Bertsoak - Fitxa ikusi   Atal honi buruz gehiago jakiteko

2007-09-30 Urnieta Lagun-artekoa [Bertsoa] / Uxue Alberdi, Alaia Martin

Informazio orokorra

Kategoria
Bat-batekoa
Saioa
2007-09-30 Urnieta Lagun-artekoa
Gai-emailea
Agirre, Amaia
Bertsolariak / Egileak
Alberdi, Uxue
Martin, Alaia
Lana
Binaka gaia-emanda
Jarritako gaia
Maider Lopez artistak Budapesteko zubi bat desagerrarazi du. Lau mila eta berrehun lagun gonbidatu zituen Danubio ibaiaren koloreko aterki bana hartu eta zubi gainean jartzera. Helikoptero batetik atera zuen argazkia, eta han ez zen zubirik ikusten. Aterkipean ezkutatuta zegoen. Zuek zer desagerraraziko zenukete? Edo zer ezkutatuko zenukete aterkipean?

Deskribapena

Doinua
Goizian goizik jeiki ninduzun I
Neurria / Estrofaren izena
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)

Kokapena

Kokapena
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
Bilduma / Funtsa / Proiektua
Bapatean Bilduma

2007-09-30 Urnieta Lagun-artekoa [Bertsoa] / Uxue Alberdi, Alaia Martin

Neurria:  Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip) 
Kokapena:  XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa 


U. Alberdi: Bertsolariok harro antzean
gabiltz batekoz besteko
baina guztia ona dugunik
ere ez duzue usteko;
mila motibo izaten dugu
sarri asko lotsatzeko
neure burua gordeko nuke
neronek ez ikusteko. (bis)

A. Martin: Zaren bezala azal zaitezke
ikus zaitzadan nerekin
baina munduan ez ikusiak
sarri ez ditut atsegin;
pobreen kontura maiz aberatsek
lortuz hainbeste etekin
mundua bera nahi dut estali
sombrilla haundi batekin. (bis)

U. Alberdi: Politikoek darabiltzate
hainbat aitzaki ta truko
gustuko ez den hori guztia
mantenduaz ezkutuko.
Hain zuzen ere horri egiten
diot barrenetik uko
ostrukarena egitearren
ez da ezer konponduko. (bis)

A. Martin: Arrazoi duzu hortan agian
ez ikustea maiz traba
bihur liteke, egin dezaten
dena nahi duten erara.
Soluzio bat okurritu zait
zuri esker beharbada:
kasu askotan irtenbidea
aterkia kentzea da. (bis)

U. Alberdi: Lotsatzen gaitun guzti-guztia
tapatzen dugu ederki
aterkiaren atzean gordez
burua emeki-emeki.
Nik nahiago dut dena ikusi
eta dena jakin beti
aterki denak itxi ditzagun
eta buruak ireki.

A. Martin: Baina itxita eta karratu
daude bururik gehienak
eta zigorra jaso behar du
imajinatzen duenak.
Zubiak dira elkartasuna
ekiditeko problemak
amildegiak dira agian
estali behar direnak.

U. Alberdi: Mundu honetan ugariegi
ditugu astakirtenak
ta ezkutuan mantentzen dira
mingarri diren problemak.
Niri ez zaizkit bat'e gustatzen
pertsona hipokrita denak
euritakoak zabaltzen ditu
busti nahi ez duenak.

A. Martin: Baina batzutan hipokresiak
besteen begipe bustia
eragiten du ta lehortzen du
erein zitekeen guztia;
nahiz ta agian buruan dudan
garai nahiko urrutia
eta aterki guztiak itxiz
irteten den eguzkia.

Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra