Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2006-01-28 Donostia Jaialdia [Bertsoa] / Joxe Agirre, Imanol Lazkano

Bertsoa entzun  

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Aldizkako Ekitaldia (Saioarena)
Bertso Eguna (38. 2006. Donostia)
Saioa
2006-01-28 Donostia Jaialdia
Gai-emailea
Esoain, Ibai
Sukia, Xabier
Tolosa, Gorka
Bertsolariak / Egileak
Agirre, Joxe
Lazkano, Imanol
Lana
Binaka gai-librean
Jarritako gaia
Gai librean
Gaiari oharrak
Librean egin zuten, taberna bateko barran, eserleku banatan eserita; eta garai bateko
taberna kontuetatik abiatu ziren.

Deskribapena

Doinua
Hasiko al naiz hasiko al naiz
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2006-01-28 Donostia Jaialdia [Bertsoa] / Joxe Agirre, Imanol Lazkano

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


I. Lazkano: Kaixo lagun zahar aspaldikoa
zer moduz Joxe Oranda?
Lehenago entzule ginaden baino
gure ordua orain da;
nahiko eroso sentitzen gera
egia garbi esanda
lehenago ere bertso mundura
tabernan sartu ginan da.

J. Agirre: Bai gizona bai lehenen saioa
guk tabernan egin gendun;
batak bestea zapaldu nahian
ez ginan hizketan jardun;
iluntze hartan egin ginan gu
bizi guztirako lagun
eta zutikan gabiltzan arte
holaxe iraun dezagun!

I. Lazkano: Lekua inork jakin nahi badu:
Azpeitiko Etxezuri;
esan dezunez mintzatu ginan
alkarrentzat nahiko zuri
baina geroztik sartua degu
elkarri hainbeste ziri;
hainbat urtean kantatu degu
makina bat alukeri!

J. Agirre: Gazte jendean kontua sarri
izaten da nabarmena;
alukeriak esan ta entzun
hor izan degu kemena.
Izan gerana aitortutzeak
nei ez dit ematen pena
eta eleiza baino gehiago
maite genuen taberna.

I. Lazkano: Nahiz gurasoak bultzatzen zuten
elizan debozioan
gu gustorago izaten ginan
tabernakin sozioan;
ofizioa ikasi gendun
tabernako sesioan;
oraindik ere igartzen zaigu
degun edukazioan.

J. Agirre: Nahiz berotasun haundirik ez zun
gure fedearen suak
garai haietan modan genitun
eleiza ta errezuak;
apaizak oso gogorrak ziran
ta etxean gurasuak;
eleiza joaten ez baginaden
sortzen ziran arazuak.

I. Lazkano: Nahiz konfesaio* barruan sartu
edo pulpitora irten
jesukristonak esaten beste
gauzaetan ez zekiten;
guziok ginan pekatariak
ta guziok astakirten;
hala ere eskerrak kaso haundirik
ez geniela egiten.

J. Agirre: Gazte denbora izan genduen
nahiko triste pasatua
nahiz ta sasoia eduki arren
nahiko ondo osatua;
orduan gendun rejimena zan
benetan abusatua
zahartu ta gero pena bat daukat:
gutxi aprobetxatua.

I. Lazkano: Sasoiko geunden ta beti ginan
jolastutzeko desiran;
ahal dan sarrina juntatu ere
mostradore baten jiran;
trago batzuek ondo eginda
gero bertsoen segiran...
Garai bateko bertso eskolak
taberna zahar haiek ziran.

J. Agirre: Egia da bai tabernan beti
pozez eta atseginez
laineza pixkat hartutzen gendun
tragoxka batzuk eginez;
ez det esango aldi askotan
egiten gendunez gainez
baina batzutan ibiltzen ginan
zuzen ibili ezinez.

I. Lazkano: Ez det esango eskola hartaz
oso harro ez gaudenik
baina halako pena bat edo
kezka bat ere badet nik:
emakumeak nola ez zuten
tabernarako baimenik
ez zan bertsotan ordun izaten
Amaiaik ta Maialenik.

J. Agirre: Garai haietan emakumeak
ez ote zuten kemenik?
Gaur egunean ez zaigu falta
hortik bertsolari onik;
gaurkoan ere hemen ez dago
Amaia ta Maialenik
baina ez behintzat inork pentsatu
gu haien aurka gaudenik.

I. Lazkano: Inoiz entzuten zutenerako
gure bertso zalaparta
berehalaxe gerturatzen zan
ganberro talde galanta;
gaur bezelaxe guziak arrak
ta emakumeak falta...
Ia mutilzahar gelditu ginan
bertsolaritza zala-ta!

J. Agirre: Eta mutilzahar geratzeak'e
guri ematen zigun lotsa;
aurten'e negu gogor hasi da
elurra eta izotza;
osasunatik juxtu zinala
zabaldua baitzan hotsa
aizu Lazkano lagun zahar maite
zer moduz dezu bihotza?

I. Lazkano: Nere ustetan ederki nago
bihotza dadukat ondo;
odola txukun bonbeatzen du
ta maitasunean sendo;
eufori hontan emazteari
nola ez diot esango
aurrerantzean andre bakarra
ez al dan gutxi izango.

J. Agirre: Hori entzunda jarri liteke
andrea minberatua;
nere ustetan bide txukuna
ez dezu aukeratua;
karrozeria ondo daukazu
motorra reparatua...
Puxka bateko aitona zaharra
zu bazera geratua.

I. Lazkano: Nere bihotzez sentitutzean
une hontan indartua
halako sendi haundi bateaz
nauzue gogoratua;
Euskadi osoko bertsozaleak
fameli bedeinkatua;
beste bost bihotz banitu ere
badago nor maitatua!

J. Agirre: Ikusitzen da oraingoz behintzat
nahiko ondo zuazela
ta pasa diran estuasunak
behingoz ahaztu ditezela.
Nor maitatua badaukagu bai
zuk esan dezun bezela;
nola ikusten dan geu ere oraindik
estimatzen gaituztela.

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra