketie. Arenalien bertan".
Azkenean, Balendin Enbeita izan zan barriro be txapelduna, eta Jon Azpillaga bigarrena.
1960, 1961, 1962, 1964 eta 1966an be antolatu ebezan Eskualdeetako zein Bizkaiko txapelketak. 1963an ez zan txapelketarik izan, baina horren partez saio batzuk antolatu ebazan Euskaltzaindiak.
Bizkaiko Bertsozale Elkarteak antolatutako txapelketak
1987an Araba Eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketa antolatu eban Bertsozale Elkarteak (Bertsolari Ikasleen Elkartea zan garai haretan). Zergaitik Araba eta Bizkaikoa? Halantxe azaltzen eben antolatzaileek: "gaur egun bertsolaritzaren esparru geografikoaren barruan, Euskal Herria lau zatitan banatzen delako, Gipuzkoa, Iparraldea eta Nafarroarekin batera Araba-Bizkaia izanik gure eskualdea. Beraz, Bizkaiko Txapelketa hutsak ez zukeen zentzu handirik izango". Halan egin zan bada txapelketea. 31 bertsolarik parte hartu eben, eta hiru fasetan egin zan: kanporaketa-saioak, finalaurrekoa eta finala.
Finala Bilboko Arriagan egin zan abenduaren 20an. Taula gainean zortzi bertsolari: Aritz Lopategi, Xabier Amuriza, Ireneo Ajuria, Jon Enbeita, Jon Lopategi, Jose Luis Mugerza "Elgetzu", Juan Mari Areitio "Gaztelu" eta Jon Azpillaga. Jon Lopategi izan zan orduan be txapelduna, eta bigarren Xabier Amurizak egin eban. Txapelketa hau baliagarri izan zan 1989ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketara sailkatzeko.
Hurrengo txapelketea 1990koa izan zan, eta ordutik aurrera urte birik behin antolatu da Araba eta Bizkaiko Txapelketa.
Eskolartekoetatik nagusien finalera
1990an finalera Aritz Lopategi, Jon Enbeita, Gregorio Larrañaga "Mañukorta", Igor Elortza, Ireneo Ajuria, Abel Enbeita, Xabier Arriaga "Txiplas" eta Unai Iturriaga heldu ziran. Aitatzekoa da Igor Elortza eta Unai Iturriaga bata 15 eta bestea 16 urtegaz heldu zirala finalera. Eskolarteko txapeldunak ziran bi honeek eta, 18 urte eginda euki ez arren, aukera emon jaken Bizkaiko Txapelketan parte hartzeko. Txapelduna Jon Enbeita izan zan eta bigarren Unai Iturriaga gaztetxoak egin eban.
Emakumea finalean
1994an 28 bertsolarik parte hartu eben eta Txapelketa hasi orduko girotze saio batzuk egin ziran. Hiru kanporaketa eta finalaurreko bi oraingoan be. Finalisten artean be aldaketa askorik ez. Juan Mari Areitioren lekua Iratxe Ibarrak hartu ebala bakarrik. Bizkaiko Txapelketako lehenengo emakume finalista izan zan, beraz, 20 urteko markinarra. Txapelduna Unai Iturriaga izan zan.
Egitura aldaketa
1996ko txapelketan jauzi nabarmena egin zan. 41 bertsolarik parte hartu eben eta parte hartzaile-kopuruaren aldaketa honek egiturearen aldaketa ekarri eban. Aurreko urteko finalistak zuzenean finalaurrekoetan sartzen zirala kontuan hartuta, 33 bertsolarigaz hasi behar zan txapelketea. Beraz, hiru kanporaketa saio barik bost egin ziran. Finalaurrekoak, ostera, bi, aurreko urtean legez.
1998an be partehartzaile kopuruak gora egin eban. 53 bertsolarik emon eben izena eta zeozer egin behar zala eta 12 sailkapen saio egin ziran. 6 uda aurretik eta 6 uda ostean. Txapelketa beraren egiturea be aldatu zan apur bat. Aurreko urtean legez bost kanporaketa egin ziran arren, finalaurrekoak hiru izan ziran eta ez bi.
Bizkaia Euskaldunara, Arabarik barik (www.eskualdeka.biz)
2000an arabarrek txapelketea euren kontura egitea erabaki eben eta Bizkaiko Txapelketa egin zan barriro, 34 urteren ostean. Eskualdeko Txapelketak be berreskuratu ziran urte horretan. Bost eskualde izan beharrean baina, sei izan ziran: Arratia, Bilboaldea, Busturialdea, Durangaldea, Lea-Artibai eta Ipar Uribe.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala Bilboko Euskalduna Jauregian jokatu zan, lehenengoz. Antolatzaile Taldeak apustu moduan hartu baeban be, sekulako arrakastea izan eban. Goraino bete zan Euskalduna. Taula gainean zortzi bertsolari: Igor Elortza, Unai Iturriaga, Oihane Enbeita, Aritz Lopategi, Arkaitz Estiballes, Fredi Paia, Iratxe Ibarra eta Juanjo Respaldiza. Arkaitz Estiballes eta Fredi Paia finalean egoteak argi erakutsi eban bertsolaritza ez dala "eskualde euskaldunetako" ondarea bakarrik. Txapelduna osterabe Igor Elortza izan zan, eta bigarrena Aritz Lopategi. 2001eko Euskal Herriko Txapelketa nagusirako baliogarria izan zan.
Enkarterrian be txapelketa
2004ean Arratia, Busturialdea, Ipar Uribe, Durangaldea eta Lea-Artibai eskualdeetan bederatzigarren txapelketak jokatu ziran, Bilboaldean, hirugarrena eta, Enkarterrian, lehenengoa. Holan, historian lehenengo bider, Bizkaiko eskualde danatan jokatu ziran txapelketak.
Informazioa gehitu

Guri buruz
Non gauden
Zerbitzuak
Informazio eskaera
Bilaketak nola egin