Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
2013-12-15 Barakaldo Txapelketa 16:15 [Bertsoa] / Amets Arzallus, Maialen Lujanbio
Bertsoa entzun |
2013-12-15 Barakaldo Txapelketa 16:15 [Bertsoa] / Amets Arzallus, Maialen Lujanbio
Neurria:
Zortzikoa, berdinaren moldekoa, 6 puntuz (hg) / Sei puntukoa, berdinaren moldekoa (ip)
Argitalpenaren izenburua:
Bertsolari Txapelketa Nagusia 2013 [Liburua]
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
A. Arzallus:
Gaitz latzenen atzaparra
bizitza zaildu samarra
baina kanpora ateratzean
hau barne indarra!
Nahiz eta egin nigarra
errekan behera ibarra
bihotzeraino ailegaitu zait
euren irribarra. (bis)
M. Lujanbio:
Bizitzaren mendekua
jolasteko debekua
zu indartuta, ni berriz nago
gogogabetua.
Zenbat kasu aletua
barrua daukat lehertua
eskerrak sudur gorria nuen
ezkutalekua! (bis)
A. Arzallus:
Zure sudurtxo atzea
ezkutuko ohantzea
nik sufritu dut baina ai zer den
hala gozatzea!
Ederra da jostatzea
eta poza ospatzea
baina askozaz ederrago da
minak goxatzea. (bis)
M. Lujanbio:
Azal mamiz eskastuta
buru gainak babestuta
soilduta eta hainbeste aje
ta hainbeste gastu-ta.
Ni ia nengon ahaztuta
beraiekin jolastuta
parrea ere parrego dela
minekin nahastuta. (bis)
A. Arzallus:
Hala izaten da sarri
gozamena edergarri
baina gaitz horrek zita edonori
lezaioke jarri.
Ni inoiz banago larri
ta esperantzaz elbarri
sudur gorria jantzi zazu ta
bisitan etorri. (bis)
M. Lujanbio:
Etorkizuneko aipu
horiekin ez jarraitu
gaxo ez zaitut ikusi nahi ta
horrekin amaitu.
Guk barrun indarrak ahitu
atera eta lasaitu
baina orain zu ta biok zeinek
alaituko gaitu? (bis)
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra