Bertsoak - Fitxa ikusi Atal honi buruz gehiago jakiteko
2008-10-26 Urepele Jaialdia [Bertsoa] / Uxue Alberdi, Andoni Egaña
Bertsoa entzun |
2008-10-26 Urepele Jaialdia [Bertsoa] / Uxue Alberdi, Andoni Egaña
Neurria:
Zortziko handia (hg) / Lau puntuko handia (ip)
Kokapena:
XDZ - Xenpelar Dokumentazio Zentroa
U. Alberdi: Bazuen nahiko zalantza honek
niri zerbait esateko.
Duda ta muda hor ibili da
beldur haundi bat tarteko.
Azkenerako esan dit eta
horrela askoz hobeto:
txikiegia da armairua
norbait bertan kabitzeko.
A. Egaña: Orain arteko egoera zen
erosoa ta zabala.
Familiari eta lagunei
esan behar nola hala.
Pentsa Uxue bertsolaritzan
ere mugarria dala:
historiako lehendabiziko
txapeldun homosexuala.
U. Alberdi: Egon agian egongo ziren
baina aitortu ez apika.
Etorkizuna aldatu behar
genuke baina zatika.
Erabakia erabaki da
nago ondo iritzita
mundua bihur liteke armairu
gezur batean bizita.
A. Egaña: Hain xuxen ere gaurko bidaian
zu zauzkat aldamenean
ta armairutik ateratzera
ausartu naiz azkenean.
Erabakian berri eman zuk
sektore gazteenean
Xebastiani neuk esango diot
atrebitzen naizenean!
U. Alberdi: Akabo beraz gezur guztiak
akabo autokontrola!
Askatu zazu zure burua
askatu zazu odola!
Eta nahiz eta zuk hala uste
bakarra ez zera inola
esan didate Xebaxtian ere
irtetekotan dagola.
A. Egaña: Jesus, Maria eta Jose ai
ia egin det aitaren!
Azkenerako sekretu denak
bistatu zaizkigu hemen.
Xebaxtian'e armairutikan
irteteko asmoz omen...
Orain badakit azken urteetan
zergatikan argaldu den.
U. Alberdi: Egaña zuk zeuk esan zenuen
"Patua beti da patu!".
Orain garaia iritsi da-ta
ez zazu disimulatu!
Hainbeste urte kotxe berean
badezue nahiko tratu
ez zazu esan orain artean
ez zaretela liatu!
A. Egaña: Bertsota joanda lotan geratu
ez degu egina usu
nik bertsotatik ez dut lapurtu
ez laztan eta ez muxu.
Homosexuala deklaratzen naiz
baina ez oraintxe aizu!
Aparkaleku txiki bat da hor
azken aukera daukazu.
Datu-base honetan eskainitako informazioari buruz jakiteko, kontsultatu lege oharra