Aldizkako Ekitaldiak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

Bertsolari Txapelketa Nagusia

Oinarrizko informazioa

Ekitaldi mota
Txapelketa

Deskribapena

Historia
Bertsogintzak badu berez jokotik jolasetik adina, eta badira, horregatik, aspaldiko bertso-joko sonatuak. Hala ere, 1935. urteko Bertsolari Eguna deituriko lehiaketa hura juzgatu izan da txapelketa ofizialen lehen kate-maila. Euskaltzaleak eta Eusko Gaztediak elkarteak izan ziren antolatzaileak eta, hainbestean, Bertsolari Txapelketa Nagusien aitzindariak. Gerra aurreko garaiak ziren; Euskaltzaindiak hartu zuen lekukoa gero, gerra ostean, 1960an, eta berak antolatu zituen 1982ra bitarteko sei txapelketak, Bertsozale Elkarteak txanda hartu zion arte. Basarrik irabazi zuen lehen hartatik abiatuta, hamalau izan dira jokatu direnak:

**1935 – Euskaltzaleak eta Eusko Gaztedi Elkarteak antolaturik, Donostiako Poxpolin antzokian jokatu zen (1935-01-20). Antolatzaileek izendatutako mugaz bi aldeetako 20 bertsolari lehiatu ziren egun bakar batean. Basarrik jantzi zuen txapela.

**1936 - Euskaltzaleak eta Eusko Gaztedi Elkarteak antolatu zuten, baina lehenengoan ez bezala hiru sailkapen saio antolatu ziren herrialdeetan. 30 bertsolarik hartu zuten parte eta 10ek jokatu zuten finala Donostiako Victoria Eugenia antzokian (1936-01-19). Txirritak eraman zuen txapela

**1960 - Gerrak eta frankismoak eraginiko etenaldi luzearen ondoren Euskaltzaindiak hartu zien txanda aurreko antolatzaileei. Herrialdeetako txapelketak jokatu ziren lehenik; 56 bertsolarik hartu zuten parte. Txapelketa Nagusia Donostiako Victoria Eugenia antzokian jokatu zen (1960-12-18) hamar bertsolariren artean. Basarrik bere bigarren txapela janztea lortu zuen ia 26 urte beranduago.

**1962 - Euskaltzaindiak antolatu zuen. Aurrekoan bezala, herrialdeetako txapelketak jokatu ziren aurrez. 84 bertsolari aritu ziren horietan. Egun bateko ekitaldian jokatu zen Txapelketa Nagusia Donostiako Astoria antzokian (1962-12-30); hamar bertsolarik jardun zuten eta Uztapidek etxeratu zuen txapela.

**1965 - Euskaltzaindiak antolatu zuen. 113 bertsolari aritu ziren aurrez antolatutako herrialdeetako txapelketetan. Donostiako Anoeta pilotalekuan jokatu zen Txapelketa Nagusia (1965-01-01), eta aurrekoetan bezala 10 bertsolarik jokatu zuten txapela. Irabazlea, bigarrenez, Uztapide izan zen.

**1967 -Euskaltzaindiak antolaturiko laugarrena. 83 bertsolarik parte hartu zuten herrialdeetako txapelketetan. Hauetan hautatutako zortziak eta, aldi honetako besteetan bezala, aurreko txapeldunak eta txapeldun-ordeak jokatu zuten Txapelketa Nagusia Donostiako Anoeta pilotalekuan (1967-06-11). Uztapidek jantzi zuen txapela hirugarren aldiz.

**1980 - Ia hamahiru urteren buruan, bere aroko bosgarrenaren antolaketari ekin zion Euskaltzaindiak. Antolakuntza molde berriaz, antolatzaileek hautatutako 16 bertsolariren artean jokatu zen. Bi kanporaketa jokatu ondoren, Donostiako Balda pilotalekuan burutu zen finala (1980-01-06), eta Xabier Amurizak bere lehen txapela jantzi zuen.

**1982 – Euskaltzaindiak antolaturiko seigarrena eta azkena izan zen hau. Parte-hartze zabala izan zuen, 67 bertsolari, eta sailkapen saio ugari jokatu ondoren Donostiako Balda pilotalekuan jokatu zen finala (1982-12-20). Bigarren aldiz Xabier Amurizak jantzi zuen txapela.

**1986 - Euskal Herriko Bertsolari Elkarteak (EHBE) antolatutako lehena. Txapelketaren eraketari buruzko desadostasun batzuk tarteko, bertsolariek bertsozale hainbaten laguntzaz bere gain hartu zuten Txapelketa Nagusia antolatzeko ardura. Herrialdeetako txapelketa eta kanporaketetan 91 bertsolari aritu ziren. Txapelketa Nagusian 40 lehiatu ziren eta Donostiako Anoeta belodromoan jokatu zen finala (1986-03-23). Sebastian Lizasok jantzi zuen txapela Manuel Lekuonaren eskutik.

**1989 – EHBEren aroko bigarrena. Aurreko urteko eraketa berarekin burutu zen txapelketa hau ere. 109 partaide izan zituen edizio honek eta hauetako 40k jokatu zuten Txapelketa Nagusia. Donostiako Anoeta belodromoan jokatu zen finala, beti bezala, goiz eta arratsaldeko saioan (1989-12-17). Jon Lopategik jantzi zuen txapela Basarriren eskutik.

**1993 – EHBEk antolatutako hirugarrena. 101 bertsolari lehiatu ziren herrialdeetan. Hauetako 40rekin jokatu zen Txapelketa Nagusia. Bertsolari hautatu guztiak maila beretik hasi ziren eta Donostiako Anoeta belodromoan eman zioten txapelketari amaiera (1993-12-19). Belodromoa mukuru, Andoni Egañak bere lehen txapela janztea lortu zuen. Jon Lopategik jarri zion txapela.

**1997 – EHBEk (Euskal Herriko Bertsozale Elkartea ordurako) antolatu zuen. Bertsolaritzaren “boom”a apur bat apaltzen hasia zen ordurako, eta bertsozaleen neurriko txapelketa eratzeko ahalegina egin zen. Aurretiaz jokatutako herrialdeetako txapelketak kontuan harturik 114 izan ziren lehiatutako bertsolariak, eta hauetako 42k jokatu zuten Txapelketa Nagusia; saio bakarrera egin ziren sailkapenak. Donostiako Belodromoan burutu zen finala goiz-arratsaldeko saioan (1997-12-14) eta Xabier Amurizak jantzi zion bere bigarren txapela Andoni Egañari.

**2001 – EHBEk antolatu zuen bosgarrena. 173 bertsolarik hartu zuten parte herrialdeetako txapelketa eta kanporaketetan. Horietatik, 37 bertsolari lehiatu ziren, denera, Txapelketa Nagusian. Finalaurrekoak bi saioetara jokatu ziren. Donostiako Belodromoan, buruz buruko saio gogoangarri baten ostean, berriz ere, Andoni Egaña geratu zen, oraingoan, Maialen Lujanbioren aurretik. Juan Mari Lekuonaren eskutik jantzi zuen txapela.

**2005 – EHBEk antolatu zuen seigarrena. Lehenengoz Bilbon izan zuen amaiera, ordura arteko edizio guztietako finaleko ekitaldia Donostiak hartu izan bazuen ere. Erdal guneko Euskal hiztunak erakartzeko eta Erdal komunitateari Bertsolaritzaren existentzia irudikatzeko ahalegin berezia egin zen. 13000 lagunek jarraitu zuten zuzenean BEC-en finala eta Andoni Egañak laugarren txapela jantzi zuen Imanol Lazkanoren eskutik.

**2009 - XV. edizioa emozioen txapelketa izan zen, EHBEk antolatu zuen zazpigarrena. 44 bertsolarik, 10 gai-jartzailek eta 10 epailek hartu zuten parte eta hamairu saio jokatu ziren urriaren hirutik abenduaren hamairura bitartean. 14.500 lagun bildu ziren finalean, Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre-n. Maialen Lujanbio izan zen txapeldun, Amets Arzallusekin buruz burukoa jokatu eta gero. Joxe Agirrek jantzi zion txapela. Andoni Egañak aurreko lau ediziotako txapeldunak oholtzan esan zion agur txapelketari.

**2013 - 13500 lagunek jarraitu zuten zuzenean BEC-en finala eta Amets Arzallusek jantzi zuen txapela Joanito Dorronsororen eskutik, Maialen Lujanbiorekin buruz burukoa jokatu ondoren.

**2017 - EHBEk antolatutako bederatzigarren edizioak ere BECen izan zuen amaiera; Baigorrin hasi eta Barakaldon bukatutako edizioa izan zen. Finalean, Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze iritsi ziren buruz burukora eta Maialen Lujanbiok jantzi zuen txapela, Sebastian Lizaso bertsolariaren eskutik.

Informazioa gehitu

Guri buruz
Non gauden
Zerbitzuak
Informazio eskaera
Bilaketak nola egin