Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
2013-12-15 Barakaldo Txapelketa 11:00 [Bertsoa] / Igor Elortza, Aitor Sarriegi
Bertsoa entzun |
2013-12-15 Barakaldo Txapelketa 11:00 [Bertsoa] / Igor Elortza, Aitor Sarriegi
Neurria:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Argitalpenaren izenburua:
Bertsolari Txapelketa Nagusia 2013 [Liburua]
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
I. Elortza:
Bizi berri bat nahi zuela ta
gero zenbat desengaino!
Bi hilabete jadanik Odei
egin zitzaigula laino
ta barrenetik amorratzen nau
neuk ere ez dakit noraino
deus ein ezinak telefonoai
begira egotea baino.
A. Sarriegi:
Bizitza honek zer ote digun
edonoiz erakutsiko?
Zail da jakiten gure laguna
baitzen bizitza guziko.
Nahiz eta uste nik ez nukeela
ahanzturan galtzen utziko
aspaldi hontan etsita nago
ez degula ikusiko.
I. Elortza:
Neronek ere barrua daukat
zalantzatia, goibela
dagoeneko ikusia dut
nik ametsetan eskela.
Ezin ikusi ha ikusi arte
sinistuko dut honela
lehenago legez irribarretsu
atetik sar daitekeela.
A. Sarriegi:
Nik ere hala daukat gordea
nere oroitzapenean
ta ametsetan ere sarritan
ikusi dut gehienean
baina etsita negar malkoak
sortzen zaizkit azkenean
esnatu eta falta zaigula
konturatzen naizenean.
I. Elortza:
Goiz bat eta bi, hiru eta lau
hemen zai gaude luzaro
tarteka argi izpi batekin
gero etsita zeharo.
Gogoko zuen Play Stationa
hor ikusi dut akabo!
Nik jokatzeko gogorik ez dut
bera hemen ez badago.
A. Sarriegi:
Bi hilabete pasatu dira
ta noski ez gaude lasai
susmatzen dugu zer gertatu den
baina ez dugu sinetsi nahi.
Gerora ere segiko degu
sofa hontan jarrita ai
Inoiz heltzerik nahi ez genukeen
berria noiz helduko zai.
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra