Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2011-04-29 Zumaia Jaialdia [Bertsoa] / Sustrai Colina, Maialen Lujanbio

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2011-04-29 Zumaia Jaialdia
Gai-jartzailea
Maia, Jon
Bertsolariak / Egileak
Colina, Sustrai
Lujanbio, Maialen
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Zu, Maialen, Eusko Alkartasuneko militante bat zara. Zu, Sustrai, Ezker Abertzalekoa. Aspaldian asko egoten zarete elkarrekin, hainbeste Bildu, hainbeste Sortu, hainbeste bilera, hainbeste ordu; azkenean, ematen du zuen artean koalizio bat baino zerbait gehiago sortzen ari dela.

Deskribapena

Doinua
Nere gogoa hegan dijoa
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2011-04-29 Zumaia Jaialdia [Bertsoa] / Sustrai Colina, Maialen Lujanbio

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


M. Lujanbio:
Aspaldidanik batu ginen gu
gure ideien defentsan
koaligatu egin garela
hala esaten dute prentsan
batu ta bildu, sortu ta goazen
ekin, jarrai eta etzan
sinonimoak badauzkat baino
garbigo ezin det esan.

S. Colina:
Zu EAkoa zinela eta
nik esan nizun “Ea ba!”
esan zenidan “Gure helburua
polo soberanista da”
ta pixkanaka iritsi gara
polbo soberanistara
herri bat garen ez dakit baina
behintzat bikote bagara.

M. Lujanbio:
Ba bikote bat baldin bagera
ba zeozer bada behintzat!
Aldatu dira zure itxurak
aurpegiak, kartel ertzak
eta nahi nuke beste aldaketa
bat ein dezazun guretzat:
oraingo epela prentsarako ta
lehengo sua neretzat.

S. Colina:
Baina lehenengo jakin beharko dut
hortaz Rufik zer dioen
baietza eman ta jokatuko
dut gaur inoizko sutsuen.
Elkartu eta umeak izan
besterik ez du nahi amen!
Baina ez dakit gure umeak
legalak izango diren.

M. Lujanbio:
Irlandan gisan ein genezake
hori badakizu jakin
umeak izan eta aldeko
boto pila umeekin.
Oain egoera epel honetan
duda bat badut nerekin:
adarrik ez al diazu jarriko
zure maitale zaharrakin?

S. Colina:
Ene Maialen ez al dakizu
hau dela maitasun aro?
Eta zurekin arituko naiz
goxo, majo ta pikaro.
Zure ondoan nahiko nituzke
hurrengo urteak igaro
eta fallatzen baldin badezu
alternatiba hor dago.

M. Lujanbio:
Ia gaur arte etsaia nintzen
ta zuk amorruz beteta
so eiten zendun ta derrepente
ze-nolako aldaketa!
Oain laguna naiz lagun onena
goresmen eta fereka.
Politikan ta maitasunean
zeinen zaila den oreka!

S. Colina:
Lehenago etsai omen zintudan
etsai edo arerio
orain elkartu omen garenez
koiuntura hau medio
nik ulertzen dut jada nerekin
ez zu ez zarela fio
konturatzean abstentzioak
jada ez dula balio.

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra