Bertsos - View details To know more about this section
2007-09-30 Urnieta Lagun-artekoa [Bertsoa] / Uxue Alberdi, Alaia Martin
2007-09-30 Urnieta Lagun-artekoa [Bertsoa] / Uxue Alberdi, Alaia Martin
Stanza name:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Localization:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
U. Alberdi: Bertsolariok harro antzean
gabiltz batekoz besteko
baina guztia ona dugunik
ere ez duzue usteko;
mila motibo izaten dugu
sarri asko lotsatzeko
neure burua gordeko nuke
neronek ez ikusteko. (bis)
A. Martin: Zaren bezala azal zaitezke
ikus zaitzadan nerekin
baina munduan ez ikusiak
sarri ez ditut atsegin;
pobreen kontura maiz aberatsek
lortuz hainbeste etekin
mundua bera nahi dut estali
sombrilla haundi batekin. (bis)
U. Alberdi: Politikoek darabiltzate
hainbat aitzaki ta truko
gustuko ez den hori guztia
mantenduaz ezkutuko.
Hain zuzen ere horri egiten
diot barrenetik uko
ostrukarena egitearren
ez da ezer konponduko. (bis)
A. Martin: Arrazoi duzu hortan agian
ez ikustea maiz traba
bihur liteke, egin dezaten
dena nahi duten erara.
Soluzio bat okurritu zait
zuri esker beharbada:
kasu askotan irtenbidea
aterkia kentzea da. (bis)
U. Alberdi: Lotsatzen gaitun guzti-guztia
tapatzen dugu ederki
aterkiaren atzean gordez
burua emeki-emeki.
Nik nahiago dut dena ikusi
eta dena jakin beti
aterki denak itxi ditzagun
eta buruak ireki.
A. Martin: Baina itxita eta karratu
daude bururik gehienak
eta zigorra jaso behar du
imajinatzen duenak.
Zubiak dira elkartasuna
ekiditeko problemak
amildegiak dira agian
estali behar direnak.
U. Alberdi: Mundu honetan ugariegi
ditugu astakirtenak
ta ezkutuan mantentzen dira
mingarri diren problemak.
Niri ez zaizkit bat'e gustatzen
pertsona hipokrita denak
euritakoak zabaltzen ditu
busti nahi ez duenak.
A. Martin: Baina batzutan hipokresiak
besteen begipe bustia
eragiten du ta lehortzen du
erein zitekeen guztia;
nahiz ta agian buruan dudan
garai nahiko urrutia
eta aterki guztiak itxiz
irteten den eguzkia.